Berriak

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta UEUk lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen (EWKE) helburua elkarlanean oinarritutako Wiki proiektuak hedatzea eta parte-hartze kultura zabaltzea da. Horretarako hainbat instituziorekin ari dira lanean, tartean Eusko Jaurlaritzarekin. Azken honekin proiektu bat dute martxan. 12-16 urte bitarteko ikasleentzako nahitaezkoak diren edukiak Wikipedian aurki ditzaten lanean ari dira; unibertsitate ezberdinekin elkarlanean kalitatezko funtsezko 1.000 artikulu lortzeko. Bide horretan UEUk argitaratutako materiala funtsezko elementua izan daitekeela uste dute. Itzulpenak baino, bertako produkzioa indartu nahi delako. "Euskaraz dauden erreferentzia liburuak indartuz eta euskaraz egin diren testuliburuen eta ikerketen ikusgaitasuna handituz". UEUk hamarkadak daramatza euskarazko produkzioa sustatuz, "material bikainak sortuz zientziaren alor guztietan" Materialik gehiena buruxkak.eus webgunea jasota dago deskarga librerako

Bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren proiektuaren barruan Wikilari egoiliar batek UEUren Buruxkak-eko materialarekin lan egin dezan. Hiru hilabeteko epean buruxkak.eus guneko lagin bat aztertu, sailkatu eta lizentzien inguruko argipena egiteko. Lagineko liburuetan dauden irudi, testu eta abar EWKEren proiektuan osatu nahi diren 1.000 artikuluen zerrendarekin parekatuko litzateke. Era berean, buruxkak.eus-eko lagin hori Wikisource liburutegi birtualera ere igoko da eta interesgarriak izan daitezkeen irudiak Commonsera. Beti ere egiletza onartuz eta buruxkak webgunera bideratuz.

Hiru hilabeteko epe hori eta gero balorazioak egin eta horren arabera 2018rako beste proiekturen bat abian jartzeko asmoa ere badago.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea