Berriak

Elisabete Alberdi Zelaia: “Nire bizitza ez litzateke berdina izango matematikaren presentzia barik”

Elisabete Alberdi Zelaia EHUko matematikako irakasleak; Ekuazio diferentzial arruntak askatzeko zenbakizko metodoak liburua argitaratu du. Izenburuak dioena jakiteaz gain, liburuak dioena jakiteko berarekin hitz egin dugu:

Matematikak ere teknologia berrien beharra al du?

Bai jakina, Matematikak ere teknologia berrien premia dauka. Nik zenbakizko metodoekin eta programazioan egiten dut lana, eta egiten dudan lana ezinezkoa litzateke ordenagailurik barik eta software egokirik gabe. Gehien erabiltzen ditudan software-ak Mathematica eta Matlab dira, eta bereziki bigarrenak kalkulu erraldoiak egiteko balio du: ekuazio linealetako sistema oso handiak askatzeko, Ekuazio Diferentzial Arrunteko sistemak askatzeko, e.a.

 

Artikulu pila idatzi ondoren liburua argitaratu duzu. Ba al dute erlaziorik artikuluek eta liburuak?

Bai, idatzi ditudan artikulurik gehienak Ekuazio Diferentzial Arruntak askatzeko zenbakizko metodoei buruzkoak dira eta liburuak ere hauen gainean dihardu. Orain arte idatzi dudan artikuluetako batek, kriptografia lantzen du eta ez da hau nik landu ohi dudan gaia, baina hauxe da salbuespena nire artikuluetan. Beste artikulu guztiek liburuan lantzen diren gaiak lantzen baitituzte.

Zertarako balio dute ekuazio diferentzialek?

Ohikoa da ingurune jarraituaren modelizazio matematikoa ekuazio diferentzial edota ekuazio diferentzialen sistemen bidez egitea eta honela ageri da hainbat diziplina edo jakintza arlotan. Honen adibide dira, elastikotasunean, materialen erresistentzian, jariakinen mekanikan, elektromagnetismoan, beroaren transferentzian, erreaktore kimikoetan, eta abarretan erabiltzen diren legeen formulazio matematikoa deribatuak agertzen diren ekuazio edo ekuazio sistemen bidez egitea, alegia ekuazio diferentzialen bidez edota ekuazio diferentzialen sistemen bidez egitea.

Aplikazio praktikorik ba al dute?

Jakina aplikazio praktikoak dituztela, xafla batean zehar beroa nola sakabanatzen den ematen digun ekuazioan, uhin bat nola hedatzen den ematen digun ekuazioa, populazio baten hazkundea adierazten duen ekuazioan, e.a. Ekuazio diferentzialak deribatuak agertzen diren ekuazioak dira. Deribatuak aldagai batek beste batekiko duen aldaketa adierazten du eta deribatuak ageri dira.

Matematika zer da zuretzat? Zer eskaintzen dizu zuri? Eta gizarteari?

Nahiko zaila egiten zait galdera erantzutea. Matematika zientzia bat da, axiometan oinarrituz eta arrazonamendu logikoa erabiliz, formula berrietara eramaten gaituena. Matematikak bere notazio eta hizkuntza propioak ditu, zehaztasuna eta zorroztasuna ezaugarri legez dituztenak.

Matematikak niri bizitzeko era bat eskaintzen dit, hau da, nire bizitza ez litzateke berdina izango matematikaren presentzia barik. Matematikako artikuluak irakurtzen eta idazten ditut, formula eta metodo berriak sortzeko lana egiten dut, matematikei buruz dudan ezagutza nire ikasleei transmititzen diet, komunikabideetan matematikaz dihardutenean egiten nagoena utzi eta diotena aditzen dut eta, nahiz eta uda izan edo oporretan egon, matematiketako ikastaro edo kongresu on bat dagoenean bertara joateko ahalegina egiten dut.

Gizarteko hainbat alorretan ageri dira Matematikak. Ingeniaritzako hainbat problema ebazteko matematiketara jotzen da, kimika arloan berdina gertatzen da, kalkulu ekonomikoen oinarrian ere matematikak daude, enpresa bateko langileen ordutegien antolakuntzan baita, web-ean segurtasunez bidaiatzea ere matematikei zor diegu, e.a.

Zeini zuzenduta dago liburu hau?

Liburua bereziki ingeniaritza edo zientzietako ikasketak egiten ari direnei edota esparru horietan lanean dihardutenei zuzenduta dago.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea