Berriak

Jose Ramon Furundarena: “Osasun-zientzietan asko ikertu eta berritasun ugari sortzen da, baina orain arte ez da euskarazko aldizkaririk izan"

 

Osagaiz Osasun-zientzien aldizkari elektronikoa sortu berri da Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta UEUren elkarlanari esker. Jose Ramon Furundarena mediku usurbildarra izango da zuzendaria. Hematologia eta hemoterapian espezializatua da Furundarena (Donostia Unibertsitate Ospitalea) eta baita EHUko irakaslea ere.


Osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa taldeen lanak ezagutzera emateko asmoarekin sortu da Osagaiz. Bete beharreko hutsunea zegoen seinale?
Urteak dira osasun arloko azterketa eta ikerketa klinikoak euskaraz argitaratzeko aldizkari baten beharra ikusten genuela, baina hainbat arrazoirengatik inor ez zen ausartzen pauso hori ematera. Orain hainbat faktoreren batuketak ahalbidetu du Osagaiz aldizkariaren sorrera. Alde batetik badira hogeita zazpi urte Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) osasun biltzarra antolatzen duela eta urtero osasun arloko gai ezberdinen inguruan ponentziak, komunikazioak eta tailerrak egin dira eta hauen inguruan euskal profesional ugarik elkar ezagutzeaz gain osasun arloko terminologian trebatzeko aukera izan dute. Beste aldetik Udako Euskal Unibertsitateak ere bide luzea egin du ikastaro anitz antolatuz, tartean osasun arlokoak. Bi elkarteek elkarrekin egin izan dituzte hainbat gauza, baina orain artekoa baino elkarlan sendoago bati esker eta bien arteko sinergiak aprobetxatuz jaioko da Osagaiz aldizkaria. Teknologiaren aurrerapenek ere zerikusia izan dute proiektua aurrera eramateko. Alde batetik Open Journal System plataforma erabiliko delako eta beste alde batetik ez delako paperean argitaratuko, PDF formatuan baizik.


Zergatik behar zen era honetako aldizkaria? Zein zen bete beharreko hutsune hori?
Osasun-zientzietan asko ikertzen da eta berritasun ugari sortzen da. Horien jakitun egoteko ikerlanak eta berrikuspenak argitaratzen dira eta argitalpen horien irakurketak formazioa eguneratzen laguntzen digu. Osasun arloan orain arte ez da euskaraz idatzitako aldizkaririk izan eta hutsune hori betetzen hasi nahi izan dugu. Ea etorkizunean osasunarekin lotura duten arlo zehatzagoak landuko dituzten aldizkari gehiago sortzen diren.


Zeintzuk dira aldizkariaren helburu nagusiak?
Euskal Herriko osasun arloko profesionalek egiten dituzten lan klinikoak, ikerketak, gai klinikoen berrikuspenak, farmakoei buruzko azterketak, erizainen lanak eta abar euskaraz argitaratzeko aldizkaria edukitzea da helburu nagusia. Espezialitate ezberdinetako profesionalentzako interesa daukaten gaiei buruzko artikuluek izango dute lehentasuna. Osasunaren eremu ezberdinetako terminologia lantzeko ere baliagarria izango da, bai egileentzako, artikuluak euskaraz idazten trebatuko direlako, eta baita ere irakurleentzako, besteen artikuluak irakurtzean idazkera eta terminoak barneratuko dituztelako.


Osasun arloko profesionalak egunerokotasunean naturaltasunez euskaraz jarduteko bultzada eraginkorra izan daitekeela diozue.
Bai, horrela da. Gure eguneroko lana ahoz eta idatziz euskaraz zuzen egiteko beharrezkoa da terminoak eta ohiko esapide klinikoak ondo ezagutzea eta denek modu berdintsuan erabiltzea, elkarren artean gero eta hobeto ulertzeko. Horretarako Osagaiz aldizkaria oso lagungarria izango da.

 

Eta zeintzuk izango dira aldizkariaren ezaugarriak? Zein eratako atalak izango ditu? Zein gai jorratuko dira?
Hasiera batean osasunaren arlo ezberdinetako lanez osatutako aldizkaria izatea nahi dugu, jasotzen diren artikuluek markatuko dute aldizkariaren norabidea. Atal ezberdinak izango ditu: editoriala, artikulu originalak, berrikuspen bibliografikoak, galdera kliniko espezifiko bati erantzuteko argitaratua dauden ebidentzia onenei buruzko laburpenak, farmazialarien txokoa eta aholku interesgarriak jasoko dituen “dosi txikitan” atala. Artikulu originalek izango dute garrantzi handiena eta lan handia egin beharko dugu profesional sanitarioen artean aldizkaria ezagutarazteko eta beraien lanak bertan argitaratzera animatzeko. Artikulu horietan sartu ahal izango da osasunarekin loturiko edozein gai, ahal dela espezialitate ezberdinetako profesionalentzako ulergarria izango dena. Eguneroko albisteetan garrantzia hartzen duten hainbat gairen inguruko adituei enkarguz eskatuko diegu berrikuspenak idazteko.


Bi ebaluazio maila izango dira artikuluak argitaratu aurretik. Kalitatea izango da ezaugarrietako bat?
Erredakziora artikulu bat iristen denean batzorde zientifikoko kide bati pasako zaio eta honek artikuluan lantzen den gaiaren arabera arloko bi espezialistei pasako die lanaren ebaluazio kritiko bat egin dezaten. Euskara-zuzentzaile batek eta terminologia-begirale batek ere berrikusiko dute artikulua. Ondoren egileari erabakiak pasako zaizkio eta 10 eguneko epean zuzenketak egin beharko ditu. Zuzenketak egin ondoren argitaratzeko azkeneko erabakia erredakzio-batzordeak hartuko du. Argitaratu baino lehen egileei artikulua maketatuta bidaliko zaie azkeneko berrikuspena egin dezaten eta orduan prest egongo da aldizkariaren hurrengo alean argitaratzeko.

Pauso guzti hauekin artikuluen gutxieneko kalitate bat bermatuko dugu.


Egileek zein pausu jarraitu behar dituzte argitaratzeko? Zein izango da funtzionamendua? Zer jakin behar dute?
Lehen aipatu ditugu artikulu bat argitaratzeko emango diren pausoak. Egileei gomendatzen zaie artikuluek ohiko atalak izan ditzatela: sarrera eta helburuak, material eta metodoak, emaitzak, ondorioak eta erreferentzia bibliografikoak. Artikuluaren hasieran jarriko dira izenburua, egileak, laburpena eta hitz gakoak bai euskaraz eta baita ingelesez ere. Argitaratu nahi den azterketa-motaren arabera nazioarteko gomendioak jarraitu beharko dira. Esandakoari buruzko argibide guztiak www.osagaiz.eus atarian ikus daitezke “Egileentzako gidalerroak” dokumentuan.

Aldizkari honek Open Journal Systems erabiltzen du. Zer esan nahi du horrek?
Mundu mailako sistema ireki bat da, aldizkarien sorrera asko errazten duena. Sistema honi esker gestionatu daitezke erabiltzaile ezberdinak, irakurle soilak, egileak, ebaluatzaileak, editoreak. Jasotzen diren artikuluak ere une ezberdinetan egongo dira: jaso berriak, ebaluatzen ari direnak, onartuak izan direnak eta abar. Argitaratzen diren ale guztiak eskura egongo dira www.osagaiz.eus atarian.

Artikuluak DOI (digital object identifier system) identifikazio digital sistemarekin identifikatuta jarriko dira eta egileek bere eskubideak edukiko dituzte.


Eta irakurleak? Nortzuk izango dira hartzaileak? Erregistratu beharra dago? Nola funtzionatuko du?
Aldizkaria irakurri nahi duenak ez du ordaindu beharko, nahikoa izango da erregistratzea. Une horretatik aurrera ale berri bat argitaratzen den bakoitzean ohar bat jasoko du bere posta elektronikoan eta nahi duenean irakurri ahal izango du PDF formatuko artxiboan. Aurretik argitaratu diren ale guztietarako sarbidea ere izango du. Hasteko urtean bi ale argitaratzeko asmoa daukagu.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea