Berriak

Libe Mimenza: “Euskarak eta hedabideek ingurune digitalean ebatziko dute bere biziraupena”

Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariaren 111. alean “Euskarazko komunikabideen aukerak sare sozialetan: LIKEly” izeneko artikulua argitaratu zuen Libe Mimenza Castillo NOR ikerketa taldeko ikertzaileak. Bere ikerketa lanaren gainean gehiago jakin asmoz hurbildu gara beregana.

 

 

Zure hitzetan, Datua da gaur egungo urregorria....
Edozein errealitate ezagutzeko oinarria dira datuak, eta halaxe da euskarazko komunikabideen esparruan ere: nolakoa da gure hedabideen banaketa, ekoizpena, enpresen osaketa edo audientzia? Euskarazko komunikabideak inoiz baino gehiago dira gaur egun, ez dago zalantzarik, baina zenbat dira? Eta zer egiten dute?

Galderak egitea dagokigu ikertzaileoi, bai, eta baita horiek erantzuteko behar ditugun datuak sistematikoki biltzea ere. Horretan dihardugu, besteak beste, Euskal Hedabideen Behategian eta datutegia da (datutegia.behategia.eus) egungo ekosistema mediatikoa aztertzeko eta ulertzeko aldagaien bateragunea. Bokazioa, hortaz, euskarazko komunikazioaren inguruko adierazleak biltzea da, alde batetik, han-hemen barreiatuta daudenak; eta, bestetik, herri bezala behar ditugun adierazle berriak zehaztu, neurtu, interpretatu eta sektoreko zein akademiako ikertzaileen esku jartzea. Datuak errealitatea ezagutzeko, datuak erabakiak hartzeko.

Gainera, ingurune digitalaren garapenak inoiz baino datu gehiago jarri ditu komunikazio-enpresen esku; eta, horri esker, adibidez, hartzailea ezagutzea lehen baino askoz errazagoa da. Aldi berean, gureak ez diren teknologiekin lan egitera garamatza horrek, hala bizi garelako hein handi batean; makroenpresen datu bilakatu gara eta badirudi ez dugula ikuspuntu kritikorik garatu nahi. Prekarietatea prekarizatzera dedikatzen den paradisu partekatu honetan zer ari ote dira ikasten algoritmoak gugandik? Lainoak ezagutzen al gaitu guk geuk baino hobeto? Zer datu eskuratu behar ditugu? Zer plataformari eskatu behar zaio zer? Besteen esku utzi nahi dugu gure big data edo datu masibo horiek baliatuko ditugu behingoz? Badirudi azken aldian pribatutasun kontuekin eta segurtasunarekin pitin bat kezkatuta gaudela, baina bitartean gure nabigazio digitalarekin etengabe sortzen ari garen datuekin negozioak egiten dituzte. Ez ote da ordua geure datuen jabetza ekonomikoa ere aldarrikatzeko?

Euskarazko komunikabideen irabazi gabeko publiko potentziala zenbatekoa da?
Euskararen ezagutzak izan duen bilakaera behatu behar da lehenbizi: azken 25 urteetan 223.000 hiztun irabazi dira euskararen eremu osoan, beraz, balizko erabiltzaile potentzial berri asko. Baina ezagutza ez da nahikoa, eta erabileraren gakoetako bat komunikabideak dira, hizkuntz normalizazioaren seinale. Hedabideak baitira euskara ulertu, jakin edo ezagutu arren euskaraz sozializatzen ez direnak euskal mundura sartzeko ate bat; eta, noski, euskaraz bizi garenontzat munduaren berri geure hizkuntzan jasotzeko bide —are, munduaren planoa bera euskaratik marrazteko ezinbesteko konpasa eta kartaboia—.

Bestalde, informazioa zein entretenimendua gune zehatz batetik nonahira pasa da: mugikor bati itsatsita pasatzen dugu eguna eta bertan daramatzagu gure kontaktu-agenda, lan-zerrenda, adiskideen elkarrizketak, memoriaren zati bat, inpultsiboki irekitzen ditugun dozena erdi bat app… Eta, oroz gain, informazioa. Kazetaritza habitat horren giro-soinu bihurtu da, egunaren 24 orduetan inguratzen gaituen giro-musika. Etengabeko konexio-aro honetan, orain arte ezagututako ekoizpen zein kontsumo moduen iraulketa eta erabateko eraldaketa da araua.

Zifrarik ezin da zehaztu, irabazteke dugun publiko potentzialaren zenbakia inkognita bat da, baina argi dago erroak digitala izan beharko duela aurrerantzean. Esaterako, itzultzaile neuronalak edota azpidatziak egoki baliatzea ikaragarrizko aukerak izan daitezke hizkuntza-irisgarritasuna landu eta bizi dugun gero eta mundu eleanitzago honetako hizkuntza-hibridazio zein ideologia hegemonikoen artean nor izateko. Argi daukat, logika digitalez jardunda soilik biziraungo dugu; euskarak ingurune digitalean ebatziko du bere biziraupena, eta baita hedabideek ere.

Euskarazko komunikabideen sare sozialetako jarduna ikertu duzu. Orokorrean ba al daukate estrategiarik edota egon behar delako daude?
XXI. mendearen lehen hamarkadaren amaiera aldera hasi ziren komunikabideak sare sozialak baliatzen, hala informazio-iturri gisa, nola hedapenerako kanal propio gisa; baina denbora gehiago behar izan zuten tresnaren erabilera profesionalera jauzia emateko: modu inprobisatuan, hausnarketa gutxirekin eta estrategiarik gabe abiatu ziren ia denak. Halabeharrez eta inertziaz egindako hamar urteko bidean batzuk beste batzuk baino hobeto moldatu dira, baina eduki-estrategia sendoa dutenen kasuan ere, arrotzak dira oraindik sare sozialak.

Sokatira paradoxikoa bizi dugu: komunikazio-enpresen sare sozialekiko erresistentzia digital handia alde batetik; eta, bestetik, unibertsitatera datozen belaunaldien eguneroko mediatikoa, Instagram, Youtube, Netflix edo Twitch plataformetan gertatzen dena. Makroenpresa global horietan informatzen dira, hortxe entretenitu, hezi eta jolastu, eta horiekin bizi. Nahi eta nahi ez, bertan egon beharra dago, eta eskaintza interesgarri batekin egonda hobeto. Txip tradizionalarekin paperezkorako, telebistarako edo irratirako sortutako edukiak hedatzeko bide bat baino gehiago izan behar dira sare sozialak.

Facebook, Twitter eta Instagram aztertu dituzu. Twitter erabiltzen dute gehien komunikabideek, gehien erabiltzen den sare soziala izan ez arren...
Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialak aukeratu ditut azterketarako horiek direlako Euskal Herrian gehien erabiltzen direnak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, batez beste, populazioaren % 60 aurki genezake Facebooken, % 37 Instagramen eta % 7 Twitterren. Euskal Herri osoko datu zehatzik ez dagoen arren, nazioartean bezala hemen ere, Facebook da sare sozial erabiliena; Instagram asko eta indartsu ari da hazten, eta Twitterrek lanak ditu bere komunitatea mantentzen.

Nazioarteko datuen arabera, gainera, Twitterren erabiltzaile kopurua txikia izateaz gain, oso populazio helduak osatzen du; eta gizonezkoak dira jaun eta jabe, txioka ari den plaza da ikerketen aburuz emakumeontzako sare sozial iraingarriena eta erasokorrena. Halere, Twitter da garrantzia informatibo handiena duena, bai; kazetarientzako informazio-iturri bihurtu delako eta prentsa idatzian zein irrati-telebistetan ere argitaratzen delako bertako edukia.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?
Euskarazko komunikabideak badabiltza, egunero eta bizi-bizi, gaur egun gurean gehien erabiltzen diren sare sozialetan. Komunitateak eraiki dituzte, kasu batzuetan, gainera, jarraitzaile kopuruak kontuan hartuta, komunitate garrantzitsuak eta sendoak dira. Horrez gain, sare sozialetako jarduna, argitalpen kopuruak aintzat hartuta, erregularra eta emankorra da. Badakigu badabiltzala, eta emaitzek adierazten dutenaren arabera, bada estrategiaren bat; baina horren nolakotasuna ebazteko ez da nahikoa datu-basearen eraketa eta unibertsoaren deskribapena, azterketa kualitatiboago baten bidez ondorioztatu beharko da eguneroko ekite hutsaren ondorio baino estrategia zehatz baten isla den euskarazko komunikabideen sare sozialetako jarduna. Lehenago aipatu den bezala, modu inprobisatuan, hausnarketa gutxirekin eta estrategiarik gabe abiatu ziren komunikabideak sare sozialetan. Horrek, jada, ez du balio: estrategia bat behar da, komunikazio-ekosistemaren aldaketak ez baitu ekinbide zaharrentzako gupidarik izango.

Zein da hurrengo pausoa?
Euskarazko komunikabideen sare sozialetako aukerak zeintzuk diren esploratzen jarraitzeko eta erraldoien artean nor izateko algoritmoa kodetzeko lanekin jarraitzea. Datu-bilketa sistematizatzeko hainbat informazio-iturriren konfigurazioarekin ari naiz; Ipar Euskal Herriko hedabideen komunikazio digitalaren azterketa egina daukat, Hegoaldeko hedabideen azterketa bideratuta eta ekosistema mediatiko garaikideari dagokion marko teoriko kontzeptuala ere esku artean.

Tamalez, ikertzeko beharrezko finantzabideak lortzeko lanetan ere joaten zaigu denbora. Ikerketa ez da kapritxo bat, ez da formazio pertsonal huts bat. Lan bat da, gizarte ekarpen bat da, eta horrenbestez, ikerkuntza herri bezala babestu, sustatu eta behar bezala ordaindu behar da. Ez da inteligentea, ezta bizigarria ere, beka sistema ez egonkor eta prekario baten bidez unibertsitateak ustez inplementatu nahi duen bikaintasuna. Nik ez dut lankide gehiago ezagutu nahi egoera horretan; gehiago merezi dugu.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea