Berriak

“Euskal hizkuntzalaritza sinkronikoan lan egiten duten ikertzaile gazteei gurean plaza eta ahotsa ematea izan zen gure asmoa”

2021eko Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketatik abiatuta “Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan” liburua argitaratu du UEUk. Sei ekarpen biltzen ditu liburu honek, euskal hizkuntzalaritzaren hainbat arlo gaitzat hartzen dituztenak: fonologia, bariazionismoa, itzulpengintza, psikolinguistika eta sintaxia, hain zuzen. Alazne Arriortua Zorrilla, Laura Vela Plo, Sergio Monforte del Valle eta Aitor Lizardi Ituarte  liburu honen arduradunekin izan gara.

2021eko UEUren Udako Ikastaroetako Hizkuntzalari Topaketak ditu oinarri liburu honek. Hizkuntzalaritza sinkronikoan jarri zenuten fokua orduko hartan. Zergatik?
2021eko jardunaldi hartako norabidea pentsatzean, bi irizpide erabaki genituen. Batetik, ikertzaile gazteak elkartu nahi genituen. Azken urteetan ikasle berri dezente sartu da hizkuntzalaritzako masterretara, handik askok jarraitu dute gero doktoretza egiten, eta, ekarpen berri eta interesgarria egiten bazuten ere, haientzat Euskal Herrian bertan plazarik ez zela konturatu ginen. Horregatik, gure asmoa gazteei ahotsa ematea zen.

Bestetik, zuk ondo esan duzun bezala, hizkuntzalaritza sinkronikoan egin nahi izan genuen oraingoan azpimarra. Izan ere, azken urteetan euskal hizkuntzalaritza diakroniko edo historikoak arreta handia hartu duela ikusten genuen, batez ere Aziti Bihia elkartearen eskutik ikastaro, hitzaldi, liburu eta beste hainbat proiektu antolatu direlako, baina guk lan egiten dugun arloan, ostera, euskal hizkuntzalaritza sinkronikoan, halako ekimen gutxi ikusten genituen, eta arlo horri nolabait ikusgarritasuna emateko asmoz egin genuen hautu hori.

Laburbilduz, azken urteetan erdi ezkutuan ikusi dugun euskal hizkuntzalaritza sinkronikoan lan egiten duten eta euren lana Euskal Herritik kanpo zabaltzeko tokia zeukaten ikertzaile gazteei gurean plaza eta ahotsa ematea izan zen gure asmoa jardunaldiaren planteamenduarekin. Liburua jardunaldi arrakastatsu hartakoa gizarteratzeko eta ikusgarritasuna emateko asmoz egin genuen, jardunaldiaren jarraipen gisa. Hortik liburuaren izena: Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan.

Jardunaldi hartan aurkeztutako lanetako batzuk osatzen dute liburua, baina baita jardunaldian egon ez zirenen ekarpenek ere... Zeintzuk dira lanok?
Gillen Martínez de la Hidalga, Adam Zawiszewski eta Itziar Lakaren lana ez zen Eibarren antolatutako jardunaldian egon. Hala ere, lan hori beste kapituluek jorratzen ez duten alor batean kokatzen da, psikolinguistikan, euskararen prozesamenduan, zehazki. Horretaz gain, Martínez de la Hidalgak urte horretan defendatutako doktoretza tesian oinarrituta dago liburu honetan argitaratu den ekarpena. Horregatik ekarri genuen liburura, jardunaldiaren irizpideekin guztiz bat egiten zuelako eta gai aldetik aniztasuna zekarkiolako liburuari. Beraz, interes handiko lana zela eta egile horien ekarpena Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan liburuan gehitzea bereziki egokia zela iruditu zitzaigun.

Ikertzaile bakoitzak bere arloan ekarpen nabaria egiten duela aipatu duzue. Zer da batez ere azpimarratu nahiko zenuketena?
Aniztasuna da aipatu nahiko genukeen ekarpen nagusia. Fonologia, soziolinguistika, sintaxia, itzulpengintza, psikolinguistika… Gazteak ideia berriekin eta hainbat gaitan bultzaka datozela erakutsi nahi genuen.

Euskal soziolinguistika bariazionistan orain arte egindakoaren lehen literatura azterketa dugu liburuan, esate baterako, Azler García-Palominoren eskutik, arlo horrek nondik nora jo beharko lukeen pentsatzeko ezinbesteko ekarpena, eta Alex Artzelusen Garaziko hizkuntza-bariazioaren gaineko lanak euskal soziolinguistika bariazionistak etorkizunean urratu beharreko bideen adibide bikaina dakarkigu.

Lehen esan dugun bezala, psikolinguistikari ere bere tartetxoa eskaini nahi genion. Euskal psikolinguistika bizi-bizi dabil, eta 2021ean UEUren bitartez argitaratu zen Bi hizkuntza garun bakarrean liburu hartatik aurrerapen interesgarriak egin dira. Horretarako ekarri dugu Martínez de la Hidalgaren lana, arlo horren bizitasunaren erakusgarri. Euskarazko perpaus iragangaitzen prozesamendua aztertu du bertan, ERP teknika erabiliz, eta gaztelaniazkoekin erkatu du. Ez dira lan asko hizkuntza ergatiboetan perpaus iragangaitz moten prozesamendua aztertu dutenak, eta Martínez de la Hidalga eta besteen lanak hori egiteaz gain gaztelaniaren prozesamenduarekin konparatu du; gizarte berean bi hizkuntza tipologikoki oso desberdin egoteak dakarren abantaila da hori, eta ekarpen interesgarria, beraz.

Fonologiaren arloan ere, Irati Urretaren lana lehena da Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Ahoskera Zainduaren (EBAZ) aplikazioa nolakoa den aztertzen, eta ikerketa horrek lagunduko du, dudarik gabe, ahoskera zainduaren aldetik etorkizunean nondik jotzea komeni den asmatzen.

Itzulpengintza ere ekarri nahi izan dugu liburu honetan, hizkuntzalaritzaren ikuspegi zabala hartuta, Isabel Etxeberriaren lanaren bitartez. Bertan jite adjektiboen kolokazioak aztertzen ditu eta literatur lan jatorrizko zein euskarara itzulitakoetan dagoen diferentziari erreparatzen dio. Gutxi dira euskaraz itzulpengintzaren gai hain zehatzei erreparatzen dieten lanak eta, zentzu horretan, euskal itzulpenen kalitatea baloratzeko ekarpen garrantzitsua da.

Azkenik, Maia Duguinen lanak euskal sintaxi teorikoaren arazo klasiko bati ikuspuntu berri batetik erreparatzen dio. Euskararen hitz ordena eta haren azpian datzan egitura aspalditik izan dira eztabaidagai gurean, eta artikuluan proposatzen duen aditz-azken baldintza, hizkuntzalaritza teorikoan Azkena Azkenaren Gainean Baldintza izena eman zaion baldintzarekin lotua, korapilo hori askatzeko bide interesgarria izan daiteke.

Ikusten denez, beraz, lan hauen guztien ekarpena ez da euren proposamenetara mugatzen. Hortik harago, etorkizunean ikertu beharreko bide interesgarriak seinalatzen dituzte, eta horretan datza, gure ustez, argitalpen honen balioaren zati handi bat.

Zein da liburuaren azken helburua?
Liburuaren azken helburuak Eibarren egindako jardunaldian genituen xedeetatik hurbil daude.

Lehenik eta behin, egungo euskararen azterketan diharduten ikertzaileak elkartu eta euren lana euskal gizarteari eskura jartzea. Bigarrenik, euskararen azterketan sakondu nahi duten ikasle, irakasle zein interesatuei azken urteetako aurrerapenen berri ematea eta haiei buruzko eztabaida irekitzea. Hirugarrenik, euskararen azterketa sinkronikoari arlo fonologiko, sintaktiko edota semantikoek azken urteetan ekarri dizkioten ondorioen status quaestionisa egin eta hurrengo urteetan jarraitu beharreko bideak zehaztea. Laugarrenik, nazioarteko hizkuntzalaritzan egiten ari den ikerketa gurera ekarri eta euskalaritzak etorkizunean jarraitu beharreko ildoei buruz eztabaidatzea. Azkenik euskararen fonologian, sintaxian, semantikan, psikolinguistikan eta aldakortasun diatopiko zein diastratikoan lanean ari diren ikertzaile gazteei ikusgarritasuna eman eta euren lana ezagutaraztea. Espero dugu liburuak helburu horiek betetzen laguntzea.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea