Berriak

Oskar arantzabal: "Europar Batasunaren egonezinaz jabetu eta beldurrik gabeko subjektu politiko propio eta duinak eraiki nahi duen edonori zuzendua dago liburua"

"Irakaspen sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik" liburua argitaratu berri du UEUk. Egileak Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa, Joseba Barandiaran, Gorka Bueno eta Mikel de la Fuente Lavin dira.

Oskar Arantzabal

 

 Nondik sortu zen liburu honen ideia? 2014ko udazkenean ezohiko bi gertakari jazo ziren Europar Batasunaren baitan: irailaren 9an Eskoziak independentzia-erreferenduma burutu zuen Erresuma Batutik aldentzeko ala ez eta azaroaren 9an, berriz, Kataluniak bere etorkizun politikoari buruzko kontsulta gauzatu zuen Espainiako Erresumarekiko harremanetan. Euskal Herrian egin dira gaiari lotutako mintegiak, bai ikuspegi juridikotik (Eusko Ikaskuntza) baita politikotik ere (Gure Esku Dago). Nolanahi ere, 2015eko uztailaren 16an UEUk Eibarren duen egoitzan eta ekonomialari talde baten ekimenez jardunaldi xume bat burutu genuen ordura arte landu gabeko ikuspegi sozioekonomikotik. Egindako ekarpen ugarietatik, batzuk dakartzagu liburu honetara.

 

Bost ekarpen biltzen ditu liburuak.Nork egin ditu eta zer aurkituko dugu haietako bakoitzean? Aukeratutako bost dira gure kezken artean zeudenak. Lehena, Baleren Bakaikoak egina, Euskal Herrian bizi dugun egungo egoera errealari lotua dator: gure zerga-sistema (kontzertu ekonomikoa harmonizazio fiskal europarraren barruan). Bigarrena, Mikel de la Fuentek, negoziazio-bidean omen den Gizarte Segurantza propioaz (pentsioen iraunkortasuna eta publiko-pribatu eztabaida). Hirugarrenak, Gorka Buenoren eskutik, energía du gogoeta-gai (fosilak eta berriztagarrien aldeko apustuak aipatu hiru herrialdeetan). Laugarrena den Joseba Barandiaranen ekarpenak, zatiketak dakartzan balizko finantza-deslokalizazioa (banku zein moneta euroa, libera, propioa-) eta mehatxu ekonomikoek sortzen dituzten beldurrekin du zerikusia. Azkenik, neronek egindako gogoetak mundu-mailan kezka-iturri bihurtu den aberastasunaren banaketa desorekatuaz (kapital eta lanaren errentak estatuaren dimentsioari lotuak).

 

Zer irakaspen ditugu ikasteko Euskal Herrian? Sarri baino sarriago aipatu da euren askatasuna bilatzen ari diren herriek estatu-egiturak eta irizpide propioak behar dituztela. Deigarria da bai Balerenek eta baita Mikelek, berrogeigarren hamarkadaren bueltan jaiotakoak biak ala biak, lehenengo gaiari heltzen diotela, gure euskal errealitatetik abiatuta eta, ustez behintzat, Eskozian eta Katalunian baino abiapuntu hobe batetik. Belaunaldi bat gerokoak gara gainerako hirurok eta irizpideetan murgildu gara, hots, bestelako eredu ekonomiko hobe baten aldeko apustuan, bai finantza-sistemari dagokionez, bai eredu energetikoaren aldetik eta nola ez gatazka ekiditeko aberastasunaren banaketa orekatuago baterako bidean. Azkenik, hitz-ostean, eguneratutako galdera sakon eta datu  ugari plazaratzen ditugu bi prozesuen erraietatik atereak eta Europar Batasunaren etorkizunaren inguruko gogoetez josia.

 

Nori zuzendua dago argitalpen hau? Hitzaurrean nabarmendu genuen, bai Eskozian bai Katalunian azken urte hauetan hausnarketa sozioekonomiko ugari bezain aberatsak gauzatu direla. Gure lantaldearen ekarpentxo hau herri honi gogoeta egiteko gonbidapen gisa aurkeztu nahi dugu. Beraz, Europar Batasunaren egonezinaz jabetu eta, demokrazian sakonduz, beldurrik gabeko subjektu politiko propio eta duinak eraiki nahi duen edonori zuzendua dago. Ez da ezinbestekoa ekonomian jantzia izatea testua lasai jarraitzeko.

 

"Irakaspen sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik" liburua eskuratu nahi duzu?

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea