Berriak

Asier Vallejo: “Konposatu kimikoak kaltegarriak direla ohartzen garenean hasten zaizkigu kezkak"

Jone Omar Kimika Analitikoan doktorea eta Joint Research Centre-Institute of Rereference Materials and Measurements (JRC-IRMM) delakoan postdoc ikertzailea da, Belgikan.

Asier Vallejo Kimika Analitikoan doktorea da. Bestalde, Ingurumen Zientzietako Graduko (Farmazia Fakultatean) eta Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia eta Marine and Environment Resources graduondokoetako irakaslea da UPV/EHUn.

Ingurumen-kutsaduraren analisia izenburupean, analisi kimikoaren xehetasunak, baliabideak eta mugak agertzeko liburua argitaratu dute UEU eta UPV/EHUren lankidetzarekin. Liburuaren lehen orrietan agertu bezala, ingurumenaren analisiaren gaia lantzeko tresna sortu dute. Hainbat teknika, prozedura eta arrazoi bildu dituzte airearen, uraren, zoruaren eta jakien analisiak egiteko, hurrenez hurren.

 

Zuen lana hainbat lerrotan egituratu egin duzue, irakurlearen mesedetan. Besteak beste, azalpen teorikoak, metodologikoak, adibideak, galdera-proposamenak eta erreferentziak erraztu dituzue. Irakurlearen jakin-mina asetzeko bidea erraztu duzue, beraz?

Hori da asmoa, bai. Izan ere, neketsua izaten da liburu teoriko bat inolako aplikaziorik gabe irakurri behar izatea. Kasu honetan, teoria azaltzen da baina alde praktikoa ere indartu nahi izan dugu. Modu honetan irakurleak azterketetarako tresnak zertarako eta nola erabiltzen diren ikas dezake. Gainera proposatzen diren ariketekin norberak bere ulermena errazago egitea espero dugu.

 

Nondik datorkizue analisiaren gaia plazaratzeko eta argitzeko gogoa?

EKAIA aldizkarian kannabisaren inguruan ale berezi bat koordinatzen geundela, liburu bat idaztea bururatu zitzaigun. Kimika Analitikoari buruz eta, batez ere, ingurumen eta jakien analisiari buruz, euskaraz ezer idatzita ez zegoela ikusi genuen eta animatu egin ginen. Hainbat aditurengana jo genuen laguntza eske, eta lanean hasi ginen.

 

Sarreran agertzen denez, gizalanaren ondorioz ekoitzitako konposatu kimikoak 80 milioi izatera heldu dira, baina horietatik 300.000 inguruk baino ez daukate erabilera araututa. Zer egin, beraz, gainerako guztiekin?

Gaur egun, Konposatu Kimikoen Europar Agentzia REACH arautegia garatzen ari da eta, bertan, enpresetan garatzen diren konposatu kimiko “guztien” zerrenda bat egin nahi dute. Lan neketsua da eta oso zaila, nire ustez.

Konposatu asko ez daude oraindik araututa baina, badute jarraipenik, estrogenoak adibidez. Beste asko, ordea, ez dira ezagutzen. Izan ere, ekoizten diren konposatu kimiko asko beste konposatu batzuetan eraldatzen dira, ondorioz, zerrenda luzatu egiten da.

Gainera, eskuarki, konposatu kimikoak gizakientzat edota ingurumenarentzat azken hau gutxiagotan kaltegarriak ez badira, ez da aztertzeko interes handirik egoten. Gerora kaltegarriak direla konturatzen garenean, orduantxe hasten dira ardurak… betiko kontua. Hortaz, erantzun zehatzik ezin dut eman. Ahaleginak egiten ari dira gehienak identifikatzen, baina gaur egun ditugun tresnekin, oraingoz, ez da lan erraza.

 

Zergatik ez dira arautzen?

Kasu gehienetan konposatu kimiko horien eragina gizakiengan edo ingurumenean oraindik frogatuta ez dagoelako gelditzen dira arautu gabe.

 

Airearen lagin-biltzeak garrantzia handia du analisia egiterako orduan, laginaren aldakortasun bizkorra dela-eta. Zein irizpide hartu behar dira kontuan, beraz, airearen lagin-bilketarako gailu egokienak aukeratzeko?

Airearen lagin-bilketa adierazgarria lortzeko, normalean gailu pasiboak erabili ohi dira. Hau da, kontzentrazio puntual bat lortu beharrean, gailu hauekin airean azaldutako konposatuen batez besteko emaitza lortzen da, alegia, egunean zehar edo zenbait eguneko batez bestekoa. Hala ere, bakoitzaren helburuaren arabera aukeratu behar dira tresnak.

Gasteizen, adibidez, uneoro airearen kalitatearen neurketak egiten dituzten 4 estazio daude. Bertan, SO2, NOx, CO,eta O3, kontzentrazioak eta PM10 eta PM2.5 neurtzen dira etengabe. Eta, jakina, neurri hori ez da batere merkea.

 

Kimikan aditua ez den norbanakoak, uraren kalitatea aztertzeko modurik al du eskura? Alegia, nola ezagutu edo aztertu ahal dira ingurumeneko uraren ezaugarriak?

Normalean uraren kalitatezko parametroak udalek eta Foru Aldundiek zehazten dituzte. Berez, edozein etxebizitzatako uraren parametroak kontrolatuta daude. Ingurumenean, aldiz, ez dago hain kontrolatuta Foru Aldundiek ohiko kontrolak eginagatik.

Uraren kalitatea zehazteko hainbat parametro daude, disolbatutako oxigenoa (DO), oxigeno eskari biologikoa (DBO), pH-a… Parametro hauek guztiak araututa daude eta horien arabera definitu daiteke uraren kalitatea nolakoa den. Analisi batzuk oso arruntak dira, esaterako, pH-a, eroaletasuna eta DO, zunda multiparametriko batekin egiten baitira in-situ. Beste batzuk egiteko, ordea, DBO adibidez, laborategiko lana beharrezkoa da.

Hauek guztiak parametro arruntak dira eta, hauetaz gain, metalen kontzentrazioa ere mugatu ahal da, eta baita nitrito eta nitratoen kontzentrazioa ere. Nahi den beste. Aldiz, ingurumenean dagoen uraren kalitatea aztertu nahi baldin bada, onena erakunde egokira jotzea da. Erakunde handiek dauzkaten tresna eta metodologia guztiak araututa daude, hortaz, lortutako ziurtagiriak baliagarriak izango lirateke.

Bestalde, guk ikerkuntzan egiten dugun lana pausu bat haratago doa, ezohiko konposatu organikoen analisiak egiten baititugu. Besteak beste, pestizidak, estrogenoa eta plastifikatzaileak aztertzen ditugu.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea