Berriak

Agustin Arrieta Urtizberea: “Zientziagintzak giza jarduera guztiek bezalaxe argi-itzalak ditu”

“Zientziaren argi-itzalak” izeneko liburua argitaratu du Agustin Arrieta Urtizberea UPV/EHUko filosofia irakasleak UEUrekin.

Zientzia eta zientziagintza, nahi edo nahi ez, denon auzi bihurtu dela diozu
Bai, hala uste dut. Gure planeta erdi urdinaren egungo egoeraren edozein deskripziotan zientziak eta zientziaren eraginak agertu behar dute derrigorrez. Eta, itxura guztien arabera, etorkizunean ere zientziagintzari lotutako teknika eta teknologia indar handiagoz barneratuko dira gure bizitzetan, gure inguruan, gure harremanetan, ia-ia esan genezake, gure gorputz-arimetan. Zientziagintzaren garroen eragina planeta osora zabaltzen ari da etenik gabe. Eta eragin horrek berri onak eta txarrak dakartza.

Zientzia ala zientziak esan behar dugu?
Biak dira zentzuzkoak. Zientziaren baratzean ale oso bestelakoak sortzen dira. Esaterako, arkeologia, historia eta fisika oso bestelakoak dira, bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hortaz, “zientziak” esatea zentzuzkoa iruditzen zait, “bestelako” izaera hori jaso ahal izateko. Ildo beretik, zentzuzkoa iruditzen zait “gizarte zientziak” eta “natura zientziak” elkarrengandik bereiztea.

Alabaina, “zientzia” esatea ere zentzuzkoa dela justifikatzen ahalegintzen naiz. Izan ere, oso bestelakoak diren zientzia partikular horiek guztiek joko-erregela batzuk bete behar dituzte. Besteak beste, liburuan “zientziaren berezko ezaugarriak” deitzen diren horiei men egin behar diete zientzia guztiek: ebidentziei begirunea zor zaie, objektibotasuna helburua da, aurreiritziei muzin egin behar zaie, huts egiteak minimizatu behar dira…

Zientziaren gainean egiten diren muturreko deskripzio hedatuenekin ez zatoz bat.
Nire irudipena da nahiko hedatuta daudela muturreko bi ikuskera. Alde batetik, batzuek uste dute zientzia dela pertsona boteretsu edo maltzur batzuek “negoziatzen” duten zera; azken buruan, ideologia edo interesen (interes ekonomiko, politikoen…) araberako kontua. Uste dute zientziaren muina horretan datzala.

Beste alde batetik, beste batzuek aldarrikatzen dute zientzia dela ikerketa puruaren erresuma. Zientzialaria gertakari puruetara emana bizi dela, zientzialaria gauza dela bere jarduera eragin politiko-ideologiko-ekonomikoetatik libre uzteko. Ikuspegi horrek pobretzen du zientziagintzaren argazkia. Nire iritzian, ezin da ukatu eragile horien garrantzia; pentsatu behar dena da ea eragina nolakoa edo zenbaterainokoa den.

Bi jarrera horien arteko ikuspegi bat marrazten ahalegintzen naiz.

Bide horretatik zientziaren garbitasuna jartzen duzu zalantzan
Zientziaren garbitasuna aldarrikatzen dutenak dira, hain zuzen, aurreko galderan aipatu ditudan bigarrenak. Uste dute zientziagintza gertakariei, egiari, objektibotasunari, ebidentziei eta abarrekoei bakarrik lotzen zaiela. Zientzialaria ezagutzaren edo ikerketaren burbuilaren baitan irudikatzen dute. Hori idealizazio bat da, ez dator bat zientziagintzaren errealitatearekin. Pentsamenduaren historian askotan irudikatu da zientzia modu puru, garbi edo autonomo horretan. Haatik, zientziagintzak era askotako eragileekin hartu-emana dauka, eta, hala, ustezko garbitasuna edo autonomia kutsaturik agertzen da.

Arlo ezberdinetako hainbat lagun ere ekarri dituzu argazki egokiagoaren bila. Zein da atera duzun argazkia?
Ekologismotik, soziologiatik, filosofiatik, feminismotik eta bestelako ikuskeretatik egindako kritikak hartu ditut aintzat. Kritika horien artean, batzuk zentzuzkoak iruditzen zaizkit eta beste batzuk ez.

Atera dudan argazkian zientziak lehen aipatu ditudan berezko ezaugarri batzuk ditu, horregatik da zientzia eta ez, esaterako, fikzioa edo artea edo erlijioa edo bestelako jarduera mota bat. Teoria zientifikoak ez dira fikzio-antzekoak, batzuek esaten duten bezala. Gizakia, gizaki denetik eta beste animaliak ez bezala, saiatu da inguruan esku hartzen, inguru horretan lasaiago edo erosoago edo arriskuetatik urrun ibiltzeko. Horrek eskatzen du inguruan arakatzea, ingurua ikertzea, ingurua ulertzea, ingurua esplikatzeko eta aurresateko ahalmena garatzea, eta, ondorioz, ingurua aldatzeko gaitasuna eskuratzea. Hor kokatzen ditut zientziaren berezko ezaugarriak.

Baina berezko ezaugarri horiek harreman korapilatsua dute, besteak beste, eragile politiko-soziologiko-ekonomikoekin. Hori ezin da ukatu. Gainera, eragile horien garrantzia nabariagoa edo indartsuagoa da diziplina zientifiko batzuetan beste batzuetan baino. Beraz, argazkia konplexua da, baina zientziagintzaren argazkia aipatu berezko ezaugarrien gainean eratzen da. Ezaugarri horiek zientziaren muinean daude.

Zein da liburuaren helburua? Edo zein da lanaren oinarrian dagoen kezka nagusia?
Kezka batzuk dabiltza jira-biran. Batetik, ezin da modu arin batean baieztatu zientzia fikzio bat dela edo zientzia negozio hutsa dela edo zientzia trikimailu hutsa dela edo zientzia erlijio antzeko bat dela; eta, aldi berean, gaixorik gaudenean ospitalerik, medikurik edo botikarik onenaren bila abiatu. Zer da medikurik, ospitalerik edo botikarik onena izatea? Hori negoziazio (ideologia, erlijio-irizpide,...) hutsez erabakitzen al da? Ahul samarra da une gogoetatsuetan zientzia ideologiarekin (edo erlijioarekin edo...) berdintzea eta, aldi berean, eguneroko bizitzan, eguneroko auzietan, itsu-itsuan, oharkabean, zientziagintzak dakartzan gailuek, produktuek, teoriek... ondo “funtzionatuko” dutela onartzea. Zergatik “funtzionatzen” dute ondo? Galdera horri erantzuna eman ahal izateko, aipatu ditudan zientziaren berezko balioak derrigorrezkoak dira.

Bestetik, batzuek pentsatzen dute zientziagintza bere burbuilan utzi behar dela, lasai, trabarik egin gabe, bere autonomian. Antza, jendeak ez du haren mundu baketsuan sartzeko eskubiderik, jendea ezjakina baita. Hori ere bide okerretik doala iruditzen zait. Izan ere, zientziagintzak berekin gauza asko dakartza, gure egunerokotasunean presente daudenak, eta gure bizitzan eta ibilbidean eragiten dutenak. Zientziagintzaren eta jendearen arteko harreman hori landu beharra dago, zientziagintza ere demokratizatu behar da. Bide horretan badago zer hobetua

Irudipena daukat liburua dela muturren arteko oreka-ariketa bat. Zientziagintza, azken buruan, ezaugarri propioak dituen giza jarduera da, eta, giza jarduera guztiek bezalaxe, bere argi-itzalak ditu.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea