Berriak

Dani Zuazagoitia: "Liburu honek gaur egun gure gizartean arazo larria den hondakinen problematikari erantzun zuzena ematen dio"

Dani Zuazagoitia UPV/EHUko irakasle eta UEUko kidearen gidaritzapean, Joan Marc Simon Zero Waste Europe erakundeko koordinatzailearen Zero Zabor: Nola berpiztu ekonomia Lur planeta txikitu gabe liburua euskaratu eta moldatu du UEUk.

Dani

 

Zaborra bihurtu da gure garaiko ikur
Gaur egungo kontsumo gizarteak etengabe sortzen du zaborra. Ez bakarrik katearen bukaeran; ustiaketa, ekoizpen, salmenta eta erabilpen urratsetan ere bai, eta horri deritzogu produktuaren motxila ekologikoa. Urrats guzti horietan sortzen dira arazoak; kutsadura sortzen da airean (hondakinen esparruan sortzen diren negutegi efektuko gasen ekarpena guztien % 8a da), ura eta lurra kutsatzen ditugu; izan daitezke arazo sozialak ere, langile eta indigenen eskubideak kontutan hartzen ez ditugulako. Herrialde garatuen eredua okerra da, eta garatu nahi duten beste herrialdeak eredu horri jarraitzen diote, tamalez. Euskal Herrian gutako bakoitzak 500 kg zabor sortzen ditu urte batean, eta horietatik % 65a erre edo zabortegietara botatzen da. Erradiografiari ondo erreparatuz gero, hezur asko apurtu ditugu jada.

Zaborrak nor garen eta nola bizi garen esaten digu
Gazteei galdetu zenbat irauten dien sakeleko telefonoak, bataz beste. Erantzuna zera izango da, gutxi gora behera 2 urtetik behin aldatzen dutela aparatua lagun koadrilan. Honen atzean kontsumo eredu lineal jasanezin bat dago: ustiatu, ekoiztu, erosi, erabili, bota. Urrats guzti hauetan gizakia, ingurumena eta ekonomia galtzaile dira. Hondakinak betidanik sortu izan ditu gizakiak, Debako Praileaitz koban bizi ziren arbasoek ere sortu eta kudeatu behar zituzten. Gaur egun, aldiz, mundu mailan biztanleria etengabe hazten doa, eta berarekin batera sortzen dituen hondakinak, hau ingurumen arazoa bihurtu delarik. Gurean ere ez gara libratzen, Euskal Herrian 70ko hamarkadan sortzen genituen hondakin guztiak zabortegian bukatzen zuten, hauetariko asko kontrolik gabekoak. 80ko hamarkadan, aldiz, lehenengo zabortegi kontrolatuak sortu ziren. Urte batzuk geroago hondakinak selektiboki batzen hasi ginen; papera, kartoia eta beira batez ere, ontzi arinak batzeko edukiontzi horia 90ko hamarkadan heldu baitzen. Ordutik gauza asko hobetu dira, baina, hala ere, Euskal Herrian % 40a baino gutxiago birziklatzen dugu oraindik, Europatik ezarri diren helburuetatik urrun. Eusko jaurlaritzak dio urtero 47 milio euro botatzen ditugula zabortegietara. Hau ekidin daiteke, enplegua sortuz (1200 enplegu berde Eusko Jaurlaritzaren aburuz), dirua aurreztuz, eta ingurumena zainduz.

Zero zabor filosofiaren berri eman nahi du liburuak. Zer da zero zabor filosofia?
Zer da Zero zabor filosofia? Natura eta giza baliabideak etengabe ustiatzen ari garen honetan, ezinbestekoa da erabili eta botatzeko egungo eredu lineala birpentsatu eta sistema zirkular bat eraikitzea, toxikorik gabe, gatazka-guneetatik datozkigun baliabideekiko menpekotasunari amaiera eman eta kalitateko eta tokiko lanpostuak sortzeko aukera izateko. Baliabideak xahutzen jarraitzen duen ekonomia bat (izan hondakin modura edo langabezia modura) ezin da, izatez, jasangarria izan. Hondakinak sintoma dira, oker diseinatutako sistemaren seinalea. Zero zabor filosofiak amaiera eman nahi dio horri. "Zero zabor. Nola berpiztu ekonomia Lur planeta txikitu gabe" saiakerak baliabideak kudeatzeko egungo sistemari alternatiba zaion proposamena aurkezten digu. Alternatiba hori egingarria eta positiboa da, eta ikerketa-alorrean egindako aurrerapenak alor teknologiko eta sozialean aplikatuta aurrera begiratzeko aukera ematen digu.

Ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera salto egiteko prest al gaude?
Europar Batasunak bere ildo estrategikoak definitzen ari da, baliabideen eraginkortasun handiko Europa baterantz, eta Ekonomia zirkularreko paketea honen adierazpide da. Baldintzak eta helburuak gogortuko dira, eta hauek bete ezean, atzetik isunak helduko dira. Egoera honen aurrean lanean hasi beharra dago hondakinen kudeaketa egokiago bat bultzatuz. 2013ko martxoan, Europako Parlamentuan hiri-hondakinen kudeaketaren inguruan antolatutako hitzaldi batean, Europako Ingurumen komisarioa zen Janez Potocnik zera baieztatu zuen parlamentari eta industriaren ordezkarien aurrean: "Zero waste might be an Ambitious goal in our highly industrialised societies, but it is the right aspiration" (zero zaborra asmo handiko helburua dela dirudi gure gizarte industrialean, baina hori da lortu behar duguna).

Ekonomia zirkularrerako paketeak neurri ezberdinak proposatzen ditu. Ekoizpen prozesuan ekodiseinua sustatu, zaharkitze programatuaren kontrako politikak, prebentzioa sustatu (kuantitatiboan eta kualitatiboan ere, gero ingurumen kutsatzaileak izango diren mikro-plastiko eta konposatu emergenteak ekidinez); hondakinen kudeaketan, berrikuntza eta inbertsioa sustatuko ditu, plastikoak industriaren erronka zehatzak proposatu, itsas hondakinen arazoari aurre egin, eta, gainera, janari-hondakinen arazoari adarretatik heldu. Beste batzuen artean Batzordeak honako neurri zehatzak proposatu ditu: 2030ean udal hondakinen % 65a birziklatzea, 2030ean ontzi-arinen % 75a birziklatzea eta 2030ean hondakin guztien % 10a baino gutxiago zabortegietara heltzea.

2006az geroztik Joan Marc Simonek bisitakoak biltzen ditu liburuak. Zer da bidean aurkitutakoa?
Idazleak bere txikitako oroitzapenak erabiltzen ditu hondakinen problematika barruan sakontzeko. Horrela hasten da liburua bera: "Oroitzen dut Badator kakaren kamioia oihukatzen genuela txikitan, gure seigarren pisuko jangelatik kaletik zetorkigun kiratsa sumatzen genuenean. Balkoira irten eta kamioitzar batek bizilagun guztien poltsa beltzak auskalo nora eramaten zituen ikusten genuen. Ulergaitza badirudi ere, haurrok harrigarriki liluraturik jarraitzen genuen zeremonia hura. Azken batean, kakaren kamioia txikitako munstro moduko bat zen guretzat, ezberdintasun nagusia zen haurrak berarekin eraman beharrean zaku beltzak eramaten zituela". Bide honetatik gaurdaino, gauzak aldatu dira. Gaur egun Joan Marc Simon-ek Bruselasen egiten du lan, Zero Waste Europe erakundeko zuzendaria da. Emandako hitzaldiek eta egindako bidaiek (Italia, Fipilinak..) egoera ezberdinak eta esperientzia arrakastatsuak ikusteko parada eman diote. "Zer dela eta Flandrian hondakinen % 80a baino gehiago batzen da selektiboki, eta Katalunian aldiz % 40 baino gutxiago?" galdetzen dio bere buruari. Galdera berari erantzuten dio liburuaren 3. Kapituluak, kasu honetan Euskal Herrirako.

Euskal Herriko egungo hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren egoera islatzeko asmoz moldatu duzue 3. kapitulua. Zer aurkituko dugu bertan?
Euskal Herriko egoera berezia da benetan. Orografiari dagokionez ez dugu leku askorik hondakinak isurtzeko. Gainera, Europak aurki zabortegi berriak zabaltzea debekatuko du. Hortaz nora bidali gure zaborrak? Europako hierarkian batzuk azken aurreko urratsa lehenestu dute, hondakinak erre erraustegian. Beste batzuk aldiz hierarkia horretan hobetsiak diren tratamenduen aldeko apustua egin dute: birziklatu, berrerabili edo prebenitu. Aditu ezberdinek parte hartu dute kapitulu hau idazterakoan. Herrialdez herrialde egungo egoera eta etorkizuneko errokak azaltzen dituzte bertan. Jakina denez Gipuzkoan norabide honetan hainbat aurrerapauso eman dira, baina baita Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere, naiz eta ezezagunagoak izan. Hala ere, ekimen pozgarri askoren atzean, oraindik zarama piloa metatzen dugu erraustegian edo zabortegietan. Ipar Euskal Herriko egoera ere aipatzen da, zenbait eskualdetan zaborren problematikari gogoz heldu diote.

Nondik sortu da liburua moldatzeko ideia? Zein helbururekin?
Liburu honek gaur egun gure gizartean arazo larria den hondakinen problematikari erantzun zuzena ematen dio; alternatibak badaudela mahai gaineratzen du. Gainera, erantzun hori ikuspuntu ezberdinetatik jorratzen du; ekonomikotik, teknikotik zein ingurumenaren aldetik. Guztioi eragiten digun arazo hau, ezin dugu alfonbra azpian ezkutatu, ausardiaz heldu behar zaio. Liburu honen itzulpena helburu batekin egin da: maila akademiko zein eskoletan, maila pertsonalean zein enpresan, auzo lankidetzan zein familian, hondakinen arazoaz jabetzeko, hausnartzeko eta ekintzara pasatzeko euskarazko gida liburu paregabe bat zabaltzea gure artean.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea