Berriak

“Guk geuk gida dezagun garapen teknologikoa eta ez gaitezen izan hark markaturiko erritmoan dantzan dabiltzan txotxongiloak”

“Zalantzen amaiera? Argien Mendetik Irudiaren Arora” izeneko liburua argitaratu dute UEUrekin Aitor Zuberogoitia Espillak eta Josu Zuberogoitia Espillak. Aitor kazetaritzan doktorea da eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean dihardu lanean. Josu, berriz, filosofian lizentziaduna da eta Balio Etikoak eta Filosofia irakasten ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.

 

 

Hasieran bazen hitza, eta orain?
Orain ere bai, baina irudia nagusitu zaio. Antropologoek-eta diote duela 50.000 urte inguru hasi zela gizakia irudi bidez komunikatzen. Geroagokoa da idatzizko hizkuntza, duela 5.000-6.000 urte inguru sortua; baina kontua da sortzeaz batera erabat gailendu zela idatzizko diskurtso lineala; eta ordura arteko gizarte-antolaketa eta bizimodua bera eraldatu zituela. Orain, aldiz, irudien mozkorraldi etengabe honetan; VAR teknologiaren, sare sozialen eta Youtube, Netflix, HBO eta Amazon orokortuen garaian; beste aro batean sartu gara, Irudiaren Aroan, eta gizarte-antolaketan zein gure bizimoduetan beste iraultza txiki bat eragin du horrek.

Logozentrismotik gaur egungo ikonozentrismora bide hori aztertu duzue. Komunikazio arlotik batetik eta filosofiatik bestetik…
Pentsaera jakinek komunikatzeko modu jakinak dakartzate, eta, aldi berean, komunikatzeko baliatzen ditugun euskarriek beraiek ere gure jarduteko eta pentsatzeko moduak baldintzatzen dituzte. Harreman dialektikoa da, eta, gu biotako bat Komunikazioaren arloan murgilduta egonik eta bestea Filosofian, ahaleginak bateratzea bururatu zitzaigun, elkarren ikuspegiak osagarriak zirela eta kontakizuna biribiltzen lagunduko zutela iritzita.

Soinu banda ere badu liburuak…
Hala da, bai: adierazpen artistikoak garaian garaiko testu eta gogoeta idatziak bezain baliagarri dira sasoi hori ulertzeko eta berorren atmosfera berreraikitzeko. Horregatik, atal bakoitzaren hasieran atal horretan aztertzen den komunikabidea hizpide duen kanturen bat jarri dugu, komunikabide hori eta bere garaia ilustratzen dituen argazki batekin batera.

Giovanni Sartorik Homo Videns: Televisione e Post-Pensiero saiakeran planteaturiko hipotesiaren inguruan egin duzue gogoeta: benetan ahultzen al ditu Irudiaren Aroak arrazoibidea eta logos-a? Zein da zuen ondorioa?
Sartori oso kategorikoa da bere planteamenduetan, eta gu ez horrenbeste. Liburuan bertan diogun moduan, ez ote dago bazterretan film eta telesaioak ikusi eta bideo-jokoetan jokatzeaz gain, irakurri ere irakurtzen duen ume zein gazterik? Ulermen- eta abstrakzio-gaitasunak zein pentsamendu kontzeptuala bera esentzia mudaezinak dira ala garaiekin batera eboluzionatuz doaz? Dena dela, ukatu ezin dena da, Nicholas Carr-ek dioen moduan, distrakzio jarraituaren ekosistemetan murgilduta gaudela eta gure arreta geroz eta sakabanatuago dagoela. Batzuen ustez horrek pentsamendu sakona oztopatzen du, baina bada bestelako iritzia duenik (Clay Shirkyk dio, adibidez, ekosistema horiei esker gaitasun sortzaileak eta elkarlana areagotu daitezkeela).

Erantzunak ala galderak dira gehiago?
Galderak dira gehiago; argazki estatiko sendoak erakusteko tentaldia hor dago beti, baina errealitateak gutxi du estatikotik… Eta galderen artean, bat nagusi: nora eroango gaitu egungo iraultza teknologikoak? Izan ere, ematen du aldaketa ebolutibo baten lekuko izaten ari garela: pertsonok beti egin dugu lan nola-halako teknologiaren batekin, baina laster (gaur egun, dagoeneko) teknologia hori geure gorputzetan txertatuta eroango dugu; eta horrek, errealitate areagotu/aberastua ekartzeaz gain, gauza asko aldatuko ditu, zenbait kezka etiko ernarazteaz batera: pertsonon ezaugarri nagusietako bat, esate baterako, borondate askea izatea eta zalantza egitea izan da; baina taylorismoaren printzipioak (eraginkortasuna, automatizazioa eta inpertsonaltasuna) muturrera eroan dituen Google erraldoiak eta Big Dataren olatuak desanbiguaziora garamatzate une oro, zalantzak automatikoki ezabatzera…

Nori zuzendutako liburua da? Zein erabilerarako?
Liburua Komunikazio Ikasketetan zein Filosofiakoetan erabil daiteke (azken jakintza-arlo horri dagokionez, unibertsitatean ez ezik Batxilergoan ere landu daiteke). HUHEZIn (Mondragon Unibertsitatea), adibidez, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan, Komunikazioaren Historia eta Filosofia uztartuko dituen modulu batean erabiltzeko asmoa daukagu, 1. mailan (hezkuntza-erabilerari begira, ikasgelan lantzeko zenbait ariketa proposatzen ditugu atal bakoitzaren amaieran).

Zein da liburuaren helburu nagusia?
Ez zegoen komunikazio-arloko teknologia moderno nagusiak Euskal Herrira zelan iritsi ziren eta euskal gizartean zelan eragin zuten euskaraz eta modu sistematikoan azaltzen zuen saiakerarik; eta fresko historiko hori eskaini gura genuen. Arlo tekniko hutsera mugatu beharrean, garaian garaiko teknologiek unean uneko ideologia nagusiekin izaniko harreman dialektikoa ere bistaratu gura izan dugu; pentsamenduaren historiak eta Mendebaldeko korronte ideologiko nagusiek Euskal Herrian izaniko bilakaerari beste perspektiba batetik erreparatzen lagunduz eta Irudiaren Aro hiperteknologizatuaren inguruko ikuspegi kritikoa sustatuz; teknologiari buruzko hausnarketa beharrezko dela begitantzen baitzaigu (neutroa al da teknologia ala, Mc Luhanek iradokitako moduan, egiteko eta pentsatzeko moduak markatzen dizkigu?). Guk geuk gida dezagun garapen teknologikoa eta ez gaitezen izan hark markaturiko erritmoan dantzan dabiltzan txotxongiloak.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea