Berriak

Olaia Martinez: “Kontuan izan behar da elikagaiak ere "produktu" direla merkatu globalizatuan”

Olaia Martinez eta Iñaki Etaio EHUko farmazia fakultateko irakasleak eta lankideak dira, Olaia Martinez Nutrizio eta Bromatologia ikasgaiaren irakasle da, eta Iñaki Etaio, berriz, Elikagai teknologia ikasgaikoa. Irakasle “euskaldunak, gazteak eta berriak”, bezala aurkezten dira, eta, nahiz eta elkarrekin ikerketan ez jardun, ikasgaietako hainbat alorretan euskarazko materialen hutsunea ikusten zuten. Behar horri erantzuteko asmotan Elikagaien segurtasuna eta kalitatea XXI. Mendean liburua argitaratu dute UEUrekin. Liburuari buruz gehiago jakiteko Olaia Martinezek galdera batzuk erantzun dizkigu:

1. Elikagaien arriskuez diharduzue liburuan. Zein izango litzateke arrisku horietako bat? Atzeman genezake modu erraz batean?

Elikagaien arriskuak kimiko, fisiko eta biologikoetan taldekatzen dira. Duela gutxitik hona arrisku nutrizionalez ere hitz egiten hasi da. Batzuk atzeman daitezke (adib.: kristal zati bat ogiaren mamian edo usain txarra sorrarazten duen mikroorganismoen hazkuntza) eta beste batzuez jabetzeko analisi espezifikoagoak beharko lirateke (adib.: mikroorganismo patogenoen toxinen presentzia, pestizidak edo metal astunak).

2. Elikagai seguruak ditugu?

Inoiz baino segurtasun handiagoa dago elikagaien esparruan. XX. mendeko elikadura krisialdi larrien ondorioz (behi eroak, dioxinak, kolza olioa...), Europan behintzat zeharo aldatu dira elikagaien segurtasunari dagozkion politikak. Kontuan izan behar da elikagaiak ere "produktu" direla merkatu globalizatuan. Jaki baten osagai bakoitza munduko mutur desberdin batetik etorria izaten da askotan. Herrialde bakoitzaren arau desberdintasunak eta merkatu konplexua iruzurrerako ateak dira askotan. Gaur eguneko segurtasun eta kontrol sistemak izango ez bagenitu arazo gehiago eta larriagoak gertatuko lirateke dudarik gabe. Nire iritzi apalean bi aukera nagusi daude elikagaien segurtasuna bermatzeko: kontsumo eredua aldatu, tokian tokiko ekoizpena sustatuz (horrek ez luke segurtasuna kontrolatzeko beharra erabat desagerraraziko) edo segurtasun neurriak indartzen jarraitu.

3. Zaldi haragiarekin gertatu dena, nola azalduko zenukete? Nola ekidin dezakegu etxera heltzea?

Dakidanagaitik goian aipatutako egoera horietako bat gertatu da, hau da, osagaiak Europatik kanpoko lurralde batetik etorriak dira eta tartean iruzur usaina dagoela esango nuke. Egia esateko kasurik gehienetan ekidin egiten dira halakoak. Kontsumo elkarteek zaldi haragiaren kontu hau dela eta argitaratu dituzten azterketetan ikusi daitekeenez, marka bakar batzuetan soilik antzeman da iruzurra.

4. Euskal Herrian Eusko Labela dugu kalitatea bermatzeko ezagunena dugun izena. Kalitatezko elikagaiak bermatzeko beharrezkoa al da? Ezagunena da, baina bakarra da?

Berme markak dira. Europan, Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB) eta Jatorri Izendapenak (JI) ditugu; baita ekoizpen ekologikoa eta integratua ere, beste batzuen artean. Euskal Autonomia Erkidegoan JI eta AGB-ak "kalitatea" bereizgarripean merkaturatzen dira. Nafarroan "Reino Gourmet" marka dago. Kalitatea bermatzeko modu bat dira, baina ez bakarra. Eta ez dute inolaz ere esan nahi eusko labela ez dutenak ez dutela kalitaterik. Berme markaren atzean arautegi bat egoten da. Elikagai batek bereizgarria edukitzeak arautegi espezifikoak esaten duena konplitzen duela esan nahi du soil soilik.

5. Kalitatea bermatzeko alderdi fisiko-kimikoa (aurretik aipaturiko bermeak) eta zentzumen ezaugarrien garrantzia azpimarratu duzue liburuan. Zertan datza azken hau?

Elikagaiei dagozkien kalitate ezaugarriak zerrendatzen hasita, konturatuko ginateke garrantzitsuenak segurtasuna eta ezaugarri sentsorialak direla hurrenkera horretan. Gero gainontzekoak etorriko lirateke: kalitate nutrizionala, prezioa, prestatzeko erraztasuna... Gustatzen ez zaiguna ez dugu jaten. Beraz, merkaturatzeko ekoizten diren produktu guztien kalitate sentsoriala kontrolatzen edo zaintzen da. Adibidez, asteleheneko merkatuan tomateak saldu behar dituen baserritar batek, erakusteko tomaterik ikusgarrienak ipiniko ditu eta ez usteldutakoak. Elikagaigintzako enpresek alderdi hauek asko zaintzen dituzte, eurek saldu nahi dituzten elikagaien zaporea, usaina, itxura...zaintzen dute. Kontsumitzaileek euren produktua zentzumen profil batekin identifika dezaten interesatzen zaie. Eta zentzumen kalitate hori errepikatzeko gai izan nahi dute, hots, sentsorialki homogeneoak diren elikagaiak ekoizten saiatzen dira.

6. Liburu didaktiko moduan aurkeztu duzue. Zein da bere arrazoia?

Ikasgeletan nahiz kanpo erabiltzeko aproposa da? Bai, ikasleek zein profesionalek erabili dezaketen liburua da. Bai Dietetika eta Nutrizioan,bai elikagai teknologian adituak eta bai agronomoentzat edo baliagarria den liburua da. Guk gai hauek jorratzen ditugu irakasle eta ikertzaile gisa eta euskaraz gai horien inguruan idaztea beharrezkoa zela pentsatuz proposatu genuen liburua.

7 . Nutrizio edo dietetika inguruan ez dakitenek liburua jarraitzeko zailtasunak izan ditzakete?

Zientzia arloan (biologia, nutrizioa, elikagai zientziak, kimika, biokimika, albaitaritza...) gutxieneko ezagupen batzuk eskatzen ditu liburuak.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea