Berriak

Edorta Arana Arrieta: “Gaurkotasun-edukiek transmedia ikuspegitik landuta asko irabazten dute, zabaleran, sakoneran eta erabiltzaileen inplikazioan”

 

Edorta Arana Arrieta, Agurtzane Elordui Urkizarekin batera, UEUn argitaratu berri den “Transmedia Komunikazio Estrategiak: gaurkotasun-edukiak diseinatzeko eta hedatzeko bide berriak liburuaren editore lanetan murgilduta aritu da buru-belarri. Komunikazioaren arloan bolo-bolo dabilen kontzeptu honen inguruan egin dugu solas UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaile arrasatearrarekin.

 

Edorta Arana Arrieta

"Transmedia Komunikazio Estrategiak: gaurkotasun-edukiak diseinatzeko eta hedatzeko bide berriak" liburua argitaratu berri duzue; zer aurkituko du irakurleak bertan?

Gai eta ikuspegi desberdinez osatutako mosaiko baten antzera, kapitulu bakoitzak transmediatasuna gaurkotasun-edukietan nola gauzatzen den jorratu du bere erara. Eta guztiek lotura daukate, finean, komunikazio estrategia integratzaile eta osoa planteatzen dutelako. Bakoitza beretik abiatu eta gaia aberastea izan dugu helburu, adibide ugari eta hausnarketa propioak eskainiz. Sarrera puntu ugari ditu liburuak, norberaren interesen arabera egin daiteke bidea eta irakurleak kapitulu guztietan aurkituko du berrikuntzaren bat, baita hausnarketa ugari ere.

 

Norentzako idatzi duzue?

Egungo komunikazio-ereduetan interesatuta daudenak izan ditugu buruan lana egiterakoan, izan ikertzaileak, komunikazioaren profesionalak zein ikasleak. Modu erraz eta zuzenean idatzita dago eta kasu zehatzak aipatzen ditu; norberak bere kabuz, ikusi eta sakondu ditzakeen adibideak eskainiz.

 

Transmedia gako-hitz bihurtu da egungo komunikabideetako profesional eta adituentzat, baina zer da transmedia?

Komunikazioa modu zabal, osatu eta bizian ulertu behar dela pentsatuta, transmediatasunak hori adierazi nahi du: edukiak medio eta plataforma desberdinez bideratu daitezkeela, erabiltzaileak sekulako indarra daukala istorioa bera osatu eta interpretatzerakoan, eta errekurtso teknologiko ugari daudela elkarreraginerako. Transmedia ikuspegia ohiko komunikabideetarako aplikagarria da, baina baita mugimendu sozialen jardunerako, publizitate kanpainetarako ala hauteskundeetarako ere. Transmedia komunikazioa modu integratzailean, multimedian eta parte-hartzailean gauzatzen da gure egunerokoan.

 

Hortaz, audientzia parte-hartzaileak eskatzen duenari erantzuteko estrategia al da?

Neurri handi batean erabiltzaileak ekarri du transmediatasunaren garapena. Egungo komunikazioan, informazioa eta entretenimendua eskaintzen dituzten edukiak medio askotatik heltzen zaizkigu, idatzizkoak batzuk eta ikus-entzunezkoak besteak. Komunikabide tradizionalez gain, Interneten bidez jasotzen ditugu eduki asko eta asko. Eta hori gutxi balitz, jendearen parte hartzea ahalbidetzen dituzten medioak eta komunikazio-sareak indartzen ari dira. Ikus-entzule pasibo izatetik, iruzkinak egin, partekatu, edukiak birsortu eta zabaltzeko aukera eskaintzen dituzten komunikazio-balioak dira hobesten ditugunak. Istorioaren zentraltasuna eta norabide askotariko komunikazioa dira transmediatasuna indartu duten bi elementuak.

 

Fikziotik aldendu eta informazioaren arloa hartu duzue aztergai diziplina anitz bilduta: zer ekarpen egiten dio transmediak esparru horiei?

Hasiera batean, transmedia kontakizunak fikzioaren eremura mugatzen ziren. Egia da oso lur eremu aberatsa dela istorioak medio desberdinetara zabaltzeko eta bakoitzean bere lengoaia garatzeko. Fikzioa liburuetan, pelikuletan, merchandising-ean ala komikietan oso ondo aritzen da eta bazirudien “gai serioetarako” ez zela hain egokia. Errealitateak erakutsi du eguneroko eduki informatiboek sekulako aukera daukatela sare sozialetan hedatuak izateko, blogetan sakontzeko, telebistan irudietara pasatzeko, hitzen bidez kontatzeko. Eta, horiez gain, jendearen inplikazioa areagotzeko eta ekarpenak bideratzeko. Gaurkotasuneko edukiek transmedia ikuspegitik landuta asko irabazten dute, zabaleran, sakoneran eta erabiltzaileen inplikazioan.

 

Komunikazio arloko profesional bati zer nolako erronkak planteatzen dizkio transmediak?

Norabide bakarreko komunikazioaren eredua estuegia da, gaur gaurkoz. Hartzaile hutsa izatea baino jendeak nahiago du komunikazio prozesuan partaide izatea. Komunikazioaren profesionalek horren jakitun, joan-etorriko biko dinamikak kontuan hartzen dituzte eta jendearen interes eta nahietara irekita daude. Gainera, jendeak medio ugari eta komunikazio-lengoaia desberdinak erabiltzen dituenez, komunikatzaileak iaioak izan behar dira istorioa hitzetan, irudietan eta soinuetan kontatzeko. Multimediatasuna, gertutasuna, elkarreragina eta irekitasuna hitz gakoak dira gaur egungo komunikazioan.

 

Euskal Herrian ba al dugu tankera honetako adibiderik?

Hemen ere, mundu guztian bezala, multimediatasuna nagusitzen ari da: egunkariek webguneak dituzte, telebistek informazio idatzia zabaltzen dute eta irratiek irudiak inkorporatu dituzte sareko eskaintzan. Ohiko komunikabideek betiko euskarriez gain, informatikoak ere bereganatu dituzte eta ordenagailuak, tabletak eta mugikorrak lan tresna modura hartu dituzte edukiak zabaltzeko. Gainera, erakunde publiko, mugimendu politiko, enpresa eta marka komertzialak transmedia komunikazioaren garrantziaz jabetu dira. Asko dira, transmedia ikuspegiarekin gauzatutako proiektuak: publizitate kanpainak, fikziozko edukiak, erakundeen proiektuak. Guk, bereziki, jendearen parte-hartzea eta komunikazio-eredu berriak planteatzen dituztenak hartu ditugu kontuan gure ikerketetan, hala nola Korrika, Gure Esku Dago, Tirabirak edo Emusik bezalakoak. Horiek arreta bereziaz landu ditugu jendearen inplikazioa eta parte-hartzea muinean dituztelako eta istorio gisa bereziki aberatsak direlako.

 

Zeuk programazioa hartu duzu hizpide idatzi duzun atalean. Zertan aldatu da telebistaren programazioa? Zer elementu berri hartu behar dira aintzat orain?

Telebista deitzen dugun hori asko aldatu da azken urteotan. Kanal kopuruan eta telebista-enpresa motan, edukietan eta zabaltzeko sistemetan, zein hartzaileen portaera eta nahietan oso bestelakoa da panorama gaur egun. Lehengo programatzaileek ardura bakarra zuten telebistaren aurrean esertzen zirenentzako programak ordenatzea, eta lan horretan konpetentzia baino finago ibiltzea. Gaur egun, ikus-entzuleek edukiak jasotzeko baliabide asko dituzte eta serieak, albistegiak ala kirol erretransmisioak gozatu nahi dituzte edonon, eskura dauzkaten tramankuluen bidez eta gura dutenean.

 

Hortaz, programatzaileentzako gauzak zaildu egin dira gaur egun eta bere publikoaren bila joan behar dute, dauden lekuan daudelarik, nahi dituzten edukiak eskainiz eta aukera guztiak eskura jarriz. Transmedia programaziogintzak hori hartzen du kontuan, erabiltzaile aktibo, parte-hartzaile eta iritzidunarentzako egin behar duela lan. Bere edukiak sortu, zabaldu eta ezagutarazi behar dituela eta jendeari edukietan engaiatzeko aukera desberdinak eskainiz gainera. Erronka ikaragarri polita, zaila oso, baina aberasgarria.

 

Nola hurbil zinen transmedia ikerketara?

Ikus-entzunezkoen mundua asko gustatzen zait eta bereziki horiek zenbaterainoko eragina daukaten jendartean. Komunikabideen erabilera berriak eta horrek komunikazioari eman dion astindua asko interesatzen zaizkit. Bide horretan, transmediatasunarena oso eremu aberatsa da, ikerketarako eta lanerako. Zerikusia dauka istorioak kontatzearekin, mezuak sortu eta ekoiztearekin eta baita lotura handia dauka jendearen portaera komunikatibo berriekin ere. Horregatik da bereziki interesgarria. Transmediatasunak komunikazioari ikuspegi berri bat ematen ziola konturatuta, badira urte batzuk gai honen inguruan ikerketa proiektuak martxan dauzkagula eta teoriaz gain praktikatik ere jorratu izan ditugu eremu berri honetan.

 

Transmedia Komunikazio Estrategiak: gaurkotasun-edukiak diseinatzeko eta hedatzeko bide berriak” liburua bide beretik doa. Transmediatasunak informazioaren eta dokumentalgintzaren alorretan garatzeko dauzkan ahalmenak azaltzen dira bertan. Gaurkotasuneko edukiek transmediatasunaren ikuspegitik zenbaterainoko eta norainoko bidea egiten ari diren aztertzen da liburuan. Hamar adituei eskatu diegu kapitulu bana; nor bere ezagutzatik, gaia landu, eta kasu interesgarrienak zein etorkizunera begira etorri daitezkeen berriei buruzko iritziak eskatu dizkiegu. Ibilbide interesgarria izan da eta emaitzarekin oso pozik gaude. Agurtzane Elordui eta biok ibili gara koordinazio lanetan baina benetan eskertzekoa da egile desberdinek egindako ekarpena.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea