Berriak

Itsaso Larramendi“Genero ikuspegiaz ari garenean ez gara soilik puntu beltzez ari, ostendutako begirada eta bizipenez ari gara”

Kalean da Aldiri aldizkariaren 30. alea, “Generoa eraiki” izenburupean. Itsaso Larramendi eta Ander Zangitu izan dira koordinatzaile lana egin dutenak oraingo honetan. Gustura daude, ale oparoa delako. Pozik deialdiak izan duen erantzunarekin. Zangituren esanetan “Generoa eraiki!-ren inguruan horren ikuspuntu desberdin eta aberatsek gaiaren konplexutasuna agerian uzten dute; ate, leiho, zulo edo galdera berriak agerian utziz”

Bakoitzak duen gorputzaren arabera desberdin bizi eta hautematen du hiria…
Ander Zangitu: Esnatu, autobusa itxaron, lanera joan, erosketak egin, batzartu, eta iluntzean etxean sartu. Esnatu, gosaldu, etxetik lan egin, gimnasioan egon, erosketak egin eta etxera heldu. Aktibitate sekuentzia gisa identifika daitezke, baina norbanako desberdinek, sinpleki, hiria nola bizitzen duten azaltzen da. Ematen diren aktibitate multzoek hiriak zer modutan bizitzen diren azaltzen digute. Henri Lefebvre-ren esaldi honek ondo definitzen du bizi dugun hiria: "hiria lurrean proiektatzen den gizarte globala da”. Bizi dugun hiria, hots, egiten ditugun jarduera hauek, gure gizartearen proiekzio dira eta hiria modu desberdinean pairatzen dugu bakoitzaren gorputzaren arabera. Hiri espaziotan gizartearen egungo baloreak erroproduzitzen dira eta hauen euskarri dira. Gorputz desberdinek jorratzen dituzten jarduerak kontuan hartu behar dira. Hauen atzean, pertsonen egunerokotasuna islatzen da, balio sozial eta kulturaletan oinarritzen delarik.

Itsaso Larramendi: Pertsona bakoitzaren mugikortasuna, azala, generoa, adina, sexualitatea etab. rol eta aurreiritzi sozial batzuekin daude lotuta, eta honek badu bere isla hiria erabiltzeko dugun moduan. Batzuetan ikasitako beldurrek gure mugimenduak baldintzatzen dituzte. Besteetan, hiriaren diseinua bera (kaleko elementuak, orografia…) muga fisikoa izan daiteke, ibilbide batzuk ala besteak hartzera behartzen gaituena. Akaso sexualitatea ere, bereziki ez-normatiboa bada, baldintzatzailea da leku batzuk seguru edo arrotz sentitzeko. Azken finean, gure gorputzak nolabait gure egunerokotasuna baldintzatu egiten du, eta gure hiriaren pertzepzioa baita.

Espazioa ez baita neutroa..
A.Z: Espazioa neutroa, unibertsala, parekidea, kolektiboaren aldarri...gisa saldu da. Gure inguruko espazio publikoen atzera begirada historiko bat eginda, ezaugarri horrek gutxitan eman dira bere baitan. Leonardo Da Vinciren Vitrubio-tik Le Corbusierren Modulor- era, adibidez, nagusiki arkitekturaren ardatz den «giza» eskala erabili izan da, bakoitzak bere erara definituta. Giza eskala honen atzean gizaki neutro eta unibertsal bat irudikatzean, ezaugarri zehatz batzuk dituen gizon-gorputza adierazi da, emakumeen eta gainerako gutxiengoen ezaugarriak deuseztatuz. Espazio ez-neutro hauetan gure gorputzak konfiguratzen dituzten ezaugarriak agertzen dira (pasibotasuna, zaintza, kontrola…), genero rolen eraikuntzan nabarmenki eragiten dutelarik. Arkitektura, eta hirigintza hein batean, ez-neutraltasun honen euskarri eta lanabes izan dira, bertan ematen diren botere harremanetan eragiten dute.

Produkziora begira eraiki dira hiriak eta hortik kanpo gelditzen dira emakumeak, haurrak, zaharrak...
I.L: Mugimendu modernoaz gero sorturiko hiri ereduaz ari gara hemen, hein handi batean zonifikazioan oinarritzen zenaz eta gaur egun eraikitzen dugun hirian ere eragina duenaz. Honek soldatapeko lana jartzen du egunerokotasunaren zentroan, etxetik lanerako ibilbide zuzenak erraztuz, baina lan erreproduktiboek hirian zehar sortzen dituzten armiarma sare formako ibilbide konplexuak zailduz. Etxebizitzak soilik dauden auzo batean bizi bazara, adibidez, lanera joan eta itzultzeak ez du zaila ematen. Haurrak eskolara eraman, lanera joan, erosketak egin, haurrak solfeo klasetik jaso eta etxera garraio publikoan heldu behar baduzu, aldiz, irudia bestelakoa da. “Autoan mugitzen den klase ertaineko gizon” gorputz horretatik zenbat eta gehiago urrundu, beraz, erabiltzaile prototipo horren egunerokotasunetik gero eta gehiago aldentzen da errealitatea. Lan produktiboaz edo soldatapeko lanaz haratago lan erreproduktiboei so egiteaz ari garenean, beraz, bizitza sostengatzen duten lan horiek errazteaz ari gara, eta baita hauen inguruan dauden gorputz horiei guztiei erreparatzeaz.

Hala ere azken urteotan pertsonak oinarri dituzten, bizitza oinarri duten, hiriak sortzeko hainbat eta hainbat proposamen sortu dira.
A.Z: Orain dela hamarkada batzuetatik, feminismoak honen inguruan proposamen ugari garatu ditu. Funtzionalismoaren hiri-eredua birpentsatu eta pertsonak helburu dituen hiria proposatu du, eta horretarako ezinbestekoa den emakumeen esperientzia aztertu eta aintzat hartuz. Adibide bezala aipa ditzakegu 90eko hamarkadan genero-ikuspegia txertatuz Vienan eraikitako Hof-ak, garai berdintsuan gurean sorturiko Hiri Debekatuaren Mapak, gero eta ohikoagoak bilakatzen ari diren HAPO-en genero- auditoretzak, eskoletako jolastokiak eraldatzeko proiektuak, egunerokotasunerako hirigintzaren inguruko teoriak, zainduko gaituzten hirien aldarrikapena…. Bestetik, azken urteetan pairatu den balore krisi honen ondorioz gauza asko zalantzan jarri dira; besteak beste, bizi dugun hiri ereduaz hausnartzea ahalbidetu du. Lehenago zalantzan jartzen ez ziren neurriak kolokan jarri eta beste kontzeptu batzuk aintzat hartu dira: zaintza, zahartzaroa, etorkinak, botere harremanak, desazkundea, jasangarritasuna…

Aldizkarian zer da jaso duzuena? Zein izan da helburua?
I.L: Azken urteotan feminismoa indartsu dabil, eta honek badu bere isla hirigintzaren teoria eta praxietan. Testuinguru honetan sortzen ari diren proiektuen testigantza jaso nahi izan dugu, genero ikuspegiak hiriaren ulerkerari gehitzen dion aberastasuna azaleratu, esparru publikoan berau txertatzeko sortzen ari den tresnak ikusarazi. Genero ikuspegiaz ari garenean ez garela soilik puntu beltzez ari, historian zehar beste hainbat diziplinatan bezala ostenduta egon den begiradaz eta bizipenez ari garela. Alean jasotakoari dagokionez oso pozik gaude deialdiak izan duen erantzunaz. Gai anitzak bildu ahal izan ditugu formatu ezberdinetan gainera. Pasaian egindako film labur baten interpretaziotik, etxebizitzen diseinuaren inguruko hausnarketa teorikoetara; Tokioko amek jolas-parkeen inguruan sortutako harremanak ikertzen dituen artikulutik, sexurako espazioen inguruko erakusketaren komisarioari egindako elkarrizketara.


A.Z: Ale oparoa da. Esan genezake Generoa eraiki!-ren inguruan horren ikuspuntu desberdin eta aberatsek gaiaren konplexutasuna agerian uzten dutela; ate, leiho, zulo edo galdera berriak agerian utziz. Artikuluek generoaren eraikuntzan gehiago hausnartzera bideratzen dute, edo hori izan da, behintzat, gure hasierako asmoa.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea