Berriak

Paule Bilbao: “Osasun mentalak ez luke pribilegio bat izan behar”

Osagaiz osasun-zientzien aldizkariak ale berezia argitaratu du. Bertan Osasunaldia Osasun-zientzietako gradu amaierako lanen 2. jardunaldian aurkeztutako lanen laburpenak bildu ditu Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE). Tartean da Paule Bilbao Ajuriagerraren “Artean oinarritutako terapiak eta buru-nahasmenduak: berrikuspen sistematikoa” ikerlana. Psikologoa izateaz gain, musikaria ere bada Bilbao. Besteak beste, Arima taldea sortu zuen 2018an.

 

Lau pertsonatik batek nahaste mentala pairatu duela edo pairatuko duela diozu. Zein da argazkia?
Oinaze psikologikoa eta buru-nahasmenduak mundu osoan zehar areagotzen ari direla errealitate ukaezina da. Azken hamarkadan, buru-nahasmenduak eta substantzien kontsumoa %13 hazi dira, batez ere aldaketa demografikoen ondorioz. Halaber, munduko haur eta nerabe guztien % 20 inguruk nahasmendu bat pairatzen dute, eta suizidioa bigarren heriotza-kausa da 15-29 urteko pertsonen artean.

Herrialde batzuetan hobekuntzak izan diren arren, buru-nahasmenduak sufritzen dituzten pertsonek giza eskubideen urraketa larriak, diskriminazioa eta estigmatizazioa jasan ohi dituzte. Izan ere, osasun publikoaren bidez tratamendu psikologiko egokia jasotzen duten pertsonen ehunekoak eskasa izaten jarraitzen du; eta errealitate hau geroz eta larriagoa izango da modu sistematiko batean aldaketak ematen ez badira. Finean, askotan salatu dugun bezala, osasun mentalak ez luke pribilegio bat izan behar; denontzat eskuragarri dagoen kalitatezko zerbitzua behar da.

 

Gradu amaierako lanean artean oinarritutako terapiak aztertu dituzu. Zerk eraman zaitu horretara?
Artearen gaitasun terapeutikoa maila pertsonalean betidanik oso presente izan dudan gaia da. Nire bi pasioak (artea eta psikologia) lan batean bateratzea, eta, gainera, hauen arteko harremana eta efektua aztertzea izan da. Momentu horretan nuen behar batek bultzatuta murgildu nintzen ikerketa lerro horretan.

Artea giza subjektibotasuna adierazteko bide boteretsua da, eta psikologoari zein paziente/bezeroari aukera ematen die eduki emozionalak eskuratu eta jarduera artistikoaren bidez berregiteko. Hots, jarduera artistikoarekin subjektua bere gaiekin harremanetan jartzea errazten dugu: joera sortzaile baten bidez, eduki subjektibo jakin bati forma emateaz gain, norabide berrietan birkonfiguratuz. Helburu nagusia, beraz, pazienteak arteterapiaren bidez bere sormen-gaitasunak eguneratzeko aukera izatea da. Subjektuaren ikuskera estetiko batetik abiatuta, psikologiaren eta artearen arteko konexioa lortzean dago gakoa; subjektuaren bizitza bera artelan bihurtu daitekeelarik.

Arteterapia kontraesanak dituen diziplina boteretsua dela diozu?
Zeintzuk dira kontraesan horiek?Gure herrialdean sortu berria den, baina beste testuinguru geografiko batzuetan finkatuta eta aitortuta dagoen diziplina honen potentzial zientifiko izugarriak ikerketa-eremu zabala ireki du.

Espainiako testuinguruan, adostasun falta dago arteterapiaren lanbide-jardunean batera dauden orientazio, prozedura eta metodologietan, terapeutaren gaitasun profila ezartzerakoan, eta trebakuntza egokirik gabe arteterapia egiten duten beste profesionalen intrusismoan. Hori dela eta, ikerketa hau garrantzitsua eta baliotsua da, ikuspegi zientifiko desberdinetik gai berri bati heltzen saiatu baita. Ikerketaren emaitza eta ondorioetatik abiatuta, arteterapeuten praktika klinikoei buruzko gogoeta, azterketa eta ebaluaziorako bideak irekitzea da asmoa.

Zein dira ikerlanaren ondorio nagusiak?
Ikerketa honen analisiek iradoki dutenez, artean oinarritutako esku-hartze psikologikoak tratamendu eraginkorrak dira; batez ere, funtzionamendu psikosoziala, auto-onarpena, motibazio terapeutiko txikia, autolesioa, ongizatea, estresa eta emozio positibo eta negatiboen kasuan. Gainera, ondoez psikologikoa eragiten duten egoerei aurre egitea bultza dezakete. Buru nahasmenduei dagokienez, hobekuntzak ikusi dira, batez ere, nahasmendu bipolarrean eta antsietatean.

Berrikuspen honek gehitu eta indartu egiten ditu aurreko ikerketetan aurkeztutako aurkikuntzak. Hala ere, etorkizunean kontrol metodologiko zorrotza duten azterlanak egin beharko lirateke. Horrek buru-nahasmenduetan esku hartzearen eraginkortasunari buruzko ondorio sendoak ezartzen lagun lezake.

Musikaria ere bazara. Zuri zer ematen dizu musikak?
Maila indibidualean, erretrospekzio lan eta perspektiba ezberdin batetik, momentu horretan niretzat garrantzitsuak diren gaiei espazio bat emateko eta horietan gehiago arakatzeko aukera ematen dit musikak. Gainera, emozio hori berraktibatzen dudanean eta bizi-bizian horretan murgilduta egotea lortzen dudanean, bai musikaren bitartez, eta baita letren bitartez ere, emozio proiektatzen saiatzen naiz. Batzuetan nire pertsonarekin koherentea den soinu-adierazpen baten bidez, eta beste batzuetan, esperientzia horretatik jasotako ikaskuntzak estrapolatuz. Hortaz, musika nire bizitzaren lekuko bihurtu da, tresna terapeutiko argia bihurtuz.

Musikak nire barneko unibertsoa eta barne gatazkak zerbait kolektiboa bihurtzeko balio izan dit, nire zaurgarritasuna jendearekin partekatzeko, alegia. Azken batean, artea esperientziaren espektro osoaren eta bakartasun sentimenduaren adierazpena ez ezik, gizarte ekintza bat ere bada, besteekin partekatzean dimentsio berri bat hartzen duena.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea