Berriak

Josu Ozaita: "Antropologiak xeheki ikertu ditzake festak, eta informazio oso interesgarria lortu”

Bere master amaierako lanean oinarrituta, “Sanferminetako azken erritua: Villavesaren entzierroa” liburua argitaratu berri du Josu Ozaita Azpiroz antropologoak UEUrekin.

 

Nondik sortu zaizu Villavesaren entzierroa aztertzeko asmoa?
Sanfermin zale sutsua naiz, eta urtero jarraitzen ditut: txupinazoa telebistaz, egun pasa edo parrandaren bat bertan; eta, baita, uztailaren 15eko Villavesaren entzierroko bideoak ikusiz. Oso deigarria zitzaidan azken ekimen hau; gainera, beti ganberrada edo festak amaitu nahi ez izatearekin lotzen zen; eta, ni, antropologoa izanda, zerbait sakonagoa eta garrantzitsuagoa zenaren ustearekin nengoen. Antropologiako Master amaierako lana egin beharra nuen, eta nire buruari kapritxo hori ematea pentsatu nuen.

Dokumentazio lanaz gain, behaketa parte-hartzailean oinarritu zara ikerketarako. 10 egun San Ferminetan. Zein da antropologiak jaien barrenean egin dezakeen lana?
Izugarri gozatzen dut landa lana eginez, antropologia horregatik maite dut. Denbora askorik ez nuen horretan aritzeko, eta honenbestez, Sanferminak hautatu nituen; denbora gutxiko landa lana bazen ere, oso intentsua zelako. Eta, bai, asebeteta geratu nintzen 10 egunez antropologo lanetan arituta Sanferminetan; txupinazoko momentutik Villavesa entzierro bitarte.

Antropologiak xeheki ikertu ditzake festak, eta informazio oso interesgarria lortu gizartea hobeto ezagutzeko; hor barrenean gertatzen diren mugimendu eta gako guztiak deszifratuz. Ikuspegi aplikatu batetik ere, nik uste, egun antolatzen diren hainbat ekimen, mitin edo jaietan, antropologo baten parte hartzeak asko eman dezakeela.

Elkarrizketak ere egin dituzu. Zer hartu duzu kontuan aukeraketa egiterakoan?
Iruindarra eta Sanfermin zalea izatea zen baldintza orokorra, eta hortik abiatuta, saiatu naiz profil desberdinetakoa aurkitzen: peñak, ikuspegi feministatik lan egiten dutenak, parrandazaleak, ekimenaren antolatzaileak, adin desberdinak...

Zeintzuk dira atera dituzun ondorioak? Ganberrada hutsa zirudiena, kode desberdinez osaturiko erritu konplexua dela diozu.
Hasteko, gaupasari omenaldia da, erritua bera egiteko, gaupasaz egon behar delako. Gaupaseroa ez da taberna batean ezkutatu edo etxera bidean doan desordutako gorputza, baizik eta errituaren erdigunean dagoen protagonista.

Bestetik, modu herrikoi batean, festei itxiera ematen zaie, Sanferminak erritu honekin amaitzen direlako.

Errituan zehar, hainbat eszena daude; Nafarroako eta Iruñeko sinbolo eta gertaera garrantzitsuenak agertzen dira; memoria osatuz eta transmitituz ondorengo belaunaldiei, gazte-ikuspegi batetik: Txarli tximinoa, Indurain ikur moduan, prozesioaren eta San Fermin Santuaren presentzia iruditerian (eraldatua, noski); baita poliziaren eta gazteen arteko enfrentamenduen berri eman ere ke-potoekin; baina batez ere, entzierroari eta Sanfermin jaiari berari eginiko omenaldia da; Iruñeko ikur nagusien happening-a. Errituaren baitan beste errituak kondentsatzen dira, horien interpretazio edo birformulazioa eginez. Irakite emozionala sortzen da bertan, sustantziengatik; baina baita errituarengatik ere, bertan dituen osagai, aktore eta bizipen desberdinengatik.

Transgresorea al da?
Transgresorea da, Udalak “Pobre de mí”-arekin Sanferminak amaitzen dituelako, baina erritu honen bitartez, Sanferminak Villavesaren entzierroarekin bukatzen direlako. Modu herrikoi batean erabakitzen da noiz amaitu hain garrantzitsuak diren jaiak.

Transgresorea da, ere, barre asko egiten delako. Erritu subertsiboa da, erritu ukiezin askori barre egiten diena; eta, bertan, barre egitea bilakatzen da arma; ekintza xume hori, transgresio bilakatuz.

Poliziak parte hartu izan duenean ere, “Indurain, Indurain!” oihuekin erantzun diete parte-hartzaileak, eta hori oso transgresorea da.

Amaitzeko, ez da hain transgresorea, Sanferminetako beste erritu askoren tankeran ,entzierroa esaterako, oso maskulinoa izan delako: protagonistak gizonezkoak... Hala ere, aldaketak gertatzen ari dira. Iaz, Sanfermin santua emakumea izan zen; eta hori, berez, transgresorea da. Errituak moldatuz eta mugimenduan egon ohi dira, biziak baitira; eta Villavesaren entzierroarekin ere hori gertatzen da.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea