Berriak

Idurre Lekuona: “Atsolorraz hitz egiten denean, emakumeen bizimoduaren nolabaiteko idealizazioa sumatzen dut”

“Atsolorra, euskal jaiotza-erritua. Ereñotzun jasotako testigantzak” izeneko artikulua argitaratu du Idurre Lekuona Antzizarrek Uztaro aldizkariaren 109. alean. Euskal Filologian zein Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua da Lekuona. Kazetaritzan eta komunikazioa esparruetan ibilia da, baina nagusiki euskara-irakasle aritu da sareko hainbat euskaltegitan. Gaur egun ere irakasle dihardu.

Atsolorra aztertu duzu. Zer da zehatz mehatz atsolorra?
Atsolorra da, haurra jaio berritan, inguruko baserrietako emakumeek familiari egiten zioten bisita. Normalean dirua (edo, tokiaren arabera, jateko zerbait) eramaten zuten bisitariek. Haurra ikusi ondoren, etxekoek afari-merienda ematen zieten gonbidatuei eta kontu kontari aritzen ziren. Familiari laguntza adierazteko modu bat zen. Atsolorra, beste igarobide-errituak bezalaxe, tradizioz ongi definituta zegoen zeregin bat izaten zen: ia beti emakumezkoak biltzen ziren; amari eta familiari babesa adierazten zioten bisitaren bidez; aurretik harremana zuten baserrietako kideak, bisitakoak, joaten ziren eta zerbait eraman behar izaten zuten familiarentzat, besteak beste.

Eta nondik dator izena?
Izenak jakin-mina eta interpretazio ugari sortzeko bidea eman duen arren, atsolor hitzak emakumeen bilkura besterik ez du adierazi nahi. Bizkaia aldean -lor osagaia duten gisa honetako hitz gehiago jaso dira, esate baterako, nahikoa ez zeukanari auzoek simaur pixka bat ematen zioten eta simaur-lorra esaten zitzaion horri eta artaldea galdu eta berriro osatu nahi zuen artzainari artzain bakoitzak bildots edo arkume bana ematen zion eta horri bildots-lorra esaten zitzaion. Atsolorraren kasuan, auzoko familiek babesa erakutsi nahi izaten zioten haurra izandako familiari eta emakumea joaten zen etxeko ordezkari oparitxoren batekin.

Zure kasuan Ereñotzuko atsolorra da aztertu duzuna, baina ez bakarrik atsolorra baita bataioa, bisitak, elizan sartzea.. igarobide-errituak, azken batean. Zergatik dira hain interesgarri?
Giza talde baten funtzionamenduaren berri ematen digutelako dira interesgarriak. Funtzionamendu hori, gainera, ikuspegi askotatik azter daiteke. Igarobide-errituak, batetik, gizarteari kohesioa ematen dioten elementuak ditugu; Atsolorraren kasuan, esate baterako, oso interesgarria da auzoarekiko dagoen laguntzarako konpromisoa. Beste alde batetik, funtzionamendu hori arau-emailea eta zorrotza da askotan, nahitaez bete beharrekoa; gaur egun huskeria badirudi ere, elizan sartzea edo entratika adibidez, ez zen nolanahiko kontua eta elizak zuen indarra eta kontrolaren berri ematen digu.

Emakumeen bizimoduaren idealizazioa jarri nahi izan duzu kolokan zure esanetan.
Euskal Herrian asko hitz egin da antzinako matriarkatuaz eta sutsuki defendatu ere bai zenbaitetan; baina ikerlariek diotenez, ez dago apenas horri horrela izan zenaren frogarik. Matrilinealtasunaz ere hitz egin izan da eta beste hainbeste esan beharko genuke. Hala ere, horrelako diskurtsoak erdi-barneratuak ditu gizarteak. Horregatik, segur aski, atsolorraz hitz egiten denean, emakumeen bizimoduaren nolabaiteko idealizazioa sumatzen dut. Egia da emakumeen espazioa zela atsolorra, baina hortik hori idealizatzera alde ederra dago. Hain zuzen ere, egindako elkarrizketek oso bestelako errealitatea uzten dute agerian: emakumeek arnasgune gutxi zituzten eta horiek ere gizarte eredu tradizionalak aurretik ezarritakoak. Teresa del Valle antropologoak adierazten duenaren bidetik, aztertu beharko litzateke emakumeei zegokien zeregin hori askatzailea zen edota emakumearen askatasuna mugatzen zuten beste zereginetako bat besterik ez zen.

Emakumeentzat arnasgune zen atsolorra. Zure hitzetan “emakumeek noiznahi ateratzea eta edatea (ia) libre ez zuten garai hartan, transgresioa zen edaten ibiltzea eta ondorengo hainbat kontu barregarri gertatzea”.
Orain kontu arruntak iruditzen zaizkigu horiek, baina duela ez asko horrelako gauzak gaizki ikusiak zeuden. Gure amonek eta ama askok ezagutu dute bizimodu hori. Horregatik, elkarrizketatutako emakume askorentzat etxetik ateratzeko aukera zen atsolorra, arnasgune txiki bat. Askatasun mugatua zen, edonola ere. Eta, gainera, noizean behin, ez baitzen beti gertatzen, emakume batzuek neurria baino gehixeago edaten zuten eta hori eskandalagarria zen garai hartan. Zer esanik ez zenbait emakume ausartek egindakoak: gona altxatuta ibili, gizonezkoak zirikatu, apustuak egin, kontu lizunak esan... Gizonezkoek egin zitzaketenak bekatu ziren emakumeek eginda. Lehengo lepotik burua oraindik ere.

Gipuzkoan hainbat lekutan berreskuratu den erritua da. Zure lana ere hor kokatu behar da?
Gipuzkoatik haragoko gertakaria dugu atsolorra. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan egiten zen Atsolorra eta gehienetan galdu bada ere, zenbaitetan berreskuratu egin dute, oso bestelakoa bada ere. Barandiaranek zioenez, Nafarroa iparraldean ere egiten zen. Kontuan izan behar da tokiaren arabera izena aldatu egiten zela: atsolorreta, atsobesta, bateoa edo andreikustea ere esaten zitzaion. Beste zenbait lekutan, bisitariek eramandakoari (dirua edota janaria) esaten zioten atsolorra. Uste baino zabalduagoa zegoen ohitura da atsolorra.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea