Berriak

Itziar Villafañez: "Langabezia-tasak jaitsi arren, prekarietatea estrukturalagoa izango da"

Beste hainbat aditurekin batera, Itziar Villafañez UPV/EHUko irakasleak 'Enpresaren Zuzenbideko Sarrera: eskemak' liburua kaleratu du UEUren argitaletxean. Liburuak enpresa-jarduerari lotutako Zuzenbidearen funtsezko ezaugarriak eta edukia ikasteko oinarrizko trenza izan nahi du.

 

Itziar

· Zein puntutara arte baldintza dezake Zuzenbideak ekonomia-jarduera bat?

Gure inguruan enpresa-askatasuna deritzona da abiapuntua. Honen arabera, edonork edozein enpresa-jarduera askatasunez garatzeko eskubidea du. Muga orokor batzuekin batera (esaterako, sozietate bat eratzeko gutxieneko kapital orokorra, erregistratzeko beharra, zergak ordaintzeko beharra, Lan-zuzenbidea...), kasu batzuetan baldintza bereziak topa ditzakegu, normalean sektore konkretu batzuentzako, inguruan duten eraginagatik, hala nola finantzak, garraioa, energia... Oro har, bereziki aipagarriak dira merkatuan lehia babesteko ezarritako arau edo baldintzak, esaterako, enpresen arteko akordioen debekua lehia kaltetzen badute, kontzentrazio ekonomikoen kontrola, lehia desleialaren debekua (lehiakideak gutxiestea, kontsumitzaileak engainatu edo nahastea...).


· Zuzenbideko zein adarrek dute eraginik nabarmenena enpresen jardueran? Eta bizitzan, orokorrean?

Enpresari dagokionez, eragin zuzenena duten adarrak Zuzenbide zibila (bereziki, kontratuen arauketa orokorra) eta Merkataritza-zuzenbidea (enpresariaren estatutua, sozietateak, lehiaren arauketa, zeinu bereizleak eta industria-jabegoa, insolbentzia...) direla esan daiteke, Lan-zuzenbideakin batera. Hala ere, beste adar batzuek eragin zuzena dute ere enpresa-jardueran, modu nabarmenean Administrazio-zuzenbideak (lizentziak eta baimenak, zergak...). Europar Batasunak onartutako arauek ere garrantzia handia dute enpresari dagokionez.

Norbanakoen kasuan, Zuzenbide zibilak izugarrizko garrantzia du, izan ere, honek zehazten du nor eta noiz den pertsona eta honen inguruko hainbat elementu (naziokotasuna, adin-nagusitasuna eta emantzipazioa, ezkontza-erregimena, aitatasun edo amatasuna eta filiazoa, jaraunspena...). Er berean, eskubide errealak (jabetza, edukitza...) eta kontratuak ere arautzen ditu.

Edozein kasutan, ezin dira ahaztu oinarrizkoenak diren arauak, Estatuaren eta Zuzenbidearen egitura bera zehazten dituztenak, eta, bereziki, pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak onartzen dituztenak, Konstituzio eta Nazioarteko hitzarmenetan jasotakoak.


· Liburuan zehar 300 eskema inguru erabiltzen dituzue Zuzenbidearen gako nagusiak azaltzeko. Hain zaila da modu ulerkor batean azaltzea Zuzenbideak enpresa munduan daukan eragina?

Zuzenbidea sistema konplexua da, milaka arau ezberdinez osatuta dagoena, baina ulergarri egin daiteke bide egokiak erabiliaz. Liburuaren lehenengo atalean sistema honen oinarriak azaltzen saiatu gara, hurrengo ikasgaietan enpresari modu zuzenagoan aplikagarri zaizkion arauetan sakonduz. Espero dut liburuak jarraitzen duen sistematizazioak eta metodologiak Zuzenbidea ulerkorragoa egitea.


· Zuzenbideak izan ditzakeen gako guztiak azaltzea erabat konplexua da. Hala ere, gizarteak badu haren berri izateko beharra. Zer egin daiteke Zuzenbidea gizarteari modu errazago batean helarazteko? Egin da aurrerapausorik?

Noski, komunikabideek orokorrean zeresan handia dute puntu honetan. Batzuetan lan txukuna egiten duten arren, hobe zaindu beharko lukete aspektu hau, askotan Zuzenbidearen ikuspegitik argitaratzen den informazioa ez baita zuzena.

Zalantzarik gabe, Internetek izugarrizko aukerak ematen ditu honetarako. Dagoeneko hainbat webgunek informazio oso baliagarri eta praktikoa ematen dute, eta Administrazio ezberdinen webguneak ere oso baliagarriak izan ohi dira. Administrazioak berak informazio eta formakuntza zerbitzu fisikoak garatu beharko lituzke.


· Lan-kontratu berrietan langileen baldintzak kaxkarragoak diren heinean, badago aukerarik, juridikoki, iraganeko eredu egonkorretara itzultzeko? Zein izango da joera? Zuzenbideak geroz eta gehiago estutuko gaitu?

Tamalez, joera argia dago Lan-zuzenbidea malgutzeko, honek lanpostuak sortuko omen dituelakoan. Gogoratu behar da Lan-zuzenbidearen oinarria langilearen eta enpresaburuaren arteko negoziazio-botere ahalmen ezberdina dela. Hau da, Lan-zuzenbideak langilea babestuko luke enpresariaren negoziatzeko botere handiagoaren aurrean, langileon duintasuna ere aintzat hartuz. Beraz, arlo honetan Zuzenbidea malgutzearen eta babes hori galtzearen eragin zuzena langileek gero eta lan baldintza txarragoak onartu behar izatea izango da. Langabezia-tasak jaitsi arren, prekarietatea estrukturalagoa izango da. Egunoan ezagutarazten ari diren datuek hau baieztatzen dute.


· Langileen eskubideak ukaezinak direla diozue liburuan zehar, eta Langileen Estatutuak jasotako gutxieneko eskubideak ere aztertzen dituzue. Uste duzu gutxieneko horiek errespetatzen direla? Zein da enpresarien, eta oro har, gizartearen jarrera horiekiko?

Langileekiko izugarrizko begirunea duten enpresaburuak badauden arren, zalantzarik gabe langileen eskubideak hainbatetan ez dira errespetatzen. Langilearen menpekotasunezko egoerak hauek exijitzea zeharo zailtzen du, errepresaliak jasotzeko arriskua dela eta. Legedia malgutzeak hau okertu baino ez du egiten.

Esan bezala, sektore batzuek (bereziki enpresari-elkarte batzuek eta nazioarteko erakunde batzuek, nabarmenki Nazioarteko Moneta Funtsak) lan-merkatuaren eta honen arauketaren malgutasun handiagoa eskatzen dute, finean langileei dagozkien kostuak murriztu ahal izateko. Amatasunaren babesa edota Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ere zalantzan jarri dira, hau irrigarria den arren. Langileriaren zati batek aurreko ideiak asumitu baditu ere, langile-kontzientzia galtzeari lotuta dagoena, haserre handia dago egoera honekin, bereziki ideia hauek defenditzen dituzten pertsonen eskandaluak ezagutzen diren heinean. Hala ere, kasu askotan langileen etsipena da nagusi, askorentzat oso urte latzak baitira.


· Zein da liburuaren helburua? nori zuzendua dago?

Liburuak Enpresaren Zuzenbidearen irakaskuntzarako eta ikasketarako tresna baliagarria izan nahi du, honen oinarriak eta funtsezko elementuak modu errezean azaldu eta ulertu ahal izateko. Gai honen inguruan zegoen euskarazko ikasmaterialen hutsunerari ere erantzun nahi izan dio.
Horrexegatik, bereziki Enpresaren zuzenbideko irakasle eta ikasleei zuzenduta dago.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea