Berriak

“Teknologia ez da neutroa eta gu behar gaitu gizartearen garapena osasuntsua izan dadin”

“IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” izeneko liburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. 2016-2017 ikasturtean martxan jarritako “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan" izeneko graduondokoa dago liburuaren oinarrian (UPV/EHUren berezko titulua, UEUrekin elkarlanean) eta Mikel Iruskieta Quintian, Montse Maritxalar AngladaAmaia Arroyo Sagasta eta Abel Camacho Romero graduondokoko arduradun eta irasleek egin dute editore lana.

 

Zein beharrizani erantzuteko sortu zen «HEZikt: IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan» graduondokoa eta zein leku betetzen du liburu honek?
Montse Maritxalar: Graduondokoaren sorrera dela-eta, azpimarratuko nuke hasierako beharrizan handiena izan zela, teknopedagogiaren ikuspuntutik, hezkuntza arloko adituen formakuntza eta inplikazioaren beharra areagotzea.

Amaia Arroyo-Sagasta: Hezkuntzak eta teknologiak eskutik aurrera egitea ezinbestekoa da gaur egun. Teknologia digitalaren aurrerapena egungo gizartearen baldintzatzaile nagusietako bat da (nagusiena ez bada) eta eskolak ezin dio muzin egin horri. Etorkizuneko ikasleak heztea da eskolaren helburua; beraz, etorkizunerako prestaketarako ibilbide horretan gizartearen errealitatea kontuan hartu behar dugu. Ageri-agerikoa da, beraz, ikasleen konpetentzia digitala landu eta areagotu beharra; nahiz eta ikasleak teknologiaz inguratutako belaunaldikoak izan. Egoera horrek eskatzen dituen profesionalen beharrizanari erantzun nahi diete bai graduondokoak, bai liburuak.

Mikel Iruskieta: Gainera, liburuko sarreran aipatzen dugun moduan, bai graduondokoak, bai liburuak, balio beharko lukete norbere ikaskuntza hobetzeko eta teknologiak ekar diezaiokeen balio erantsia erakusteko. Horrela, testuinguru digitalean errendimendu handia duten atazak eta metodoak aipatzen eta erakusten saiatu gara.

Abel Camacho: Horiez gain, nik uste maila akademikoan hezkuntza eta teknologia gaiak jorratzen dituen argitalpen baten hutsunea genuela euskaraz. Liburuak, nolabait esateko, teknopedagogiaren gai, ikuspuntu eta joera nagusien egungo egoeraren berri ematen du; eta hori, oso baliagarria gerta daiteke hezkuntzaren testuinguru gehienetako ikasle nahiz irakasleentzat.

Irakaspraktikak teknologiaren beharra duela diozue eta orain dela teknologiak eta hezkuntzak, ikuspuntu kritiko batetik, bat egiteko unea. Ikuspuntu kritiko hori nola landu, ordea?
A.A: Lehenengo eta behin, ezagutzatik. Ezagutzarik ez badago, ezinezkoa da ikuspegi kritikoa lantzea. Ezagutza soila ere ez da nahikoa, askotan. Gaur egun, inteligentzia artifizialak, big datak, machine learning-ak eta beste aurrerapauso batzuen aplikazio inbaditzaileak guk gizaki gisa dugun lekua eta ahotsa baldintza dezakete, baina baita aberastu ere. Ulertu behar dugu teknologia ez dela neutroa eta gu behar gaituela (gure balioak, gure ideiak, gure jakintza) gizartearen garapena osasuntsua eta etikoa izan dadin. Hortik dator ikuspegi kritikoaren beharra. Teknologia ezagutu egin behar dugu, eta erabileraren poderioz suertatzen diren hausnarketei eta kontraesanei aurre egin behar diegu.

M.M: Horretaz gain, teknologiak hezkuntzari ekar diezazkiokeen abantailak eta desabantailak baloratzeko gaitasuna duten hezkuntza arloko adituen ikuspuntutik egin behar da kritika; haiek baitakite zeintzuk diren beharrak hezkuntzan. Aldiz, teknofobiak edota teknologiaren defentsa itsuak ezingo dute inoiz ikuspuntu kritikoa eman.

Teknologiak aukerak eskaintzen dizkigu, baina arriskuak ere hor daude. Horren aurrean zer?
M.I: Liburuan atal oso bat dago gai hori lantzeko. Horretan teknologiaren ikuspegi positiboa lantzen da; hasteko, modu orokorrean teknologiaren eta boteretzearen harremanak aztertuz; eta, modu zehatzean, teknologiaren inklusioa eta inklusioaren teknologia aztertzean. Horren ondoren, testuinguru digitalean gerta daitezkeen arazoak azaltzen saiatu gara eta horiei eskolan ematen zaien erantzuna aztertu dugu. Esaterako, irakurleak arriskuen aurrean araudia, jokabideak eta esku-hartzeak nolakoak diren ezagutuko ditu; gertatu aurretik saihesteko edota gertatzean esku-hartzeko.

M.M: Nik adibide bat ipiniko nuke, eta zera da: eskalatzaile gehienek soka erabiltzen dute eskaladan, baina badira sokarik gabe ere eskalatzen dutenak; egoera beraren aurrean arrisku maila areagotu daiteke norberak jarritako baliabideen arabera, baita norberak dituen gaitasunen arabera. Hortaz, maila handiko eskalatzaile bat ibil daiteke sokarik gabe pareta txiki batean, arrisku handirik gabe. Era berean, teknopedagogia oinarri duen hezkuntza jaso duen ikasle batek sokarik gabe aritzeko gaitasuna izango du hainbat paretatan.

A.A: Hori da! Are gehiago, arriskuak beti daude hor, baina ez bakarrik teknologiaren ondorio gisa. Ikuspegi kritikoa jorratzeak ez du esan nahi dena prisma ilunetik ikusi behar dugunik, ezta gutxiago ere. Bizitzako edozein arlotan bezalaxe, argilunak daude eta teknologiaren alorra ez da gutxiago. Arriskuei buruzko informazioa izatea behar-beharrezkoa da; baina aukeren inguruko informazioa ere oso garrantzitsua da, teknologiaz egiten dugun erabilerak aukeren aldeko joera har dezan.

Zer da liburuan bildu duzuena? Zein eratako gaiak lantzen dira?
A.C: Askotariko gaiak jorratu nahi izan ditugu, beti ere, ikuspuntu pedagogikoa ipar hartuta. Testuinguru pedagogikotik hasita eta konpetentzia digitalak definitzetik ikerketa digitalaren mundua jorratzeraino; e-learninga, aukerak, arriskuak eta hizkuntzen irakaskuntza ere landuz.

M.I: Horretaz gain, ikerketa eta hezkuntza proiektuak garatzeko unean gaur egun teknologiak eskaintzen dizkigun hainbat aukera ere azaltzen dira bertan, lizentziak eta legediarekin lotutako kontuak ahaztu gabe. Uste dugu gai anitzak jorratu izanak liburua hartzen duen edonori bere intereseko zerbait aurkitzeko aukera emango diola.

A.A: Sozializazioa eta kontzientzia piztea izan da helburua. Alde batetik, konpetentzia digitalen gaiaren inguruko jakintza sozializatzea. Beste alde batetik, jorratutako gaiek gizartean duten garrantziaz kontzientzia piztea nahi izan dugu; teknologiaren garapenean denok ahotsa eta ikuspegi kritikoa garatzeko aukera izan dezagun.

M.M: Eta jakina! Euskararen esparrutik idatzitako liburua dugu hau. Beraz, euskal gizartearen hezkuntza arloan teknologian adituek eta arituek idatzitako liburua izanik, teknopedagogia euskaldunaren argazkia erakusten digu liburu honek.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea