Berriak

Joseba Permach: “Edozein ideologiatan bezalaxe, ekonomian ere diskurtsoak eta erretorika erabakigarriak suerta daitezke”

Joseba Permach Martinen "Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika" liburua argitaratu berri du UEUk, UPV-EHUrekin koedizioan. Ekonomian lizentziatua eta soziologian graduatua da Permach eta liburu hau gerora egindako Komunikazioa, Kultura, Gizartea eta Politikako master amaierako lanean oinarritutakoa da.

 

Non du abiapuntua lan honek?
Duela hamar urte, Lehman Brothers finantza erraldoia erori zen unean, ni kartzelan nengoen. Gaztetan ekonomia ikasia nuen, baina kartzelan sartu ahala soziologia ikasten hasi nintzen. Harritu ninduen lehen gauza hau izan zen: ekonomia ikasi nuenean, irakasleek ez zuten, oro har, haren izaera zientifikoa zalantzan jartzen. Areago, modelo matematikoetan oinarritutako ekonomia erakusten ziguten eta, ustez, uneoro betetzen ziren legeak ikasi beharra zegoen. Soziologian, aldiz, jarrera autokritikoagoa sumatu nuen hasieratik.

Bada, aipatu finantza erraldoia erori eta merkatu ekonomiaren gaitasuna auzitan jarri zenean, ondoko galdera sortu zitzaidan: aipatu ditudan ekonomiaren lege horiek non daude? Hemen inork ez du aurreikusi krisia eta, hala ere, inork ez du zalantzan jartzen ekonomiaren paradigma nagusia: liberalismo ekonomikoa edo ekonomia neoklasikoa.

Horren inguruan irakurtzen eta hausnartzen hasi nintzen. Kasualitatez, soziologiako nire irakasle baten, Emmanuel Lizcanoren, artikulu bat irakurri nuen ekonomialarien erretorikaren inguruan eta betetzen duen funtzio sozialaz. Bat nentorren haren hausnarketekin eta gradu amaierako lana harekin egitea erabaki nuen, baita berak onartu ere.

Soziologia amaitu ostean, komunikazioari buruzko master bat egin nuen eta Emmanuelekin egin nuen topo berriz ere. Jakina, master amaierako lana gai beraren inguruan egin nuen bere zuzendaritzapean. Eta, beraz, erdaraz egin behar izan nuen lan horretan oinarrituta dago orain zorionez euskaraz UEUk argitaratu duen Esku Ikusezinaren Itzal Luzea liburua.

Liberalismo ekonomikoa zutik mantentzeko erretorikak eta metaforek izan duten garrantzia azpimarratu nahi izan duzu liburuan. Adam Smith aita fundatzailea bera ere, hain zuzen ere, erretorikako irakaslea zen.
Bai, liburuak badu ideia nagusi bat: zientzia ekonomikoak funtzio ideologiko garrantzitsua betetzen du egungo gizartean. Zein? Status quoa zilegi egitea. Cambridgeko ekonomialari kritikoa den Ha-Joon Chang-ek Berrian eginiko elkarrizketa esan zuen bezala “ekonomia bizi dugun ordenu sozialaren ideologia bilakatu da”. Eta, jakina, edozein ideologiatan bezalaxe, ekonomian ere diskurtsoak eta erretorika erabakigarriak suerta daitezke.

Adibidez, liberalismo ekonomikoaren eta merkatu ekonomiaren metafora nagusia Adam Smithen esku ikusezina da. Bi mende luze baino gehiago iraun duen metafora da eta ziur naiz erretorikako irakaslea izateak asko lagundu ziola horretan; baita, oro har, haren diskurtso osoaren eraikuntzan.

Smithen lanetaz luze eta zabal jardun duzu. Erretorika bakarrik ez, testuingurua ere aztertu duzu.
Liburua liberalismo ekonomikoaren diskurtsoan barna eginiko bidaia da eta, nolabait, hiru geltoki dituela esan dezakegu. Lehena, liberalismo ekonomikoaren sorrera, Adam Smithen eskutik. Bigarrena, neoliberalismoaren sortze prozesua Hayeken eta Friedmanen ekarpen diskurtsiboaren bitartez. Azken geltokian egungo krisiaren harira aditu ekonomikoek erabili duten diskurtsoaren azterketan sakontzen da.

Jakina, diskurtsoaren azterketa kritikoa egitea nuen helburu. Horrek, ezinbestean, diskurtsoa testuinguruan kokatzea eta une horretan betetzen zuen edo betetzen duen funtzio sozialaren inguruan ere hausnartzera eraman gaitu. Beraz, Adam Smithen garaia aztertzen da, baina baita ere herritarron poltsikoen kontura bankuak “erreskatatzen” ari diren egungo testuingurua ere.

Liberalismoa ekonomikoa utopiatzat dute hainbat autorek.
Bai liburuak badu gai honen inguruko atal berezi bat. Liberalismo ekonomikoaren ustetan, merkatuak ez omen du estatuaren esku hartzearen beharrik. Horretarako dago Smithen esku ikusezina. Areago, estatuaren parte hartzea txarra dela eta ekonomiaren eraginkortasunaren kaltetan dela esan ohi da. Alta, bestelakoa da errealitatea. Merkatuak ez du funtzionatu inoiz, ez lehen eta ez orain. Marxek iragarri bezala krisiak iraunkorrak dira sistema kapitalistan eta merkatuak uneoro behar du haren zerbitzuan egongo den estatua edo sektore publikoa.

Hau horrela izanik, liberalismo ekonomikoa utopia bat besterik ez da, ameskeria, inoiz bete ez den eta inoiz beteko ez den utopia. Horretaz, makina bat idazle, pentsalari eta ikerlarik hausnartu duten azken hamarkada luzeetan eta horietako batzuen hausnarketa gogora ekarri nahi izan ditut.

Estatuaren esku-hartzea arbuiatzetik, esku-hartze iraunkorraren alde. Zertan aldatu da diskurtsoa?
Aipatu dudan bezala, Smithekin hasi, Hayek edo Friedmanekin jarraitu eta duela oso gutxi arte, haren burua ekonomikoki liberaltzat zuten guztiek estatuaren esku hartzea arbuiatu dute, diskurtsiboki bederen.

Azken hamarkadan ordea, krisi honen harira, badirudi erretorika aldatu eta parte hartzea aldarrikatzen duen diskurtsoa eraiki dela. Jakina, estatuen parte hartzea ez da behar gehien dutenen mesedetan izan. Aitzitik, finantza eta interes ekonomiko nagusien zerbitzura garatu den interbentzio publikoa izan da eta horretarako metafora eta erretorika bereziez baliatu dira. Adibidez, finantza tsunamiaz mintzatu zitzaizkigun eta, jarraian, bankuak erreskatatu behar zirela esan ziguten. Orain ekonomia zaintza berezietako gelatik pasa ostean sendatzeko denbora eta laguntza behar duela esaten digute. Metafora horien eta erretorika horren helburua da gutxi batzuen mesedetan ematen ari den estatuaren esku hartzea zilegi egitea.

Eta zein da liburu honen helburua?
Nik bi helburu aipatuko nituzke. Batetik, ekonomiaren paradigma nagusiak eta haren jarraitzaile diren ekonomialari gehienek egungo sistema ankerraren legitimazioan betetzen duten funtzioa salatzea. Bestetik, erretorikaren eta metaforen garrantzia azpimarratzea. Diskurtsoaren izaera performatiboa barneratu behar dugu. Errealitatea “deskribatzeaz” gain, diskurtsoak errealitatea “eraikitzen” du eta, jakina, horrek balio du zapalkuntzan oinarritzen den sistemari babesa emateko edota, nahi izanez gero, bestelako jendarte eredu baterantz urratsak emateko.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea