Berriak

“Ez da gidaliburu bat, ez eta testuliburu bat ere, eztabaidarako baliabideak eskaini nahi lituzkeen begiraden bilduma bat da”

 

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak elkarrekin antolatutako ikastaroa du abiapuntu liburuak.
Bai. Liburuan ere erreferentzia zuzena egiten zaie 2016an Eibarren Markeskoa jauregian eta 2017an Gasteizen Oihaneder Euskaren Etxean antolatu ziren ikastaroei. Guretzat prozesu naturala izan da ikastaro batek bestea ekartzea, eta bi ikastaroek liburu honetan aurkitu daitezkeen ekarpenen abiapuntua osatzea. Finean UEUren ikastaroek (udakoek zein negukoek) beti dute topaketatik zerbait: hizlariak, parte-hartzaileak, antolatzaileak… denak biltzen gara, eta prestatutakoaz haratago doan zerbait gertatu ohi da bertan. Ikastaroan parte hartu zuten hizlariei liburu bat egitearen ideia proposatu genienean hori genuen buruan: ikastarora ekarritako eta ikastaroan aurkitutakoaren inguruan idatzizko ekarpen bat egitea. Bada modu bat baita, ikastaroetan land(at)utakoa haizeak eraman ez dezan.

 

Euskararen biziberritzean aurrerapausoak eman arren, fase baten agortzearen kontzientzia orokortua dela diozue. Eta ikustea baino ez dago ezagutzak gora egin arren erabilerak ez duela bide beretik egin.
Ziurrenik, euskararen erabileraren bilakaera geldialdian dagoela baieztatzeak eraman ditu era bateko eta besteko eragileak “agortutako fasearen “ ideiara. Liburuan bertan ere egile batek baino gehiagok azpimarratzen du hori. Agian, liburu honetako parte hartzaileek egin duten ekarpenetako bat da erakustea ea esparru batean eta bestean zein diren fase agortze horren zantzuak. Alegia, erabileraren makalaldiaren ideia orokorraz harago, uste dugu egileek identifikatu dituztela esparruz- esparru bestelako makalaldi batzuk. Eta hemendik abiatuta, eta hauxe da interesgarriena ziurrenik, proposatu dituzte makalalditik ateratzeko marko, diskurtso eta praktika berriak ere.

 

Gure oinen azpian aldatu den agertoki, paisaia, ekosistema horrek interpelatu egiten gaituela diozue. Zein eratan?
Oso gauza agerikoa da eta Pernandoren egia irudi lezake baina merezi du berriro ere esateak agian: liburuan lantzen diren eguneroko bizitzaren esparruak (Familia eta aisialdia, eskola, lan-mundua eta hedabideak deitu ditugunak) erabat aldatu dira azken hamarkadetan… eta azken urteetan. Euskara eta euskal hiztunok bizi garen testuingurua modu azeleratuan ari da eraldatzen faktore askoren eraginez: ekonomikoak, teknologikoak, pedagogikoak, politikoak, demografikoak… Agertokia goitik behera aldatzen ari bada aktoreok ezin dugu geldi egon, eta zentzu horretan diogu interpelatu egiten gaituela. Euskararen biziberritze eta normalizazio gaietan interesa duenak ezin dio entzungor egin aldaketa hauek irekitzen dituzten aukera eta amildegi berriei.

 

Horren aurrean ohiko konfort-eremutik irten eta hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko marko, diskurtso eta praktika zahar-berriak urratzea, birpentsatzea edota proposatzea horixe ikastaroko hizlariei jarri zenieten lana. Eta emaitza?
Uste dugu emaitza oso interesgarria izan zela Eibarko ikastarokoa, eta baita Gasteizko jarraipena ere. Eta batean eta bestean landutakoa liburuak biltzen duenez, baiezta genezake uzta oparoa bildu dela liburuan. Adibidez, Mikel Irizarrek biziberritze prozesurako marko berriaren hainbat osagai proposatzen ditu. Bateko eta besteko eragileen arteko elkarlanak nolako edukiak izan behar dituen topa genezake bere kapituluan. Nolabait esateko, Irizarrek elkarlana gauzatzeko metodologia baten zantzuak ematen dituela esango genuke. Beste lan pare bat aipatzearren, eskolari dagokion liburuko blokea ere oso interesgarria da. Gehien bat EAEra mugatzen bada ere, Ane Ortega eta Leire Diaz de Gereñuk zorroztasun handiarekin eta datu ugarirekin erakusten dute azken 40 bat urtean eskolak eragin duen biziberritze prozesua. Hutsuneak ere identifikatu dituzte, esaterako, ahozko euskararen didaktikari dagozkionak. Proposamen oso interesgarriak daude hor.

 

Zer da liburuan aurkituko duguna?
Batetik euskararen biziberritze prozesuaren atzera begirako moduko bat, non gauden eta aurrera jarraitu nahi izatekotan kontuan hartu beharko ditugun erronka batzuk aurrez aurre jartzen dizkigunak. Beraz, alde horretarik irakurleari eguneratze moduko bat egiteko proposamena egiten dio liburuak. Gure sakelako telefono eta ordenagailuetan gero eta garrantzitsuagoak omen dira eguneratzeak, baina euskararen normalizazioari erreparatuta agian alderantzizko kasua izan daiteke: ziurtasun gehiago eman beharrean agian zalantza batzuk eragiteko saiakera bat dakar liburuak...

 

Bestalde euskararen normalizazio esparru ezberdinetatik egin dira ekarpenak: zehazki familia eta aisialdia, eskola, lana eta komunikabideak ardatzetatik. Esparru asko kanpoan gelditu dira (agian hurrengo liburu batean jaso litezkeenak…) eta ez du inolako asmo orohartzailerik, baina egia da egileek egindako ekarpenak oinarri-oinarrizko ardatzetan egituratzen direla. Liburuak euskararen normalizazio eta biziberritzerako funtsezko aldagaiei erreparatzen dietela uste dugu.

Eztabaidarako erregai-biltegi ederra. Horrela deskribatu daiteke liburua?
Hori irakurleek esan beharko dute, baina bai, guretzako bada ideia eta enfokeen biltegi / errepositorio moduko bat, ekintza eta hausnarketarako material gisa funtzionatu nahiko lukeena. Ez da gidaliburu bat, ez eta testuliburu bat ere, baizik eta eztabaidarako baliabideak eskaini nahi lituzkeen begiraden bilduma bat. Pozik gaude emaitzarekin, eta parte hartu duten pertsona guztiei oso eskertuta. Ea irakurleek zer dioten orain!

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea