Berriak

Joseba Felix Tobar-Arbulu: “Krisian gaude, eta krisia nahita sortu dute. Baina, krisiak badauka irtenbiderik”

 

Ingeniaritzako ikasketak dituen Joseba Felix Tobar-Arbuluk (1945.01.30) ekonomiaz hitz egitera datorkigu bere azken liburuarekin “Diru Teoria Modernoa eta finantza-ingeniaritza”. Denbora librean Unibertsitateko irakasle denak ekonomiako izen handiko pertsonen teoriak aztertu ditu gurea nolako izan beharko lukeen jakiteko, besteak beste.

Krisiari aurre egiteko formula aurkitu duzula entzute nahiko nuke. Horrela al da?

Ez dago inongo ‘formularik’. 2000eko hamarkadaren hasieratik aritu naiz gai horrekin bueltaka. Lehendabizi ulertu nahi nuen zertan zetzan, eta zertan datzan egungo kapitalismo berria, hau da Finantza Kapitalismoa. Zenbait urte eman nituen gai horretaz, batez ere, Michael Hudson, Randall Wray eta beste autore batzuen lanak arakatuz. Azken bolada honetan, Diru Teoria Modernoko autoreak arakatu ditut: ondokoak, batez ere, Randall Wray, Stephanie Kelton eta Bill Mitchell. Baina horien guztien gainetik Warren Mosler erabili dut, bera izan baitut gidari.

 

Hortaz, teoria berri baten barruan azaltzen dira hala krisi finantzario berriaren kausak nola krisi horri irteera emateko zenbait neurri eta proposamen. Aipatutako autoreak orain dela ia 20 urte ikusi zuten zer zetorren, baita krisi horren zergatiak plazaratu ere.

 

Ni neu arlo horretako euskarazko bozgorailua besterik ez naiz izan. Izan ere, ekonomiaz eta finantzazko informazio pilo bat zabaldu dut euskaraz azken urte horietan, eta ildo beretik segitzen dut.

 

 

Ekonomia aztertzen duzu liburuan munduko ekonomialaririk onenak erabiliz eta beraien teoria eta ideiak plazaratuz. Nola labur dezakezu kontatu duzuna?

359 orrialde laburtzeko ez naiz gai, ezta pentsatu ere ez. Baina, bi hitzetan zerbait garbi esan daiteke: lehena, krisian gaude, eta krisia nahita sortu dute; eta bigarrena, krisiak badauka irtenbiderik.

 

Irtenbide horretarako, teoria zaharrek, marxismoak barne, ez dute ezertarako balio. Izan ere, oso galdurik daude hala ekonomia ortodoxoan murgiltzen direnak (berdintsu ezkertiarrak eta sasi ezkertiarrak) nola marxismoa ebanjelio gisa hartu dutenak (Euskal Herrian nahiko ezagunak eta erabat aspergarriak).

 

Mosler-ek oraintsu aipatu duenez, “Gaur egungo edozein ekonomiari dagokionez, ‘MMT (Modern Monetary Theory)-rekin, hots DTM (Diru Teoria Modernoa)rekin, koherentea’ ez den edozein pentsamendu-eskola aplika ezina da.”

 

Beste herrialde batzuetako teoriak edo esperientzia hartu dituzu kontuan Euskal Herrian zer egitea komeniko zitzaigun jakiteko, ezta?

Bai. Eta horretarako, subiranotasun monetarioa kontuan edukita, bereizketa garrantzitsu bat eginez, herrialde handiak (AEB, kasu) nola txikiak (Islandia, kasu) ikertu dira. Halaber, moneta jaulkitzaileak (AEB) nola moneta erabiltzaileak bereizi dira (Europar Batasuna, kasu).

 

Era berean, Islandian, Eskozian eta Katalunian dauden mugimenduak, batez ere ikuspegi monetariotik, analizatu dira, betebeharrak, hutsuneak, alde ilunak eta oso argiak diren alde onak eta egokiak aipatuz.

 

 

Warren Mosler beste autoreetatik bereizten duzu. Bera izan da ideiak gehien argitu dizkizunak?

Dakienak badaki, ez dakienak baleki!

 

Mosler-ek badaki, asko eta aspalditik. Ez dut nik bakarrik hori esan. DMTkoek berek horixe diote, hasi R. Wray-rekin eta S. Keltonekin bukatu. Hona hemen Mosler-en lanez jabetu nahi duten hasiberrientzako zenbait zantzu, Mosler-ek berak emanda:

 

  1. Hasi linkean dagoen liburuxka irakurtzen (http://moslereconomics.com/2009/12/10/7-deadly-innocent-frauds/).

  2. Gero joan ‘ezinbesteko’ irakurketara (http://moslereconomics.com/mandatory-readings/).

Zergari dagokionez, gogoratzekoa da: gobernuaren edozein tamainatarako badagoela zergen ‘maila zuzena’, zeina barneko enplegu osoari baitagokiona. Halaber: moneta subiranoko herrialdeetan, zergak eskari agregatua erregulatzeko erabiltzen dira, eta ez errenta publikoa, per se, igotzeko.

 

Oparotasun globalari dagokionez, hiru kontzeptu. Lehena, enplegua, langabezia eskaria agregatuaren gabeziaren ebidentzia dela; bigarrena, Eurolandiarako proposamena, EBZ-tik gobernu kideei BPG-ren %10ko banaketa per capitako oinarrian luzatzea; eta hirugarrena, Job guarantee (edo lan bermea), lan egin nahi duen eta lan egiteko gai den edozeinentzat, 10 dolar/h-ko trantsizio lana eskaintzea, sektore pribatuko trantsizioa errazteko.

 

Hirutan esan dit Warren-ek prest dagoela Euskal Herrira etortzeko, nahi dugunean, eta dakienaz behar den beste hitzaldi emateko. Prest ote gaude gu?

 

 

Liburu honen oinarrian irakurketa ordu asko daudela dirudi?

Ordu asko baino pixka bat gehixeago. Webgune asko bisitatu dut eta horietan zehar mugitu. DTMko autore nagusiei, hamaika e-postaren bidez, zalantzak argitzeko, galderak, eta informazioa eskatu dizkiet.

 

Mugarriak hemen daude:

2004an aztertzen hasi nintzenean, Monetarismoaren eta Chicagoko eskolakoen eragina nabariegia izan zen bitartean, ekonomialari gehienak adabakiak jartzen aritu ziren, besterik ez. Hala ere, aldez aurretik zenbait ekonomialarik (Michael Hudson, haien artean) jadanik plazaratuta zeuzkaten beren analisiak eta ikerketak, heterodoxia arloetan.

 

Zenbat ekonomialari heterodoxo ezagututa neuzkan, baina azken bolada horretan, beste aro berri bat, beste epe berri bat hasi nuen Hudson ekonomialariaren eta historialariaren eskutik.

 

Zer egin beharko genuke gaurko baldintza ekonomiko eta monetarioetatik aurrera jotzeko, ahalik eta subiranotasun mailarik gorenera igotzearren? Zertan datza egungo finantza-mundua? Kapitalismo aldatu da ala ohiko kapitalismo industriala dugu aztergai? Zer da finantza-ingeniaritza? Ba ote gaude ingeniaritza mota berri baten aurrean? Zeintzuk dira makroekonomia berrian aldagai nagusiak?

 

 

Estatu-diruaren teoriaren barnean, 2006tik aurrera Heterodoxia blogean hainbat lan plazaratu ditut, Hudson-en ildotik. Baita Randall Wray-en lanez baliatu ere.

 

Pribilegioa izan da niretzat Hudson ezagutzea eta plazer handia beraren laguntza edukitzea, berak nire bizitza intelektualean aparteko eragina izan duelako. Finantza Kapitalismoa lana jorratzeko, Hudson-ekin batera beste zenbait ekonomialari izan nituen gogaide eta lagungarri: G. Gardiner, G. Tomasson, R. Werner, eta batez ere R. Wray. Baina hamarkada horren bukaeratik aurrera, 2009tik, Modern Money Theory, alegia MMT-ko (hots, DTM) autoreekin aritu naiz lanean…

 

2010eko hamarkadaren hasieran bi mundurekin egin nuen topo, alde batetik ikasketaz ingeniaria naiz. Bokazioz eta zaletasunez ekonomialaria. 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970eko lehen urteetan, zientzian (fisika batez ere) eta ingeniaritzan aritu nintzen. Urte horietan guztietan ingeniaritzaren ingurune sozial eta ekonomikoa ulertzen saiatu eta ahalegindu nintzen: horrek eraman ninduen ekonomia arlora. Ekonomia izan da aspalditik ikertutako arloa.

 

Beraz, ekonomia bidean, finantza sistemak bereganatu egin du ekonomia erreala. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles.

 

Finantza Kapitalismoa liburuan jadanik erabili nituen Randall Wray-ren eta Stephanie Bell-en (orain Stephanie Kelton) zenbait lan. Halaber, Alfred Mitchell Innes-en What is money? lantxo ederra ere.

 

2013an agertu den liburu berrian, Diru teoria modernoa eta finantza ingeniaritza izenekoan, aspaldian bezalaxe, dirua da gaia. Diruaren sormena, maileguak eta kreditua. Bankugintza eta partida biko kontabilitatea. Horretarako, eta aipatu bezala, diru teoria modernoa (DTM) erabili dut. Besteak beste, autore hauek: Randall Wray, Stephanie Kelton eta Bill Mitchell. Bereziki Warner Mosler izan dut gidari.

 

Helburua aspalditik izan dudana bera da. Ezin da bestela izan: Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta monetarioa dut helburu, ez besterik. Horretarako, akademian erabiltzen eta ezagutzen diren testuetatik oso urrun ibili naiz, ortodoxia ekonomikotik erabat aldenduta. Izan bedi lan hori kapitalismo finantzario ulertzeko urrats bat, ekonomia osoa gizartearen onurarako jartzeko, eta ez soilik gutxi batzuentzako mozkinak lortzeko: pauso bat baina halabeharrezko urratsa, dena den. Beste zenbait lanetan egin dudan bezala, eta Euskal Herriko egoera beti presente edukita, liburuan jorratu ditut gure herriaren independentziarako beharrezko diren zenbait proposamen eta neurri.

 

 

Nori zuzenduta dago liburua?

Ikasleei, irakasleei eta ekonomiazko teoria berria, DTM, ikasi nahi duten guztiei. Hona hemen liburua ulertzeko blog laguntzailea: UEUko bloga. 2006ko azaroan hasi zen UEUkoen ekonomia bloga, Heterodoxia, Ekonomiaz haratago izenekoa. Nire lehen sarreran Marx hasiberrientzat izenburupean idatzi nuen.

 

Ondoren, blogeko hamaika sarrera erabiliz bi liburu azaldu dira, 2011an Finantza Kapitalismo eta2013an Diru Teoria Modernoa eta Finantza Ingeniaritza, nire azken liburua.

 

2013an UEUko Ekonomia Saileko zuzendariak blogaren izena eta izana aldatu zituen eta 2013ko udaberririk aurrera nik idazten dut Heterodoxia blogean. Otarrea izeneko UEUko biltokian ere zenbait testu luze aurki daude, baita, UEUkanala izenekoan ere. Beraz, lagungarri gisa irakurleak badauka nora jo.

 

 

Ekonomiaz ez dakien batentzako liburu honetan aurkituko duena ulertuko al du?

Bill Mitchell-i kasu eginez, eta gure aldetik zertxobait aldatuz eta gehituz, DTMz irakurtzerakoan hona hemen jardunbide egoki bat:

 

Ahantz nor zaren.

Ahantz gobernuaz pentsatzen duzuna, ongi ala txar izan.

Ahantz politika sozialaz pentsatzen duzuna.

Ahantz zein herrialdetan bizi zaren. Ez du axola.

Ahantz aurreko kontzeptu ekonomiko guztiak eta ikasi duzuna, ikasi baldin baduzu ezer.

Orduan, eta soilik orduan, ahalegindu zaitez ulertzen irakurtzen duzuna.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea