Berriak

Patxi Salaberri Muñoa: "Inork ez du irabazten Axularrena bezalako prosa zoragarria ez dastatzearekin"

GERO, euskara xumean” liburua argitaratu du Patxi Salaberri Muñoak UEUrekin. Axularren "Gero"-ren bertsio irakurterrazagoa.

Aspaldiko asmo bati erantzuten dio liburuak. Zein asmori?
Betidanik izan dut gogoan klasikoak eguneratzeko eta irakurterrazago bilakatzeko proiektua. Horixe izan zen, esaterako, Euskal Klasikoen Atarian liburua atontzeko arrazoi nagusia. Guztiarekin ere, beti pentsatu dut eginkizun horretan Axular izan behar zela ikusmiran jarri beharreko lehen autorea. Zergatik? Bada, EHUn literatura klasikoa irakasten emandako urteetan argi asko ikusi dudalako oso jende gutxik irekitzen duela Gero liburua, teorian behintzat gure klasikorik hoberena dena. Eta gero eta literatura gutxiago irakurtzen badugu ere, ez da oso koherentea hor-hemen, atzo-orain liburuaren garrantzia eta kalitatea aldarrikatzen aritzea eta gero inork ez irakurtzea. Eta inork ez duela irakurtzen esaten dudanean, ez dut uste errealitatetik urruti nabilenik. Jakina, badakit aitzakia asko erabil daitekeela XVII. mendeko liburu aszetiko bat ez irakurtzeko, baina... Horixe, beraz, jendearen eskuetan bertsio irakurgarri bat jartzeko arrazoia, bertsio irakurterraza esan nahi dut eta hartara ez hurbiltzeko aitzakiak eragotzi litzakeena.

Zuk esana: “ez literaturak, ez euskarak berak ez baitute ezer irabazten liburua, orain arte bezalatsu, altxor eta harribitxien gordailuan bere purutasunean gorderik izatearekin”.
Literaturaren eta hizkuntzaren esparruetan gogoz lan egiteak ia berezko ondorio izaten du esku artean ibilitako idazlanak ukitu ezinezko harribitxiak balira bezala hartzea eta, azken batean, balizko kutsadurak-eta ekiditeko, zientzia-laborategietan legez, eskularru eta ahoko estalki aseptikoekin hurbildu nahi izatea haietara. Oharkabean barneratzen eta hedatzen dugun ikusmoldea da hori, jakina, baina ohiko samarra izaten da arlo hauetan apailatzen diren lanak eta edizioak adituei eta zientzialari eskularrudunei bakarrik zuzenduak izatea, eta ez bestelako etekinik atera lezaketen irakurle xumeei. Gero-ren kasuan, esaterako, edizio eder bat kaleratu zen 1988an, filologo, zaharzale eta bildumazaleen gogokoa izan zena; baina lehen edizioaren faksimila izanik, irakurle arruntari zeharo bitxi eta urruneko egin zitzaion, eta –nola esan?– paso egin zuen eskuratzetik ere. Datu adierazgarri bat emango dizut: 1.500 aleko ediziotxoa izan zen orduko hura, baina ia hogeita hamar urte behar izan ditu ale guztiak agortzeko. Erraz esaten da: hogeita hamar urte gure klasikorik klasikoenaren mila eta bostehun ale saldu ahal izateko! Hain zuzen ere, liburutegi eta ikastetxe guztietan eta, are, idazle, aditu eta filologo ororen eskuetan egon behar zukeen edizioa izanik! Arrazoiak arrazoi, argi da inor gutxik izan duela liburua eskuratzeko interesik. Baina inork ez du irabazten Axularrena bezalako prosa zoragarria ez dastatzearekin, eta hori nekez lor daiteke XVII. mendeko idazlana eguneratu eta egokitu gabe. Esaldi klasikoari buelta eman behar, hortaz: baldin profeta ez badoa mendira, mendia joan dakiola etxolara.

Zerk egiten du, zure ustez, Axularren idazlana irakurri beharreko?
Barkatu, otoi, maiz darabildan adibidea jartzeagatik, baina urpekarien esperientziarekin konparatzen dut nik Axularren irakurketarena. Urpekariak ur garbiak bilatzen ditu orduak eta orduak urpean igerian ibiltzeko, ur aratzak, erosoak, muskuilu eta arrainetan naroak; han sentitzen da benetan gustura eta lasai, eguneroko errealitateak eskaintzen ez dion zerbaiten barnean arin eta aske sentitzen da, eta indarberriturik ateratzen da uretatik amaitutakoan. Hori bezalakoa da, egun ere, Axularren liburuak eskaintzen diguna, urpekariarena bezalako esperientzia, esperientzia aberatsa, erosoa, lasaigarria, eguneko praktika linguistikoa bera indartzen eta areagotzen duena. Eta agerikoa da ez nabilela liburuaren gaiaz ari, askorentzat astuna bezain urruneko eta idorra litzatekeena; beste zerbaitez ari naiz, noski, Axularrek gai aszetiko hori guztia garatzeko darabilen prosa landu estimagarriaz, hain zuzen. Merezi duen esperientzia, zalantzarik gabe, nahiz eta modu ortodoxoan eta jarraian ez irakurri kapituluak; oso esker oneko liburua jauzika, atalka, pasarte gordinetatik hasita ere... Eta aski da egunero ordu laurdeneko urpekari-saio bat egitea hizkuntz itsaso horretaz gozatzeko!

Zeintzuk izan dira egin dituzun aldaketak? Zeintzuk egindako “traizioak”?
Besterik eman lezakeen arren, ez da lan erraza izan, ez. Oro har, testu bati ukituak egiten hastea bera da “traizioa”; idazleak idatzita eta argitaratua utzi duenari zu, ausardia guztiarekin, zuzentzen hasten zatzaizkionean dator lehen sastakada. Axularren kasuan, gainera, oso ondo orekatutako prosa da harena, ezin hobeto pentsatu eta neurtutako lerroaldeek osatzen dute orrialde bakoitza; burmuinen bahetik eta mingainarenetik igaroak dira haren esaldi guztiak. Maiz esaten da ozenki irakurri behar dela Gero liburua, eta egia da, orduan baino ez baita estimatzen haren benetako balioa, buruan sortutakoa mingainak ahoskatu eta belarriak entzuten duenean. Traizioa, beraz, nabarmena: Axularren jenioak sortutakoak ez du ongi eramaten ukiturik. Baina aldi berean, XVII. mendekoa testuak ezinbestean behar du egokitzapenen bat edo beste, egungo jendeak irakurriko badu eta lehen aipatutako altxortegian usteltzen utzi nahi ez bada. Askotxo izan dira aldaketak, jakina, baina guztiak ikuspegi didaktikoa ahaztu gabe burutuak.

Hasierako helburua bete du liburuak?
Bai, hasieran jarritako helburua betetzen du Geroren bertsio berri honek: errazturik dator, egokiturik, edozein irakurlek irakurtzeko moduan paraturik. Hori bai, oso da aberatsa Axularren hizkera, eta irakurleari ez litzaioke gaizki etorriko Hiztegi Batua ere eskura izatea irakurri bitartean. Liburua hobeto ulertzeko balio izateaz gainera, geure hizkuntza bera ere aberastu genezake horrekin.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea