Berriak

Izarne Lizaso: “Nahiz eta giza garapenean askotan eredu tipikoak egon, ikertzaileek aurkitu dute berdinak diren bi pertsona ez daudela”

Psikologian doktorea da Izarne Lizaso eta Garapen biologikoa eta kognitiboa bizi-zikloan izeneko liburu bat argitaratu zuen UEUrekin iaz. Egun irakasle lanetan dihardu UPV/EHUko Psikologia Fakultatean. Horretaz aparte, ondoko bi ikerketa lanetan dabil murgilduta: batetik, adinekoen eta gazteen kategoria semantikoak ikertzen dabil, eta bestetik, helduaro goiztiarraren inguruan, Sevillako Unibertsitatearekin batera.

IZARNE LIZASO

Ze aldaketa ematen dira garapen biologiko eta kognitiboan bizi-aro bakoitzean?

Bizi-zikloa oso luzea izan daitekeenez, garapenaren psikologiak hainbat adin-tarte bereizten ditu horren barruan. Honako aro hauek bereizten dira: jaiotze-aurreko aroa, lehen haurtzaroa (0-2), haurtzaro goiztiarra edo eskolaurrea (2-6), tarteko haurtzaroa edo lehen hezkuntza (6-12), nerabezaroa (12-20), helduaroa (18-65) eta zahartzaroa(65<). Horrek ez du esan nahi adina, berez, aldagai iragarlea edo azaltzailea denik. Adin-tarteak aldagai multzo zabal baten adierazle dira soilik. Adin-tarte horietan gertatzen diren aldaketa garrantzitsuenak laburbiltzen saiatuko naiz.

Jaiotze aurreko aroa sorkuntzaren eta jaiotzaren artean gertatzen den garapen-prozesuari dagokio. Denbora-tarte horretan, ernaldutako zelula bakarra izatetik milioika zelulaz osatutako enbrioia izatera pasatzen da giza organismoa; horrez gain, organoak eta oinarrizko gorputz-egitura eratzen dira. Garapen-prozesu horretan, herentziak eta inguruneak izango dute eragina.

Lehen haurtzaroan izugarrizko aldaketak gertatzen dira. Adibidez, gaitasun motorra eta koordinazioa, gaitasun sentsorialak eta hizkuntza garatzen dira. Aro horretan, haurrengan familiako kideekiko atxikimendua sortzen da eta konfiantza edo mesfidantza izaten eta maitasuna adierazten edo erreprimitzen ikasten du.

Haurtzaro goiztiarrean edo eskolaurrean haurrak fisikoki, kognitiboki eta linguistikoki azkar hazten jarraitzen du. Garai horretan, norberaren kontzeptua eta nortasuna garatzen hasten dira; genero-rolak bereganatzen ditu, eta beste haur batzuekin jolasteko nahia adierazten du.

Tarteko haurtzaroanedo lehen hezkuntzan aurrerapauso handiak gertatzen dira hainbat gaitasunetan, hala nola irakurtzeko, idazteko, zenbatzeko, mundua ulertzeko eta era logiko batean pentsatzeko gaitasunetan.

Nerabezaroa haurtzarotik helduarorako trantsizio-unea da. Hala, heldutasun sexuala lortzen da, eragiketa formalen pentsamendua sortzen da eta helduen munduan sartzeko prestatzen da pertsona.

Helduaroan inguruneko faktoreek dute eraginik garrantzitsuena subjektuaren garapenean. Hau da, batez ere, zenbait rol eskuratzea izango da garapenaren funtsa. Garrantzitsuenak: bikotekidearena, gurasoarena eta langilearena.

Tarteko helduaroan, berriz, gorputzaren gainbehera hasiko da.

Zahartzaroa egokitzapen-une bat da. Hain zuzen ere, gaitasun fisikoen gainbeheraz gain, egoera pertsonaletan, sozialetan eta harremanetan gerta daitezkeen aldaketei dagokiena.

Pertsona guztiengan ematen al dira aldaketa berberak?

Giza garapena gertaera zabal eta konplexua da. Giza garapenak, oro har, denboran zehar pertsonaren alderdi biologiko, psikologiko eta sozialetan gertatzen diren aldaketa kualitatiboak eta kuantitatiboak biltzen ditu. Hau da, giza garapenaren alderdi guztietan (fisikoan, psikologikoan zein sozialean), bi aldaketa mota gerta daitezke: kuantitatiboak eta kualitatiboak.

Nahiz eta garapenean askotan eredu tipikoak egon, ikertzaileek aurkitu dute berdinak diren bi pertsona ez daudela; ondorioz, garapena modu egokian deskribatzeko, beharrezkoa da aldaketaren eredu tipikoak -hau da garapen normatiboa deiturikoa eta aldakuntza indibidualak -alegia, garapen idiografikoa deiturikoa- kontuan hartzea, gizakiok garapenean gure antzekotasunak eta giza garapenaren bilakaeran gertatu daitezkeen desberdintasunak identifikatzeko.

Biztanleria osoarengan edo biztanleria osatzen duten gehienengan adin zehatz batean gertatzen diren aldaketekin du zerikusi izaera normatiboak.

Eta denboraren poderioz, eboluzioa izan dute? Hau da, duela mende bat ematen ziren aldaketak eta orain ematen direnak berdintsuak dira?

Giza garapenean eragina izan dezaketen faktoreen artean, espezie bateko partaide izatearen eragina, kultura, une historikoa, taldea eta ezaugarri pertsonalak azpimarratu daitezke.

Horien artean, faktore batzuek izugarrizko garrantzia hartuko dute bereziki, nerabezarotik aurrera. Hasteko, gizakiok “kultura” baten barruan garatzen gara eta ikerketek adierazten dutenez, garapen-prozesua ez da berdina kultura guztietan. Adibidez, nerabezaroaren iraupena kulturaren arabera aldatu egiten da: gure gizartean, pubertaroarekin hasi eta heldutasunaren ezaugarri diren betebeharrak eskuratzen diren arte irauten du. Beste kultura batzuetan (AEBko Apatxeen edo Australiako aborigenen kasuan), berriz, zenbait zeremoniak markatzen dute haurtzarotik helduarorako urratsa.

Kultura bakoitzean hainbat “une historiko” daude eta horiek ere eragina izan dezakete garapenean. Lehen aipatutako adibidearekin jarraituz, egun, gure kulturan, nerabezaroak duela berrogeita hamar urte baino gehiago irauten du. Garai hartan, normala zen, oso, gaztetan lanean hasi, ezkondu, eta seme-alabak izatea.

Kultura eta une historikoaz gain, “subjektuaren taldeak” ere eragina izan dezake garapen psikologikoan. Gizartea azpitalde sozialetan antolaturik dago eta horrek ere badu eraginik. Litekeena da estatus bakoitzaren subjektuen garapena ezberdina izatea. Adibidez, maila ekonomiko baxuko familia batean garatzen ari den haurraren ezagutza maila eta maila ertaineko familia bateko haur batena ezberdinak izan daitezke, bigarrenak lehenak baino baliabide gehiago izan ditzakeelako (teknologia berriak, eta abar).

Azkenik, gizakiaren “ezaugarri indibidualak” daude. Gizaki bakoitzak ezaugarri genetiko bereziak ditu, eta, ondorioz, ezberdinak izanda jaiotzen gara. Gainera, gizaki bakoitzak garapenean eragina izango duten esperientzia bereziak bizitzen ditu. Ildo horretan, garrantzitsua da, halaber, bakoitzaren ezaugarriak eta testuingurua aztertzea.

Liburu hau teoriko-praktikoa da, ariketa praktikoak ditu kapitulu bakoitzaren ostean irakurritakoa barneratu den ala ez frogatzeko. Zer nolako lana dakar mota honetako liburu bat osotzeak?

Esku-liburuko edukiak irakurri eta dena egokitasunez barneratzeko lagungarri izan daitezkeen ariketa praktikoak proposatzen dira kapitulu bakoitzaren amaieran. Halaber, oinarrizko kontzeptuak eta irakurgai osagarriak eskaintzen dira. Horrez gainera, erabilgarriak diren material praktikoak (kapituluen alde praktikoan zehazten direnak) jasotzen dira eranskin gisa.

Kasu batzuetan, gaiarekin erlazioa duten dokumentalen bilaketa bat egin da eta dokumental horien edukiak lantzeko prozedura antzerakoa erabili da: helburuak, baliabideak, dokumentalaren laburpena eta prozedura.

Esku-liburuaren alde praktikoa ikasle-irakurleari begira interesgarria izan daitekeela pentsatzen dut, izan ere, landutako eduki teorikoak hobe ulertzeko eta barneratzeko ezinbestekoa da ariketa praktikoak proposatzea. Ariketa praktiko horiek banaka, talde txikitan edo talde handitan landu daitezke prozedura desberdinak erabiliz.

Zer suposatu du zuretzako liburu hau argitaratzeak?

UEUren laguntzaz aurretik irakaskuntzarekin erlazionatutako beste hainbat argitalpen egin dira, esaterako, Giza garapen Psikologikoaren Ereduak;Alzheimer motako dementziak: zer da eta zer egin;Garapen Psikologikoa Helduaroan eta Zahartzaroan, guztiak garapen psikologikoaren inguruan, Alzheimerrari buruzko liburua ezik garapen normatiboari buruzkoak. Zalantzarik gabe, satisfazio handia da liburu bat argitaratzea eta aurrerapauso txiki bat unibertsitateko irakaskuntzaren kalitatearen mesedetan.


Zeintzuk izan dira eskura izan dituzun baliabideak?

Hainbat baliabide erabili dira, hala ere, gehien erabili direnak garapen fisiko eta kognitiboarenarekin erlazioa duten esku-liburuak, kapituluak eta artikulu zientifikoak (gazteleraz zein ingelesez) izan dira. Liburuen artean, esaterako, Delgado irakaslearen (2014) Fundamentos de Psicología para ciencias sociales y de la salud, Papalia eta Olds egileen (2009) Psicología del desarrollo de la infancia a la adolescencia, eta Santrock (2006) Psicología del Desarrollo. El ciclo vital liburuak. Aldizkari zientifikoen artean, bereziki “Developmental Psychology”, “Child development” eta “Infancia y aprendizaje”. Liburu, kapitulu eta aldizkari zientifikoez gain, teknologia berriei esker, gaiarekin zerikusia duten web desberdinak aztertu dira. Horiez gain, youtubeko hainbat bideo ere bilatu eta analizatu dira, bereziki liburuaren alde praktikoari begira.


Aurrera begira, ba al duzu proiekturik esku artean?

Momentu honetan, irakaskuntzarekin erlazionatutako zereginez gain, bi ikerketetan parte hartzen ari naiz. Lehenengoan, kategoria semantikoak adinekoen (55 urtetik aurrerako ikasle unibertsitarioak) eta gazteen (18-30 urte arteko ikasle unibertsitarioak) artean aztertu ditugu.

Horrez gain, adin tarte desberdineko konparaketak ere egin dira, analisi horien ondorioz, 15 kategorietan desberdintasun esanguratsuak aurkitu dira, 11 kategorietan gazteen alde (batez-beste gazteek adinekoek baino elementu kopuru-gehiago esan dute) eta 4 kategorietan adinekoen alde (batez-beste adinekoek gazteek baino elementu kopuru-gehiago esan dute). Lan hori eskuragarri da Aizpurua irakaslearekin batera aurten Psicológica aldizkari zientifikoan argitaratu dugun Datos normativos para respuestas a categorías semánticas en castellano en adultos jóvenes y mayores artikuluan.

Bigarren ikerketan, Sevillako Unibertsitatearekin batera helduaro goiztiarraren inguruko ikerketa batean parte hartzen ari naiz. Hau da, gazteen trantsizio etapa hori aztertu nahi da (18-30 urte artekoa). Ikerketa hori, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak finantzatzen du (“Programa Estatal de Investigación, Desarrollo e Innovación Orientada a los Retos de la Sociedad. Convocatoria 2013. Proyectos I+D+I”-delakoa) eta honen helburu nagusia da gure inguruko gazteak nolakoak diren ikuspegi psikologiko batetik aztertzea. Hori dela eta, 1000 unibertsitateko ikasleekin kontaktatzen ari gara (500 EHUko Unibertsitatean eta 500 Sevillako Unibertsitatean), hainbat gai jorratzen dituen inkesta bat pasatzeko (ongizate psikologikoa, familia eta bikote harremanak, parte hartze soziala edota identitatea).

Gure asmoa, ikasturte honen amaierako datu bilketa egitea da eta ondoren, ikerketaren beste jarduerekin hasiko ginateke: analisi estatistikoak, datuak aztertu, nazionalak zein nazioartekoak diren kongresuetarako lanak prestatu, argitalpen zientifikoak idatzi eta aldizkari desberdinetan argitaratzen saiatu eta abar.

Ondoko hau liburuaren BookTrailerra duzue:

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

 

KzJaia3

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea