Berriak

Asier Larrinaga: “Telebista lehen lerroko eragilea da euskararen lantze funtzionalean”

“Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra” izeneko liburua argitaratu dute UEUk eta UPV/EHUk koedizioan. Asier Larrinaga Larrazabal EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak hedabideen normalizazio-eginkizunari buruzko oinarri teorikoetatik abiatuta, euskara biziberritzeko prozesuaren ikuspegi orokorra eskaintzen du bertan; eta horren barruan, Euskal Telebistak orain arte izan dituen betekizunei buruzko datuak biltzen dira.

 

 

“Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan” doktorego-tesia dago liburuaren oinarrian. ETBk euskararen normalizazioan izan duen eginkizuna aztertzea izan da zure helburua. Zerk eraman zaitu lan horretara?
Euskal Telebistan, 1991n hasi nintzen, hizkuntzalari modura, eta berehala konturatu nintzen ETB normalizazio-eragile garrantzitsua zela. Niretzat, eta hiztun gehien-gehienentzat, agerikoa zen telebistak zeregin garrantzitsua betetzen zuela hitz eta egitura berriak sortuz eta moldatuz informazioak egunero ekartzen zituen ideia eta kontzeptu berriak adierazteko. Modu teknikoagoan esanda, telebista lehen lerroko eragilea zen —eta oraindino ere bada— euskararen lantze funtzionalean. Ez zen hori guztia. Nire lanean esperientzia irabazi ahala, eta gure enpresaren jarduera hobeto ezagutu ahala, ETBk euskararen normalizazioan betetzen zuen eginkizunaren beste alderdi batzuk ezagutuz joan nintzen eta, haien garrantziaz ohartu nintzenean, lan hori guztia agerira atera behar zela pentsatu nuen.

Eta hor liburu hau non kokatu beharko genuke?
Hainbat urtetan, artikuluak idatzi nituen ETBk euskararen arloan egiten zuen lanari buruz. Horretan zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta erakargarriago egiten zitzaidan eta, azkenean, iruditu zitzaidan doktoretza-tesia egitea zela gaiaz ikertzeko eta pentsatzeko modurik egokiena. Tesia 2019ko maiatzean defendatu nuen eta, epaimahaikoen eta nire tesi-zuzendarien hitzek animatuta, liburu gisa argitaratzea pentsatu nuen. Euskararen normalizazioari buruzko interesa dutenentzat, galdu ezineko testua delakoan nago. Alde batetik, euskararen normalizazioaren historia biltzen du, berrikuspen osoa eginez erakundeek eta euskalgintzak euskara suspertzeko egin duten bidean bereiz daitezkeen aldiei, zehaztu diren politikei eta aurrera eraman diren ekimenei. Beste alde batetik, berrikuspen horretan, arreta berezia ipintzen du hedabide batek, ETBk, normalizazioan izan duen rolean, zeina baita ikergai berria.

Ikergai nahiko berria dela diozu hedabideek hizkuntzaren normalizazioan duten betekizunarena...
Hizkuntza gutxituen sustapenaz interesatu diren ikertzaileek ez dute arretarik ipini hedabideen rolean, eta arreta ipini dutenek ez diete hedabideei oso baliagarri iritzi hizkuntzaren normalizaziorako. Esate baterako, Fishman –euskara normalizatzeko plangintzetan funtsezko erreferentzia den ikertzailea– 2001ean «hedabideen fetitxea» aipatzera heldu zen, horren bidez adieraziz beraren ustez errakuntza zela hizkuntza gutxituak sustatzeko plangintzetan telebistari hainbesteko garrantzia ematea. Gogoan izan behar da ordurako bide luzea egina zutela Euskal Telebistak, Kataluniako TV3k eta Galesko S4Ck, besteak beste. Kontraesan nabarmena zegoen, beraz, ikertzaileek lantzen zituzten teorien eta normalizazio-eragileek bultzatzen zituzten proiektuen artean. 2010eko hamarkadara arte, ez dira ildo teoriko berriak urratu hedabideek hizkuntza gutxituen sustapenean betetzen duten eginkizuna argitzeko. Nire tesia ildo berri horietatik dator.

Neurri handi batean norberak egindako lana aztertzea ez da erraza izango...
Tesian jasotzen ditudan ETBren ekimen, jarduera eta dokumentu askotan, parte-hartze zuzena izan dut. Lehen eskuko ezagutzak zeharo erraztu dit erreferentzien bilketa, baina eragozpena ere izan da, objektibotasun-saiakera egin behar izan dudalako idatzi dudan lerro bakoitzean, testua nire pozekin, frustrazioekin, etsipenekin edo lorpenekin ez kutsatzeko. Objektibotasun-saiakera hori egiten, asko lagundu didate nire tesi-zuzendariek, Igone Zabalak eta Agurtzane Elorduik.

Hainbat erronka izan ditu ETBk, tartean euskara batua ahozko erabilerara egokitzea. Zein oztopo, arazo izan dira bidean? Zein lorpen?
Oztopo handienetako bat denbora da. Telebistan, erlojuak agintzen du eta, sarritan, gauzak ezin daitezke egin denok nahiko genukeen bezala. Telebistako gauzarik onena, berriz, pertsonak dira. ETBn —EiTB osoan— aurkitu ditudan lankideek gure enpresa lantoki abegikor, interesgarri eta aberasgarri egiten dute egunero. Haiekin lanean, oso lorpen interesgarriak izan ditugu euskararen arloan. Bat aipatzekotan, euskarazkoak ez diren adierazpenak euskarazko albistegietan txertatzeko jarraibideak aipatuko nituzke. Dokumentu eredugarria da. Zoritxarrez, esan bezala, erlojua aurka dugu, eta, adibidez, 2020ko urtarrilaren 2an ERCren Kontseilu Nazionalak Sanchezen inbestiduran abstentzioa emateko erabakia 19:55ean jakinarazi zuenean ETB1eko 20:00etako albistegian katalan errepublikanoen adierazpenak euren gordinean eman ziren, itzulpenik gabe eta azpidatzirik gabe.

Ateratako ondorioetatik zer azpimarratu nahiko zenuke?
Nire tesiaren ondorio nagusia da Euskal Telebistak oso eginkizun garrantzitsuak bete dituela eta oraindino ere betetzen dituela euskararen normalizazioaren alderdi guztietan, hau da, estatusean, corpusean eta jabekuntzan.

Adibideren bat eskaintzeagatik, euskara baturako eman den ahoskera-araua ETBk —Euskadi Irratiarekin batera— landu duen ereduan oinarrituta dago. Corpusaren arloan jarraituta, euskararen erregistro informatiboa Euskal Telebistan sortu da —Euskadi Irratiarekin eskuz esku—.

Estatusaz ari bagara, ETBk erakutsi du euskarak informatzeko, formatzeko eta entretenitzeko balio duela eta, hortaz, prestigioa eman dio euskaldunen hizkuntzari. Euskal Telebista barik, gainera, oso desberdina izango litzateke euskarazko komunikazioaren panorama. Ziurrenik, Euskal Herrian gaur egun ez litzateke existituko ikus-entzunezko industriarik, eta ingurune digitala —eitb.eus barik, EiTB Nahieran barik, Hiru3, Gaztea eta Go!azen appak barik— eremu nahiko arrotza izango litzateke euskararentzat.

Jabekuntzari dagokionez, guztion gogoan daude "Bai horixe", "Kerman mintzalagun bila" edo "Mihiluze". Saio horien garrantzia gutxietsi barik, azpimarratzekoa da ETB berebiziko eskola eta lantokia dela komunikatzaile euskaldunentzat eta, beste arlo batzuetako profesionalentzat, beraien euskara garatzeko eta hobetzeko suspergarri bat dela ETBn lan egiteko zein ETBren saioetan parte hartzeko aukera.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea