Berriak

Susana Conejero "Harrotasun moralaren funtzio garrantzitsuenetariko bat jokabide prosozialean duen eragin positiboa da”

Uztaro aldizkariaren 118. zenbakian “Harrotasun morala: oinarrizko ikerketa eta hezkuntza-inplikazioakizeneko artikulua argitaratu dute Susana Conejero Lopezek, Aitziber Pascual Jimenok, Jara Mendia Garciak, Jon Zabala Arandok eta Itziar Etxebarria Bilbaok. Conejerorekin izan gara gu, gaiaren inguruan gehiago jakin asmoz. Psikologian doktorea da bera eta UPV/EHUren Gipuzkoako campusean irakaslea.


 

Harrotasunak jokaera moralean egiten duen ekarpena oso gutxi ikertu dela diozue. Zergatik gertatzen da hori?
Arrazoi anitzak eta askotarikoak dira, baina, horien artean, hiru nabarmenduko nituzke. Alde batetik, orokorrean, XX. mendearen bigarren zatian zehar garapen moralari buruzko ikerketa psikologikoek, eta baita hezkuntza moraleko ikuspegi ezberdinek ere, moralitatearen alderdi kognitiboan jarri zuten arreta (psikologiako beste eremu askotan gertatu zen bezala); hala ere, joera hori modu sakonean aldatu izan da eta mende horren bukaeran emozioen ikerketa psikologikoa modu esanguratsuan hasi zen; eta horrek ere eragina izan du moralitatearen ikerketa psikologikoan. Nolanahi ere, joera aldaketa hau gertatu zenean, hau da, emozioek arlo moralean betetzen zuten papera aztertzen hasi zirenean, ikerketetan bestelako erantzun emozionaletan jarri izan zen arreta, adibidez enpatian; enpatiak eremu moralean egiten duen ekarpen aparta ezagutaraziz (jokabide prosoziala handiagotu, jokabide agresiboa saihestu, balio moraletan, judizio moralean, eta abar). Azkenik, psikologian urte askotan zehar eragin duen beste faktore bat da orokorrean ikerketa psikologikoan alderdi negatibo edo patologikoetan jarri izan dela arreta; hau horrela, psikologia positiboa deiturikoa, esperientzia positiboak eta alderdi osasuntsuak aztertzea proposatzen duena, berriki agertu da (XX. mendearen bukaeran) eta honekin batera alderdi positibo askoren ikerketa suspertu da; hala nola, altruismoa, zoriontasuna eta harrotasun morala bera ere.

Hezkuntza-arloan inplikazio garrantzitsuak dituzten bost ikerketa aztertu dituzue eta lehenengo bi azterketak kontuan hartuta, haurren hezkuntzan harrotasun morala sustatzearen onurak azpimarratu nahi izan dituzue. Zeintzuk dira onura horiek?
Harrotasun moralaren funtzio garrantzitsuenetariko bat jokabide prosozialean duen eragin positiboa da. Harrotasun morala sentitzen dugunean jokabide prosozialak izateko aukerak handitzen dira; hau horrela, jokabide moral bat izan ondoren sentitzen dugun harrotasun moralak beste pertsonak laguntzeko motibatzen gaitu. Gure ikerketa taldean hau 9-11 urteko haurrekin frogatu izan da. Bestalde, harrotasun morala sentitzean askotan bestelako emozio moralak ere sentitzen ditugu, adibidez enpatia; eta jakin badakigu, emozio horiek ere jokabide prosoziala izatearen aukerak handitu ditzaketela.

Hala ere, emozio ahula dela erakutsi dute beste hiru ikerketek…
Bai, harrotasun morala, nahiz eta arlo moralean oso emozio motibatzailea izan eta, aipatu dugun bezala, besteak laguntzeko motibazioa pizten duen, emozio hori ahuldu edo suntsitu dezaketen faktore batzuen existentzia aipatu beharra dago. Alde batetik, harrotasunak izaera publiko handia dauka; lotsarekin gertatzen den bezala, harrotasunean besteen begirada oso garrantzitsua da. Gure datuen arabera, nerabeen kasuan, horiek izaten duten jokabide positiboa gehiengoaren iritziaren kontra baldin badoa, harrotasun gutxiago sentituko dute; efektu hau ez da aurkitu helduengan. Hortik harago, nahikoa da egiten dugun jokabide positiboa besteren batek kritikatzea, horren aurrean sentitu genezakeen harrotasuna ezerezteko (behintzat nerabeen artean). Bestalde, ekintza moralaren kostuak (hala nola, denbora, esfortzua eta abar) ere eragin nabarmena du harrotasun moralean. Aurreikusi genezakeenaren kontra, nerabeek kostua ekartzen duten jokabide moralen ondorioz ez dute harrotasun gehiago sentitzen, gutxiago baizik. Aldiz, gure datuen arabera, helduek kostua duten jokabideen aurrean harrotasun moral gehiago sentitzen dute. Hala ere, berriki aurrera eraman dugun ikerketa baten emaitzak kontuan hartuta, nerabeek haien bizipenak gogoratzean, hori aldatzen dela ematen du: kostua izan duten eta gehiengoaren kontra joatea suposatu izan duten jokabideak gogoratzean harrotasun moral handiagoa dutela ikusi dugu.

Zein da zuen lanaren azken helburua?
Jokabide moralean eragin positiboa duen emozio positibo bat aztertzea, hezkuntza arloan inplikazio garrantzitsuak izan ditzakeena. Gure azken helburua jokabide prosozialaren oinarrian dauden aldagai emozionalak identifikatzea da eta, aldagai horien artean, harrotasun morala ikertu izan dugu, oso aldagai ezezaguna delako; eta uste dugulako, esan bezala, jokabide moralaren iturri motibazional afektiboak hobeto ulertzeko lagungarria izan daitekeela.

Zer geratzen da ikertzeke?
Harrotasun moralaren aurrekariei dagokienez, zenbait alderdi geratzen dira ikertzeke. Alde batetik, goraipamenak eta kritikak harrotasun moralean duten eragina ikertu izan dugu, baina nerabeen artean bakarrik. Interesgarria litzateke aztertzea ea gauza bera gertatzen den helduekin. Modu berean, esan bezala, berriki jokabide positiboak gogoratzean kostuak eta gehiengoaren kontra joateak harrotasun moralean duten efektua aztertu dugu, baina nerabeen lagin batean bakarrik; nahiz eta seguruenik helduen artean efektu antzekoak izan, ikertzeke dagoen alderdi bat da.

Harrotasun moralaren efektuei dagokienez, emozio honek jokabide moralean duen efektu positiboa ikertzen jarraitzea interesgarria litzateke, batez ere beste adin tarte batzuetan (guk bakarrik haurrekin frogatu izan dugu). Bestalde, aztertu ez ditugun beste bi gai azpimarratu nahi nituzke. Harrotasunak, orokorrean, ideal handiagoak bistaratzera eramaten gaituen moduan, harrotasun moralak ere ideal moral gehiago irudikatzera eraman gaitzake; hau horrela, garrantzitsutzat jotzen dugu harrotasun moralaren eta ideal moralen arteko harremana aztertzea.

Beste alde batetik, harrotasun moralak identitate moralean duen eragina aztertzea garrantzitsua da. Identitate moralak niaren alderdi bati egiten dio erreferentzia, gizabanakoaren identitatean pertsona morala izateak duen garrantziarekin erlazionatzen dena. Harrotasunak autoestimazioa elikatzen duen bezala, harrotasun moralak ere identitate morala piztu eta bultzatu dezakeela uste dugu eta, beste autore batzuen ikerketetan oinarrituta, badakigu identitate moralak funtsezko papera betetzen duela kognizioaren eta jokabide moralaren arteko harremanean, hauen arteko konsistentzia sustatzen baitu.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea