Berriak

Nerea Irakulis: “Publizitate erasotzaileaz hitz egiten da erasoa publizitate-teknika zehatz batzuen bitartez burutzen delako, marketin zuzena deritzona”

Nerea Irakulisek eta Elena Leiñenak Publizitatearen Zuzenbidearen eraberritzea eta lehiaketa desleiala liburua argitaratu dute 2012. urtean Publizitatearen Zuzenbidea ikasgaiari behar duen garrantzia. Emateko. Gehiago jakiteko asmotan, Nerea Irakulisiri galdera batzuk egin dizkiogu:

 

1.      Klasea erabiltzeko moduko liburu bat izatea zenuten helburu?

Bai. Publizitate-ikasketetan Zuzenbideko irakasleak irakasle “erantsiak” gisa sentitu izan gara. Hori gainditzeko eta gure irakasgaiari garrantzi gehiago emateko pentsatu genuen ikasleengana hurbildu behar ginela ikasmaterial egoki batekin, kontuan hartuta publizitatearen legeria eta erregimen juridikoa azaldu behar geniela. Ikasleek gure irakasgaira erakartzeko ezinbestekoa zen eskuliburu bat prestatzea.

2.      Beste behin ere, euskarazko liburuen gabezia sumatu zenutelako izan zen arrazoietako bat?

Bai. Publizitate mundua, Lehiaketa mundua, Merkataritza mundua azken finean erdarazko munduak dira; alor horien erregulazioa Estatuaren eskumen esklusiboa da, beraz mundu horien deskribapena erdaraz egiten da. Guk euskaraz sortzen ditugu alor horiek, ikasleek eta publizitatearen alorrean dihardutenek euskarazko erreferentzia izan dezaten.

3.      Biok zuzenbideko irakasleak zarete, zergatik jorratu duzue publizitatearen arloa?

Merkataritzako Zuzenbideari dagokionez, hutsuneak nonahi aurkitzen ditugu. Publizitatearen esparrua azpimarratzen da hasieratik gure lankidetza alor horretara eraman genuelako. Egia esan Publizitate-ikasketetan Zuzenbide-irakaskuntza duin bat eskaintzeko ikasleek erabiltzeko moduko materiala behar dute. Ezinbestekoa zen material hori prestatzea publizitatea eta lehiaketa desleialaren esparruan. Aldiz, Zuzenbide-ikasketetan ez dugu pentsatzen euskarazko liburuen gabeziaren arazoa horrenbesterainokoa denik, erreferentziazko liburu eta irakurgaiak erdaraz baitaude. Hala ere, zenbait alorretan bai susmatu dugula gabezia hori; adibidez, balore-tituluen alorrean (kanbio-letra, txekea eta zor-agiria). Eta, Elena Leiñena eta biok horren inguruan prestatu dugu ikasmaterial praktikoa eta baliagarria, balore-tituluen mundua bere konplexutasun osoan islatzen duena. Zenbait gaietan, nahiz eta ikasle espezializatuak izan, beharrezkoa da modu ulergarrian eta erraz batean azaltzea, are gehiago euskarazko ikasleak badira.

4.      Liburuan publizitate engainagarriaren mugak azaltzen al dira?

Publizitate-jardueraren mugak azaltzen dira, zentzu zabalean, kontuan hartuta publizitatea lehiaren barruan sartzen den jarduera bat besterik ez dela. Publizitate-jarduera lehia-egintza bat da. Horrenbestez, publizitateak banakako nagusitasuna galdu du, batez ere zentzu ekonomikoan, eta Lehiaren Zuzenbidearengatik xurgatua izan da. Lehiaren muga desleialtasunean dago, beraz publizitate-jardueraren muga hori bera da: desleialtasuna, kontsumitzaileenganako, lehiakideenganako eta, orokorrean, merkatuarenganako. Publizitate-jarduera desleialaren aurrean gaude hainbat hipotesietan: engainagarria denean, baina baita ere erasotzailea denean. Liburu horren asmoa da erakustea nola gaurkotu den publizitate engainagarriaren erregimen juridikoa eta, batez ere, erakustea zer berritu den desleialtasunaren alorrean, egintza erasotzaileen erregimen juridiko berria, alegia.

5.      Zer da ekintza desleiala?

Ekintza desleial baten aurrean egoteko bi ukanbehar bete behar dira: bata, lehiatzeko helburuarekin merkatuan burutzen den jokaera bat izatea, eta bestea, behin Lehiaketa Desleialaren Legearen eremuan sartuta, horren suposamendu batean sartu ahal izatea jokaera hori. Horrela Lehiaketa Desleialaren Legeak, alde batetik klausula orokor bat ezartzen du eta bestetik, ekintza zehatzen zerrenda bat. Desleialtasuna ezarriko da dagokion ekintza suposamendu zehatz horietako batean sartuz gero, eta ez badago horietan kokatzerik, baliteke klausula orokorra aplikatzea, non fede ona ezartzen den irizpidetzat. Ekintza zehatzen zerrendak irizpide batzuk jarraitzen ditu. Horietako bat da ekintza dela eta zuzenean kaltetuak ikusten diren pertsonak edo sektoreak: horrenbestez, kontsumitzaileak ditugu (adibidez, publizitate engainagarriaren aurrean gaudenean); lehiakideak ditugu (publizitate nahasgarriaren edo konparatiboaren aurrean gaudenean), eta azkenik, printzipio orokor bezala (interes orokorra), merkatua bera dugu (arauen urratzea gertatzen bada adibidez). Liburu honetan azaltzen diren zuzenbideko mugak desleialtasunarekin hertsiki lotuak daude. Lehiaketa leialaren alde, Zuzenbideak ezartzen duen erregimena azaltzen dugu, debekuz eta mugaz beteta.

 

6.      Zer kontsideratzen da publizitate erasotzailea?

Ekintza erasotzaile izatea lotzen da, oinarrian, molestatzen duenarekin eta gainera ondorio zehatz bat duenarekin: produktu edo zerbitzuarekiko kontsumitzailearen aukera-eskubidea lermatzea edo lermatzeko aproposa izatea (erregimen juridikoaren prebentzio-izaera azpimarratu behar da).

Publizitate erasotzailea ez da kategoria berezi bat; portaera erasotzailea da azken finean. Hala ere, publizitate erasotzaileaz hitz egiten da erasoa publizitate-teknika zehatz batzuen bitartez burutzen delako, marketin zuzena deritzona. Ohiko publizitatea esango genuke dela kontsumitzaile-multzo handira zuzenduta dagoen publizitatea; aldiz, erasoaren eremuan marketin zuzeneko teknikak aipatuko genituzke, non enpresaria eta izan litekeen eroslearen artean kontaktu edo hizketa pertsonala ematen den; ez da kontsumitzaileen masa anonimora bideratzen, kontsumitzaile zehatz batengana baizik, banan-banan.

 

7.      Merezi al die publizitate desleiala eta erasotzailea egitea ikuspegi juridikotik begiratuta?

Merezi zaien edo ez, ezin dizut esan. Juridikoki erregulazioa zehatza da, helburu batekin: kontsumitzaileen babesa sendotzea. Hori lortu da erregimen bateratu batean engainuzko ekintzak eta merkataritzako ekintza erasotzaileak erregulatuz. Enpresariak burutu dezakeen edozein jokaera, ohiko publizitatearen bitartez edo marketing zuzeneko praktiken bitartez erregulatuta gelditu da. Bateratze hori izanda arrazoia lehiaketa desleialaren erregimena eguneratzearena: publizitate-jarduera ekonomikoa ez ulertzea aparteko jarduera bat bezala eta kontsumitzaileei begira juridikoki segurtasun eta babes indartuago bat eskaintzea.

 

8.      Nahiz eta zuzenbideko eta batik bat publizitate eta lan harremanetako ikasleei zuzentzen zareten. Ulergarria izango litzateke besteentzat?

Bai. Liburuak, egun Lehiaketa Desleialaren azterketa juridikoa modu ulergarri eta erraz batean azaltzea du helburu nagusi. Batik bat ikasleei eta publizitatea eta lehiaketaren alorrean diharduten profesionalei, kontsulta-liburu praktiko eta baliagarria gertatuko zaie honako hau. Horrez gain, ordea, publizitatea edo lehiaketa kanpotik ezagutu nahi duenari ere baliagarri izango zaio liburua, publizitatea eta lehiaketaren mundua bere konplexutasun osoan islatzen baitu liburuak.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea