Berriak

Gidor Bilbao: “Lan honek erromatar gizarte patriarkalaren irudi gordina erakusten du”

“Plauto. Militar harroputza” liburua argitaratu berri du UEUk. EAEko selektibitatean derrigorrezko irakurgaia da Latina irakasgaian, eta orain arte ez zegoen euskarazko itzulpenik. Gidor Bilbao Telletxeak, Paula Garcia Iraetak eta Maialen Utrilla Aranak ekarri dute euskarara komedia klasiko hau. Bilbaok eman digu bai lan honen eta baita Plautoren berri ere.

 

 

Nor zen Plauto?
K.a. III-II. mendeetako idazlea da; Titus Maccius Plautus zuen izen osoa. Hainbat komedia idatzi zituen, latinez, Greziako pertsonaiekin eta Greziako giroan kokatuak. Gainera, zorionez, osorik iritsi dira bere antzezlan asko; pozgarria da, izan ere Plauto baino lehenagoko latin idazleen lanak zatika baino ez baitira ezagutzen.

Bere garaian arrakasta handia izan zuten bere komediek...
Bai, badakigu sekulako arrakasta izan zuela antzokietan. Publikoa dibertitzea zen bere komedien helburu nagusia, eta horretarako publikoaren gustuko baliabideak erabiltzen zituen, komedia barregarriak egiteko. Gainera, gero ere eragin handia izan dute literaturaren historian: haren aztarnak agertzen dira Molière, Shakespeare edo Loperen lanetan.

Zergatik aukeratu duzue antzerki lan hau?
Lehenengo arrazoia erabat praktikoa izan zen: EAEko selektibitatean derrigorrezko irakurgaia da Latina irakasgaian, eta orain arte ez zegoen euskarazko itzulpenik. Munduan zehar ohikoa da unibertsitateek klasiko grekolatindarren lanak editatu, aztertu, itzuli eta argitaratzea, eta horregatik pentsatu genuen egokia izan zitekeela UEUk argitaratzea.

Zein da antzerki lan honen berezitasuna?
Plautoren komedia guztietan bezala, pertsonaia tipikoak dira aurrera eta atzera dabiltzanak: antzezlanari izenburua eman diona, militar andrezale harroputz ergela da; berak uste du denen gainetik dagoela, eta denek egiten diote kaka burutik behera. Beste pertsonaia tipiko bat esklabo maltzurra da; ustez behe mailakoa eta ergela, baina benetan artetsua eta amarrutsua; beti lortzen du nagusia mendean hartzea. Bestalde, erromatar gizarte patriarkalaren irudi gordina erakusten du. Genero-estereotipok oso nabarmenak dira, eta emakumea objektu sexual moduan agertzen da; baina, bere mendekotasun egoeratik, gaitasuna erakusten du gizonaren botereari ziria sartu eta gaina hartzeko

Nolakoa izan da itzulpen lana? Zailtasunik izan duzue?
Itzulpen-lana berezia izan da: Maialen eta Paula nire ikasleak ziren Itzulpengintzako ikasketetan, eta haiek egin dute, erdi bana, itzulpen-lanaren lehenengo bertsioa, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko zubi-testuetatik abiatuta. Nik latinezko testuarekin zuzendu ditut haien bertsioak, baina beti haiekin batera eta aldaketa guztiak adostuta. Zailtasun nagusia erregistro egokia asmatzea izan da: ez dakigu lortu dugun, baina militar harroputzaren, esklabo amarrutsuaren, prostituta dotorearen, aguretxo onberaren hizkerei kolore egokia eman behar zitzaien

Zein da liburu honen irakurle potentziala?
Literatura maite duen orok disfrutatuko du idazlan hau irakurtzean. Latindar klasikoa izanik, sorpresa izango da irakurle askorentzat: antzezlanak erritmo bizia du, iruzur bat beste batekin eta nahaste-borraste bat hurrengoarekin kateatzen da, gaurko sitcom edo egoera-komedietako antzera.


 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea