Berriak

Ula Iruretagoiena: "Coronavirusa oso arkitektonikoa da, eta espazioei begira jarri gaitu”

Kalean da dagoeneko Aldiri Arkitektura etabar aldizkariaren 40. zenbakia. Bertan, besteak beste, “Hezkuntza-espazioak: eskola-esperientzia, erlazio- eta eraldaketa-ingurune” izeneko artikulua dugu; Ula Iruretagoiena Busturia, Clara Eslava Cabanellas, eta Ahinitze Errasti Etxeberriaren ikerketa lanaren berri dakarrena. Iruretagoiena eta Errastirekin izan gara.

 

Azken urteetan hezkuntza-espazio asko aldatu dira eraldaketa pedagogikoek bultzatuta. Espazioak ez baitira neutroak, ez baitira edukiontzi hutsak...
Ula Iruretagoiena: Arkitektura politikoa dela onartzera garamatza baieztapen horrek; hau da, espazioak eraikitzeko unean hartzen diren erabakiak ideologia bat dutela onartzera; eta hezkuntza espazioen kasuan, hezkuntza ulertzeko modua eramaten da espaziora.

Espazioen aldaketa horretan diziplinartekotasunaren eta elkarlanaren garrantzia azpimarratzen duzue... Hutsune bat ikusten duzue hor?
U.I: Eskola espazioen edozein aldaketa arkitektura, pedagogia eta hezkuntza komunitatearen arteko elkarlan bat da ezinbestean. Eta ebidentzia dirudien arren, praktika bestelakoa da. Nabaria da hezkuntza komunitatearen bakardadea espazio aldaketa prozesuen aurrean; eta laguntza edota bidaide arkitektonikoak behar dituztela esan digute beraiekin biltzerakoan. Gainera, hezkuntza-espazioen eraldaketa arkitektonikoan eragina duten administrazio ezberdinen arteko komunikazio zailtasuna detektatu dugu, eta ikerketaren helburu nagusietako bat lokarri hori burutzea da.

Eraldaketa hori egoki egiten ez bada, eragin negatiboa izan dezake. Zer hartu behar litzateke kontuan era horretako prozesu bat abiatzerakoan?
U.I: Hezkuntza espazio baten aldaketa prozesua une ederra izan daiteke ikastetxe baten lan dinamikak, pedagogia ereduak, irakasleriaren potentzialak behatu edota ikastetxea kokatzen deneko testuinguru sozio-ekonomikoaren inguruan hausnarketa egiteko. Eta barne analisi horrek esango digu zein diren espazioek behar dituzten eraldaketak eta prest ote dagoen ikastetxearen ekosistema salto kualitatibo-espaziala emateko.

Zertan oinarritzen da zuen ikerketa lana?
Ahinitze Errasti: Eskola-espazioen inguruko gogoeta izan dugu ardatz. Hezkuntza paradigma garaikidearekiko begirada ezberdinak uztartu nahi izan ditugu; eta horien bitartez, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean, eskola-inguruneen birpentsatze prozesu bat abiatu.

Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
A.E: Ikerketaren hastapenetan gauden arren, hezkuntza-espazioen pentsatze eta gauzatze prozesuen garrantzia azpimarratuko genuke. Erantzun edo irtenbide bakarrik ez dagoela, eta hezkuntza-komunitatearekin batera, diziplinartean jardutea ezinbestekoa dela. Iraultza pedagogikoak kolokan jarri du gizartearen imajinarioan txertaturiko eskola-espazio eredua: segurtasuna eta kontrola bermatzeko pentsatuta, eta sinplifikaturiko irakasle-ikasle erlazioan oinarritua. Hezkuntza paradigma berriak aniztasunari erantzuteko premia agertu du; haurraren behar fisiko, afektibo eta sozialak aintzakotzat hartuz.

Coronavirusak orain artekoak birpentsatzera garamatza? Zein eragin dauka hezkuntza espazioetan?
U.I: Mundua hankaz gora jarri duen zomorroa oso arkitektonikoa da, eta espazioei begira jarri gaitu. Bestelako espazioetan erabilgarria den gogoeta hezkuntza espazioetarako ere baliogarria dela esan genezake: espazioen antolaketak malgutasuna izan behar du aurreikusi gabeko egoerak jasateko (gaur eguneko pandemia eta etor daitekeena).

A. E: Eskola-ekosistema osatzen duten pertsonen arteko erlazioak ere balioan jarri dituela esan daiteke; eta hezkuntza-espazioak horiek lekutzeko inguruneak ere badirela. Honek eskola-eraikinak ikasgela multzo bat baino gehiago izan behar dutela ondorioztatzera eramaten gaitu; eskolaren funtzioa behar akademikoak asetzetetik haratago doala ulertuz.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea