Berriak

Jose Ramon Etxebarria: "Ekai arruntak dira zibilizazioaren oinarria"

Mark Miodownik-en “Ekaiak badu garrantzia” liburua ekarri du euskarara Jose Ramon Etxebarria Bilbaok. Britaniar zientzialari eta dibulgatzaile ezaguna da Miodownik. Londresko University Collegeko irakaslea da, Kings College-ko UCL Institute of Making-eko zuzendaria eta bertako Materials Library ekaien bilduma ospetsuaren sortzaileetako bat. Erresuma Batuko Ingeniaritza Akademiako kidea eta Britaniar Inperioko Ordenakoa ere bada.

 

UEUri egindako oparia dela diozu itzulpen hau. Zergatik?
Hara! Azken urteotan, UEUko kideek hainbat adiskidetasun-adierazgarri eskaini dizkidate, ni behin eta berriro beso zabalik hartzeaz gain; bat aipatzearren, nire jubilazio eguna ospatzeko oparitutako liburua, hamaika ikasle, irakasle eta adiskidek idatzia. Nola edo hala, neurri berean erantzun nahi nien horiei guztiei, neure esker ona erakutsiz. Zer egokiagorik liburu bat oparitzea baino!

Nolakoa izan da egilearekin izan duzun hartu emana. Nola hartu zuen euskarara itzultzeko proposamena?
Aldez aurretik ez nuen zientzialari horren berririk. Fernando Plazaola adiskideak hiru liburu ederren arteko aukera proposatu zidan. Haien laburpenak irakurri eta, ia bat-batean, zalantzarik gabe aukeratu nuen liburu hori itzultzeko erabakia. Itzuli ahala, Miodownikek etengabe harritu nau hasieratik bukaerara iritsi arte. Bestalde, ingelesezko jatorrizko testuaren argitaratzaileek erraztasunak eman dizkigute liburua itzultzeko. Neurri berean nahi nuke egilea bera ere pozik geratzea nire lanarekin. Horretan ahalegindu naiz.

Eta nolakoa esperientzia izan da liburua itzultzea?
Bikaina. Ez ahazteko modukoa. Irakurtzen hasi eta berehala, liburuaren mamiaz eta idazkeraz, bietaz, enamoratu nintzen. Abian jarri ondoren, gero eta gusturago aritu izan naiz lanean. Bukatu, zuzendu eta argitaratzean, ume jaioberri bat izatearen pozaren antzekoa izan dut.

Ekaiek garrantzia dute. Mundu materiala gure izaeraren parte dela dio Miodownikek...
Liburuaren azpi-izenburuak dioenez, «gizakiok eginiko mundua moldatu duten material zoragarrien istorio bitxiek» harrapatu egin naute, hain zehatz azaltzen baitute ekaien garrantziaren norainokoa den. Eta liburua itzultzean, material arruntenen balio ezkutu izugarriaz konturatu naiz.

Zein da zure ekai kuttunena?
Guztiek harritu naute, baina neure aitarekin gogoratzean, altzairuak hunkitu nau gehien, Eibarko tailerrean altzairua zein arduraz lantzen zuen gogoratzen bainaiz.

Bere etxeko teilatu lauan egindako argazki bat du abiapuntu liburuak. Argazki horretan ageri diren materialak, hain zuzen ere. Zer kontatzeko?
Dena. Argazki horretan kontzentraturik dago liburu osoa. Ekai arruntak dira zibilizazioaren oinarria, nahiz eta sarri mesprezatuak izan. Errealitatean, arkatzen erdiguneko mina, grafitozkoa eta beltz-beltza, askoz garrantzitsuagoa da diamante distiratsua baino; historian, pertsona arrunt eta umilak errege-erreginak eta jauntxoak baino askoz garrantzitsuagoak diren bezala.

Idazlearen arabera gizakiok sorturiko mundua deszifratu nahi dutenentzat da liburu hau. Zure ustez norentzat da?
Erabat ados; horientzat ere bada. Baina nik euskaldun arruntentzat ere idatzi dut, bereziki. Sinetsita nago euskaraz alfabetaturik dagoen eta irakurtzeko ohitura duen edonork ondo ulertuko duela, eta atseginez irakur dezakeela, nahiz eta zientziaren arloko ikasketarik egin gabea izan. Ni neu edonork irakurria izateko modukoa prestatzen saiatu naiz, zehaztasunari uko egin gabe. Lortu dudan ala ez, hori irakurleek esan behar dute.

Euskal terminologiari ere ekarpena egiten dio liburuak...
Bide batez, hori ere bai. Baina, oro har, euskararen erabilerari eta irakurzaletasunari ekarpen mesedegarririk egiten badie, ondo baino hobeto; horrela bada, zoriontsua izango naiz.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea