Berriak

Dabid Anaut: “Erabat definitzen gaitu hizkuntzak, espezie gisa eta pertsona partikular gisa”

Dabid Anaut  filologoak eta euskara teknikariak Hizkuntzaren barrurako atea  liburua argitaratu du Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU). Lanean jarduteaz gain, gustuko lanean jarduteko parada duen nafarrari betidanik interesatu zaio hizkuntzaren jatorria aztertzea. Oraingo honetan, euskaratik haratago, hizkuntza bere osotasunean aztertu du.

 

Euskararen inguruan maiz idatzi duzu, kasu honetan hizkuntza bere osotasunean jorratu duzu, ezta?

Euskara afizio eta ofizio dudalako, maiz idatzi dut euskararen inguruan. Gehienetan soziolinguistikaren ikuspegitik eta euskararen normalizazioaren inguruko gorabeherez. Ezinbesteko alderdia iruditzen zait, euskara maite eta estimatzen dugun guztiontzat ezinbesteko, gure hizkuntzaren etorkizuna hor dugulako jokoan, nolabait esateko. Oraingoan, ordea, UEUk argitaratu duen lan honetan, euskarari baino gehiago hizkuntzari, oro har, heldu diot. Hizkuntzari modu hain zabalean begiratzeko oinarrizko motibazioa ziur asko euskaratik bertatik etorri zait, baina gure hizkuntzatik bertatik begirada zabaltzea nahikoa prozesu logikoa iruditzen zait, estu-estu lotutako kontuak direlako azken batean. Bateragarriak iruditzen zaizkit, guztiz, hizkuntzari begiratzeko bi modu horiek, alegia, soziolinguistikarena eta biolinguistikarena.

Zer aurkituko du irakurleak liburu hau esku-artean duenean?
Hizkuntzak eta guk geuk, espezie gisa, dugun harremanari emandako begiratu bat, dibulgazio gisa planteatuta. Hizkuntzaren jatorria eta eboluzioa, hizkuntza nola sortu ote zen, noiz, zertarako... Horren inguruan han eta hemen proposatu izan diren hainbat hipotesi, uste, proposamen... aurkituko ditu irakurleak. Eztabaidaren nondik norako nagusiak laburtzeko ahalegin bat egin dut liburuan, irakurlearen interesa piztuko duelakoan. Horretaz gain, hizkuntzarekin dugun harremana ere lantzen da liburuan, hizkuntzaren izaeraren, senezkotasunaren, burmuinean izan lezakeen kokapenaren, hizkuntzaren jabekuntzaren eta antzeko gaien gaineko atal batzuk ere badaudelako. Gai horien guztien inguruko ideia batzuk bildu, ordenatu eta euskarara ekarri nahi izan ditut, izan ere, han eta hemen argitaratutako artikuluak salbu, iruditu zitzaidan gisa honetako libururik ez zegoela euskaraz. Euskaraz irakurri nahiko nukeen liburua idazten saiatu naizela uste dut.

Gizakiak duen hizkuntzarekiko premia nola azalduko zenuke hitz gutxitan?
Oso oinarrizko premia dela iruditzen zait. Gure egiteko guztiak, gure ekintza guztiak, gure pentsamendu guztiak, gure bizitza osoa, hizkuntzak blaitzen ditu. Erabat definitzen gaitu hizkuntzak, nire ustez, espezie gisa, eta pertsona partikular gisa. Oso bestelakoa izanen litzateke gure bizitza hizkuntzarik gabe, bistan denez. Horren gaineko berariazko gogoeta egin gabe ere, uste dut denontzat nahikoa gauza ebidentea dela, eta hala sentitzen dugula. Horregatik da, besteak beste, hain garrantzitsua hizkuntza. Ez da erabilgarritasun kontu hutsa, identitatearekin ere zerikusi handia dauka. Oinarrizko premia horrek eraman du hainbat jende, nire ustez, hizkuntzaren inguruan pentsatzera, ikertzera, lan egitera edo mobilizatzera. Ikuspegi orokor batetik bezala, baita norberaren hizkuntzaren ikuspegitik ere.

Hizkuntzarekin eta, zehazki euskararekin, egin izan duzu lan urte askotan; hala nola, euskara teknikari eta, orain, Elhuyarren. Zer dela eta?

Txikitatik daukat hizkuntzarekiko grina hori, eta horrek gidatu nau ikasketak eta lanbidea hautatzeko garaian. Filologia ikasi nuen, eta euskara teknikari lanetan aritu naiz nire ibilbide profesional osoan. Gaur egun ere horretan ari naiz. Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuetan egin dut lan 1991. urtetik hona, Elhuyar Aholkularitzan egindako ia hiru urteko aldian izan ezik. Bai batean eta bai bestean aski gustura, afizio dena ofizio bihurtuta. Eta, zer esanik ez, euskararen eta hizkuntzaren bizitzaz eta nondik norakoez asko ikasteko bidea ematen du horrek, egunero alderdi eta egoera ugari eta askotarikoak ezagutzeko eta lantzeko aukera ematen duelako, euskalgintzako hainbat lagunekin batera gainera. Egoerak ez dira beti gozoak izaten, gazitik ere badu lanbide honek, jakina, baina lanerako motibazioa izatea gauza ederra dela uste dut, eskertzeko moduko gauza.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea