Berriak

Maider Zilbeti: “Arte-ekoizpen feministek hamarkadetan egin duten lanak euskal kulturaren imajinarioan egon beharko luke”

Arte-ekoizpen feministak euskal testuinguru kulturalean” liburua argitaratu zuen iazko urte amaieran Maider Zilbeti Perezek. Bi arte-erakunde publikotan aurrera eramandako arte-ekoizpen feministak aztertzen ditu bertan.

liburu azala

Arteleku zentroan eta Montehermoso kulturgunean kokatu duzu zure ikerketa. Zergatik bi arte-erakunde horiek?
Artea ekoizteko modu honi ateak ireki zizkioten bi instituzio izan zirelako, eta beraien ibilbidean, arte-ekoizpen feminista ikusgarri egin zutelako, bakoitzak bere modura, denbora eta intentsitate desberdinak tarteko. Arte-ekoizpen feministak euskal testuinguru kulturalean ezezik, nazio arteko mailan jarri zituzten eta baita ere bertako mugimendu feministekin, transfeministekin, eta teoria feministekin elkarrizketan.

Euskal testuinguru kulturalaz ari zarenean zertaz ari zara?
Testuinguru zabal batez, muga administratiboak alde batera utzi eta nortasun testuinguru bat markatzen duena. Malgua den testuingurua da, eta lan eta komunikazio sareetan oinarritzen dena. Euskal Herrian egon gabe, bertan aurrera eramaten den arte-ekoizpenaren lan sarean murgilduta egon diren artista ezberdinen lana, egiteko moduak, aldarrikapenak, kezkak ekarri nahi nituen testuinguru honetan.

Eta arte-ekoizpenaz ari zarenean?
Artea sortzerakoan oso kontuan hartu behar dira baldintza ugari. Batetik artea eta kulturaren inguruko kudeaketa publikoa, hau da, kultura politikak; eta bestetik, baldintza ekonomikoak edota arte-ekoizpenari eskaintzen zaion ekonomizazioa edota gainbalio ekonomikoa ere espero daiteke. Baldintza hauek kontuan hartzeko egokia iruditu zitzaidan arte-ekoizpenari erreferentzia egitea, autore ezberdinek egin dutenari jarraituz. Bestetik feminismoak, gainbalio politikoa eta ekonomikoa izateari aurre egiten dio bere prozesuan; baldintza hauek kontuan hartuta balio sinboliko berritzaileak bultzatuz eta bisualitate berriak eskainiz.

Zer gertatzen da erakunde horiek espaziorik edota ekoizpenerako aukerarik irekitzen ez dietenean arte-ekoizpen feministei?
Espaziorik ez dietenean eskaini, edota denbora mugatu batez eskaini diotenean espazioa, -hau izan da Arteleku zentroa eta Montehermoso Kulturgunearen kasua ere- espazioa sortu, espazioa zabaldu egiten da. Honek ez du esan nahi, aurretik, instituzioetatik aparte -hauek publikoak edota pribatuak izan- arte-ekoizpen feministak ez zirenik existitzen gure testuinguru kulturalean. Hain zuzen ere, beste espazio hauek, instituzio publikoek dakarten asimilizazioari, ekonomizazioari, politizazioari kritika egiteko ezinbestekoak dira. Arte-ekoizpen feminista, mugimendu politiko feminista eta transfemnista aberasteko ezinbestekoa ere bada, arte instituzioen barnean zein hauetatik kanpo izan.

Zein da, azken batean, lan honen helburua? Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?Ikerketaren helburu nagusia euskal testuinguru kulturalean arte-ekoizpen feministak izan dituen eztabaida gune eta bisualitateak erakustea izan da. Batez ere, arte-ekoizpen feministak, legitimatua ez den ezagutza prozesua izanik, akademiarekin, ezagutzaren legitimazio instituzio gorenarekin, izan dituen elkarrizketak mahai gainean jartzea. Arte-ekoizpen feministaren kasuan, prozesuak izanik, ezagutzen duen subjektuaren eta ezagutzen den objektuaren arteko mugak lausotu egiten dira; eta subjektu ekoizlea intersubjektibitate egoera batean kokatzen du, bere inguruan gertatzen dena bisualitate ezberdinen bitartez ulertzeko; eta modu berean subjetibazio modu berrietarako materia osatuz.

Arte-ekoizpen feministek hamarkadetan egin duten lanak euskal kulturaren imaginarioan egon beharko luke; ezagutza legitimatu eta ezagutza partekatu bezala onartu beharko litzateke.



Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea