Berriak

Luixa Reizabal: "Zoritxarrez, egun haurrek generoaren ikusmolde sexista garatzen dute"

Luixa Reizabal Arruabarrena elkarrizketatu dugu oraingoan. Psikologian doktoratua da eta UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena saileko irakaslea, baita ere. “Genero-Berdintasunean Hezteko Gida” izeneko liburua argitaratu du Udako Euskal Unibertsitatearekin eta horren inguruan aritu gara solasean berarekin. 

atzeko argazkia

Nori zuzenduta dago liburua eta zer ekarpen egingo dio?

Oro har, haurrekin harremana duen edonori dago zuzenduta, hau da, guraso, zaintzaile, irakasle, eskola-jangeletako langile, aisialdi-taldeko zein bestelako monitore eta antzekoei. Primeran etorriko litzaieke ere jostailuen diseinuan, ipuinak idazten, eskolan erabiltzen diren testu-liburuak egiten, abestien letrak idazten, pelikulak egiten eta antzeko lanetan dabiltzanei. Ezinbestekoa litzaieke komunikabideetan -bereziki telebistan- lanean dihardutenei, horietan egun oraindik sexismoa transmititzen jarraitzen da eta. Atrebentzia ez bada, Euskaltzainei ere gomendatuko nieke. Izan ere, Euskaraz badira oraindik izaera sexista duten esamoldeak eta Euskaltzaindiak asko lagun dezake horiek desager daitezen. Gaztelera zein frantsesa erabiltzen dutenei... Pertsona horiei guztiei oso lagungarri izango zaie haur eta nerabeei gizon eta emakumeen arteko berdintasunarekin, sexu-orientabide ezberdinekiko errespetuarekin eta antzekoekin zerikusia duten ezagutzak eta gaitasunak irakatsi nahi badizkiete.

 

Ze metodologia erabili duzu liburu hau osatzeko eta zein da honen xedea?

Nik esango nuke “esperientzian oinarritutako metodologia” erabili dudala. Egia esan, askok genero-ezberdintasunak, matxismoa eta antzekoak gaindituta daudela uste duten arren, errealitate gordinak erakusten digu uste hori ustela dela. Izan ere, etxean, kalean, lanean eta antzeko eremuetan izandako esperientziak erakusten digu oraindik bide luzea gelditzen zaigula gizon-emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko. Eta horrek, haserreaz gainera, egoera errotik aldatzeko nahia sortzen dit. Gaiak asmo motibatzen nauen aldetik, gaiari buruzko hainbat liburu, dokumentu zein bestelako material bilatzen hasi nintzen Interneten, fakultateko liburutegian, liburu-dendetan... Bilaketan aurkitutakoa aztertu eta buruari bueltak ematen hasi nintzen. Hezkuntzak genero-berdintasuna bultzatzeko izan dezaken eragina aintzat hartuz, genero-berdintasunerako bide luzeari ekarpen txiki bat egitea erabaki nuen eta, hasteko, psikologiako graduan hezkidetzari buruzko ordu batzuk ematea proposatu nuen. Zorionez, lankideen eta dekanotzaren oniritzia jaso eta gaiaren inguruko saioak ematen hasi nintzen eta, noski, horrek gaian gehiago sakontzeko aukera eskaini zidan. Baina gida idazteko behin-betiko bultzada eman didatenak azken urteotan suertatutako hainbat gertakari tamalgarri -bereziki, indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako erailketak eta erasoak- izan dira.

 

Xedeari dagokionez, Hezkidetzaren inguruko hausnarketa bultzatu, genero-ezberdintasunak sustatzen dituzten hezkuntza-praktikak identifikatu eta hezkidetzaren helburuekin bat datozen praktika hezitzaileak erabiltzeko baliabideak eskaintzea izan da gure helburua. Irakurlearen lana da aztertzea helburua lortu dugun.

 

Hezkidetza eta bakea aipatzen dira lehenengo bi kapituluetan, ze paper jokatzen du hezkidetzak bakea lortzeko orduan?

Beste pertsona askorentzat bezala, guretzat bakea ez da guda edo/eta gatazka armaturik eza soila, desberdinak izan daitezkeen elkarteen, herrialdeen, taldeen zein pertsonen arteko berdintasunezko lankidetza baizik, indarkeriarik, zapalkuntzarik eta errepresiorik gabekoa. Hala, indarkeriarik ezarekin, lankidetzarekin eta justizia sozialarekin du zerikusia bakeaz dugun ikusmoldeak. Kontuan izanik generoa dugula egun jendartean ezberdintasuna, justizia sozialik eza, indarkeria eta antzekoak sustatzen dituen elementu nagusietako bat eta hezkidetzak egoera hori gainditu eta gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna duela helburu, bakera hurbiltzeko tresna izan daitekeela uste dugu.

 

Hirugarren kapituluari dagokionez, haurren ikusmolde sexista eskuratzeko prozesuaz ari zara. Zein izan ohi da prozesu hori?

Nolabait esateko, haurrek egun gure jendartean generoaren inguruan dagoen ikusmoldea eskuratzeko prozesua. Prozesu hori beren burua neska edo mutiltzat hartzen dutenean hasten da, bi bat urte dituztenean, alegia. Hori gertatu bezain laster hasten dira haurrak beren jendartean emakume edo gizon izateagatik espero diren ezaugarriak, jokabide ereduak, jarduerak, balioak, zereginak eta antzekoak ikasten. Esaterako, 2 urte eta erdi dituztenean gutxi gorabehera, haurrek badituzte gizon eta emakumeen inguruan dauden estereotipoen inguruko ezagutzak. Izan ere, adin horretako haurrek jarduerekin zein jantziekin, tresnekin eta antzeko osagarriekin erlazionatzen dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen irudiak. Halaber, jolasteko nahiago izaten dituzte “bere sexuko”tzat hartzen diren jostailuak. Hain zuzen ere, mutilek nahiago izaten dituzte kamioiak eta automobilak, eta neskek, berriz, panpinak eta jostailu bigunak. Gainera, adin horretan garatzen dute ere sexu bereko jolaskideekiko lehentasuna... Errealitateak erakusten digu prozesu horretan haurrek egun gure gizartean dagoen ikusmolde sexista eskuratzen dutela.

 

Zeintzuk dira hezkidetza sustatzeko erabili daitezkeen baliabideak?

Nagusiki, hezkuntza-jarraibideak -hezkuntzarekin zerikusia duten zientzietatik jasotako informazioan oinarritzen diren aholkuak, alegia-, jarduerak -ariketak-, teknikak -ariketen oinarri diren prozedurak; esaterako, hitzaldia, ipuinak eta marrazkiak- eta esku-hartze programak -helburuak lortzeko prestatzen diren jarduera-plangintza sistematiko eta antolatuak-. Bat ala beste aukeratzea eta haien edukia eta forma testuinguruaren, hezitzailearen helburuen, hartzaileen ezaugarrien (esaterako, adina) eta antzekoen araberakoa da. Esaterako, teknika batzuk (hitzaldia, kasu) egokiak izan daitezke  testuinguru (eskola, adibidez) eta adin jakin batzuetan (LHko hirugarren ziklotik gorako ikasleekin edo irakasleekin); ez, ordea, beste batzuetan (etxe batean, bost urteko haurrekin).

 

Egungo haurrengan sumatzen al da genero berdintasunarekiko aldaketarik edo oraindik ere lan asko egin behar dela uste duzu?

Zoritxarrez, egun haurrek generoaren ikusmolde sexista garatzen dute, beraz, lan handia dago oraindik. Horregatik idatzi dugu, hain zuzen ere, gida hau.

 

Nola dago ezartzea hezkidetza hori etxean, familian edota beste eremu batzuetan?

 

Gure ustez, hezkidetza ezartzeko ezinbestekoa da egun egiten dena aztertzea. Hala, hasteko, gure hezkuntza-praktikak aztertu (esaterako, haurrei zer esaten diegun edo haien aurrean egiten duguna) eta horietan genero-ezberdintasunik transmititzen ote dugun hausnartu beharko genuke. Ez da hori lan erraza; izan ere, helduok oso errotuta dauzkagu sexismoa transmititzen duten ohiturak, jokabideak eta antzekoak. Horretarako, oso lagungarri izango zaigu gida. Izan ere, horretan testuinguru ezberdinetan (familia, eskola, komunikabideak, mintzaira, atsotitzak, abestiak eta umorea) dauden sexismoa transmititzeko erak deskribatzen dira. Hurrengo urratsa, ostera, hezkuntza-praktika horiek aldatzea izango litzateke, hezkidetzaileak izan daitezen. Horretan ere gidak lagunduko digu, bertan testuinguru ezberdinetan hezkidetza sustatzeko erabilgarri izan dakizkiguken baliabideak (hezkuntza-jarraibideak, jarduerak eta antzekoak) jasotzen dira eta. Beraz, pertsona hezkidetzaile bihurtu nahi duenari gida irakurtzeko eta bertan jasotzen denari jarraitzeko gonbitea luzatzen diogu.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea