Berriak

Miren Guilló: "Plazera bada festak behatzeko modu eta bide bat, subertsiboa eta eraldaketa-bide izan daitekeena"

Festen ikerkuntza gogoetarako pribilegiozko leku dela diozu. Zerk bihurtzen du pribilegiozko leku?
Festak jakintza iturri dira, festaren bidez ikasi egiten dugu. Estuki lotzen da esperientzia pertsonala eta bizipen kolektiboa. Komunitate baten (komunitate geografiko, afektibo, politiko…) une bereziak dira, lotzen (eta, tarteka, banatzen) gaituztenak, kondentsatzen diren sinboloz lepo; bertan azaleratzen dira afektuak, aliantzak, konplizitateak, eta baita gatazkak, minak edota aldarrikapenak ere; sarri, egunerokotasunean horren latente ez dauden prozesuak ere azaleratzen baitira. Areago, ospatzen dituen jendartearen ispilu dira festak, eta, batez ere, sortzen dituen jendartearen isla askotarikoak uztartzen, nahasten eta gurutzatzen dira festetan. Ospatzeko moduak askotarikoak izan dira garai eta komunitate desberdinetan, eta ugaritzen jarraitzen dute gainera testuinguru garaikideetan, analisia bera are konplexuago zaigularik. Hala, gizartean dauden diskurtso eta praktika askotarikoak ulertzeko eta gogoetarako bide izan daiteke festen ikerkuntza. Batetik, jendarte baten bizimodu sozialak eta norbanakoen bizitzak egituratzeko moduak ezagutzeko bide ematen digutelako; eta, bestetik, festen eremuan, jendarte horren eraldaketarako eta disidentziarako estrategiak ezagutzeko aukera ere ematen digutelako. Adibide gisa, antropologiatik festetara egindako gerturatzetik abiatuz analisi sozial eta emankorrak egin dira; hor ditugu, besteak beste, Teresa Del Vallek, Margaret Bullenek, Beatriz Moralek, Farapi Antropologia kooperatibak eta beste hainbatek egindako analisi antropologikoak. Bullenen hitzetan, adibidez, festak espazio pribilegiatu dira kultur-sistema eta genero-sistemaren arteko uztartzea arakatzeko. Izan ere, kultur-sistema eta festak ulertzeko ere, garrantzitsua izango da genero-harremanak ikertzea.

Festak eta generoa aipatzerakoan, beldurraren sozializazioak eta transmisioak, jazarpenek, erasoek hartzen dute protagonismoa.
Zoritxarrez halaxe da, hori baita gure errealitatea. Harremanen kudeaketa apartekorako eta gozamenerako esparru izan daitezke festak, baina hauetan sortzen diren indarkeriak ere ugari eta askotarikoak dira. Festetan gertatzen diren bazterkeriak, jazarpenak eta erasoak, egituraz sortzen diren eta maila sinbolikoan mantentzen diren desberdinkerien isla dira. Kontua da, gainera, besteak beste, emakume izendatutako gorputz orok duela horren mehatxua, eta beldurrean sozializatzeak dibertsio-aukerak mugatzen dituela. Erasoak ikusgarri egiten direnean ere, kasu batzuetan, biktimizazio prozesua indartzen duten moldeetatik egiten da, fokua erantzuteko gaitasunetan jarri gabe. Gainera, hitz egiten da indarkeria kasu esplizituez, baina ez horrenbeste bestelako jazarpen eta botere harremanez: tradizioaren izenean eratzen diren ideologia baztertzaileak, kultur eszenan oro har nagusi den bazterkeria, edo jaien antolaketarako eragile eta subjektuen hierarkizazioa, kasu. Ikuspegi feministatik, askotariko jazarpen egoera hauen aurka sortzen diren ekimen anitzetan begirada paratzea hautu garrantzitsua eta emankorra izan ohi da.

Oro har, garrantzitsu zaigu indarkeria bestela ulertzea, modu sakonean eta indarkeria-prozesu askotarikoen analisiak egitea, testuinguru zehatzei eta ertz ezberdinei helduz. Liburuko zenbait testuk azken urteetan indarkeria-prozesuen eta horien erantzun zein aurre-lanketetan jazotako aldaketak aztertu dituzte. Era berean, indarkeria horiekin amaitzeko sakoneko erraietara eta egiturara jotzeaz gain, ezinbestekoa izango da bestelako festa feministagoak, justuak eta askeagoak irudikatzea. Eta irudikatzea bezainbeste, horiek bizitzea eta gorpuztea. Izan ere, festaren zirrikituak aldarrikapenak materializatzeko aukera gisa ere baliatzen dira.

Hala ere, eta erasoei garrantzirik kendu gabe, plazer kolektiboen politikez hausnartzea funtsezkoa dela azpimarratu nahi izan duzu.
Hala da, aurretik aipatutako ildo berean, plazeraren kudeaketa kolektiboetan hausnartzea erronka interesgarritzat agertzen zaigu. Kontuan hartuz, betiere, plazeraren ideia ere badela logika kapitalistak asko erabiltzen duen zerbait, zoriontasuna eta halako kontzeptuekin batera. Hori problematizatu eta plazera ikuspegi feministatik landu dute zenbait autorek eta eragilek. Izan ere, emakumeen bizi baldintzak eta oro har, gorputz disidente ororen boterea mahai gainean jartzen ditu plazeraren lanketa politikoak. Laura Muelasek, esaterako, plazera gorpuzten den sormen prozesu gisa ulertuz, aldaketa sozialerako, eraldaketa subjektibo zein kolektiborako motor gisa proposatzen du.

Festak intentsitate handiko uneak diren heinean, plazer mota desberdinen aukera zabala eskaintzen dute. Eta, era berean, nork bere erara bizi du plazera, bai eta unearen arabera ere, plazera dinamikoa baita. Emakume, edota oro har, gorputz subalterno zein disidenteen ahalduntze eta askatasunak helburu, festarako plazer politikak funtsezkoak dira. Plazera, beraz, bada festak behatzeko modu eta bide bat, subertsiboa eta eraldaketa-bide izan daitekeena.

Nik uste dut plazeraren kudeaketa kolektibo justuak birpentsatu nahi badira beharrezkoa dela, batetik, festa posible egiten duten lan ororen aitortza; eta, bestetik, lan banaketei erreparatzea; eta horrez gain, beharrak eta lanak ere birpentsatzea. Horretarako, pentsatu beharko dugu zer-nolako festak desio ditugun eta zer behar dugun festa horietarako. Nola antolatu era kolektiboan denok gozatuko ditugun eta espazio seguru izango diren festak? Festa subjektuen aniztasuna aintzat al dugu gozamen kolektiboaz pentsatzean? Gai horien gaineko gogoetetan sakondu dute zenbait eragile feministak liburuko artikuluetan.

Zuk diozun moduan “gakoa ez da soilik plazak emakumez betetzea”. Jai-ereduaren inguruan hausnartzea ere beharrezkoa da.
Bai, baina plazetan «emakumeen» presentzia ere helburu garrantzitsu bat da. Eta ez emakumeon presentzia soilik (betiere kategoria politiko moduan ulerturik), baizik eta, oro har, hegemonikoak ez diren gorputz ororen presentzia. Kontuan hartuz, gainera, generoa kategoria analitiko gisa beste estratifikazio aldagaiekin uztarturik ulertzen dugula. Zentzu horretan, kontua ez da soilik modu kuantitatibo batean “emakumeak txertatzea”; baizik eta plazetan jorratzen diren gaiak, iruditegietan, egin moduetan edota ekimen aniztasunean, klabe feministetan pentsatu eta aurrera egitea. Gainera, kultur adierazpideen disidentzia potentzialtasuna handia eta berezia da, eta emozionalki oso indartsua, esango nuke. Ekimen feminista ugari egin dira festa egitarauetan emakumeen bazterkeria azaleratu eta plaza feministak lortzeko; liburuan zenbait festa antolatzaile eta sortzaileren gogoetak jaso dira; absentziak auzitan jartzeaz gain, ekimen horietako batzuk azaldu eta sorkuntza prozesuez eta eszenak feministago bihurtzeko koordenatuez idatzi dute.

Oro har, liburuaren helburua egin diren zenbait ikerketa, egitasmo, nahiz festa subjektu, antolatzaile eta besteren gogoetak jasotzea izan da, modu kolektiboan festa politika feministetan sakontzeko xedez.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea