Berriak

Maria Ruiz: "Espetxealdia emakumeentzat erabat sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea izanda ere, egon badaude erresistentzia-praktikak"

Nondik sortu zitzaizun liburu honetarako ideia? Liburua nire doktore-tesiaren bertsio berridatzi eta zuzendua da. Izan ere, behin doktore-tesia amaituta, aukera interesgarria iruditu zitzaidan liburu bezala argitaratzea, ikerketaren ondorioak gizarteratzeko eta zabaltzeko. Doktore-tesiaren ikergairako ideiari dagokionez, aurretik taldean egindako ikerlan bat aipatu behar dut: Mujeres ex-presas: vulnerabilidad y autonomía (2012). 2011. urtean talde-ikerketa horretan parte hartu nuen, Miren Arbelaitz, Edurne Bengoetxea, Alma Méijome eta Laura Vararekin batera. Ikerketa horren helburu nagusia honakoa zen: preso egondako emakumeek, kartzelan egon izanaren ondorioz, zer-nolako zailtasunak eta arazoak zituzten ezagutzea. Baina, gehienetan gertatu bezala, ikerketa horrek galdera eta ikerketa-lerro berriak mahai-gaineratu zituen, eta, horietako batzuetatik tira eginez, doktore-tesirako ikergaia zehaztu nuen.

Zergatik da garrantzitsua genero-azterketa kontuan izatea espetxe sistema ezagutzeko? Nire ikuspuntuaren arabera, genero-azterketarik gabe ezinezkoa da espetxe-sistema behar den bezala ezagutzea. Alde batetik, genero-eredu hegemonikoen ondorioz, emakumeek eta gizonek ezberdin bizi dute giltzaperatzea edo giltzaperatzearen zenbait alderdi, behintzat; eta, bestetik, emakume presoentzat kartzela-sistema erabat sexista eta diskriminatzailea da. Izan ere, espetxe-sistema guztiz androzentrikoa da, gizonezkoentzat pentsatu eta diseinatua. Horrek ondorio negatibo aipagarriak ditu emakumeen kasuan.Esate baterako, gizartearen zati handi batentzat, emakumeen transgresioek hutsegite larriagoa ekartzen dute, lege penalak hausteaz gain, arau sozialak ere urratu dituztelakoan. Imajinario kolektiboaren arabera, preso dauden emakumeek mandatu sozialak hautsi dituzte emakume bati ez dagokion portaera erakutsita. Genero-eredu nagusiei jarraiki, emakumeek otzanak, esanekoak eta errespetutsuak izan behar dute, beraien familien zaintzaileak eta babesleak izatearekin batera; txintxoak izan behar dute, arau guztiak bete eta arriskuak saihestu. Delitu-ekintzak zein espetxeak gizonekin eta maskulinitatearekin lotu ohi direnez, pentsatzen da egiazko emakumeek ez dutela arau-hausterik egiten. Horrenbestez, emakume delitugile eta presoak nolabaiteko antiemakume bilakatzen dira jende askorentzat. Hala, estigmatizatze izugarria bizi dute; ez delitugile edota preso bezala soilik, emakume delitugile eta preso gisa baizik, horrek ekartzen dituen berezitasunekin.

Emakumeek eta gizonek giltzaperatzea desberdin bizi dutela aipatzen duzu. Zergatik? Autore askok esaten dute, emakume presoen kasuan, nolabaiteko zigor hirukoitza dagoela: soziala, pertsonala eta espetxekoa. Zigor soziala aipatu berri ditudan alderdiekin lotuta dago, hau da, emakumeek bizi duten gizarte-gaitzespen eta estigmatizatzearekin. Zigor pertsonala, berriz, genero-sozializazioarekin erlazionatuta dago. Kartzelan ezin dituzte bete emakumeei egotzitako rolak: senideengandik urrun daude, ezin dira euren zaintzaileak eta babesleak izan Askotan zama sentitzen dira edota familiari kale egin diotela pentsatzen dute. Emakume presoek, gehienon moduan, genero-eredu hegemonikoak barneratu dituzte, eta, ondorioz, emakumeei egotzitako rolak ez betetzeak erruduntasun-sentimendu handia sortzen die askori. Batzuk ama, alaba, amona eskas sentitzen dira. Espetxe-zigorrak, azkenik, emakume presoek kartzelan jasaten dituzten genero-diskriminazio eta desberdinkeriak adierazten ditu.

Espetxean genero-rol tradizionalak zein hierarkikoak indartu egiten direla esaten duzu. Zertan antzematen da hori? Espetxeetako egunerokotasuna genero-diskriminazioz eta desberdinkeriaz josita dago emakume presoentzat. Egitate horiek aztertuta, agerikoa da kartzela-sistemak genero-rol tradizionalak eta genero-harreman hierarkikoak sendotzen dituela. Esate baterako, emakume atxiloentzat presondegi gutxiago daude, eta horrek dispertsio geografiko nahiz deserrotze handiagoa esan nahi du; bizigarritasun-baldintza okerragoak dituzte, espetxe-zuzendaritzek espazio txiki eta eskasenetan kokatu ohi dituztelako; espazio, jarduera eta enplegu askotan egoteko oztopoak dituzte, espetxe-zuzendaritzek gizonei ematen dietelako lehentasuna; oraindik ere, emakume presoei eskainitako jardueretako asko euren feminizatzearekin eta etxekotzearekin lotuta daude (ile-apainketa, estetika, joskintza); enplegua izanez gero, soldata baxuagoak jaso ohi dituzte, okerren ordaindutako lanetan aritzen direlako oro har; maizago eta zorrotzago zigortu ohi zaie, diziplina eta otzantasun handiagoa exijitzen zaielako; kontrol handiagoa bizi dute, eta mugimendu-askatasun gutxiago dute; euren osasun-egoera okerragoa da, eta psikofarmako gehiago ematen zaizkie (lasaigarriak, bereziki); kanpo-erlazioen galera eta haustura handiagoa bizi dute; etab. Bistakoa da, esan bezala, kartzela-sistemak emakumeen desabantaila-egoera gehiagotzen duela, are eta zaurgarriago eginez.

Emakume horien bizipenak bildu dituzu. Nolakoa izan da esperientzia hori? Zerk eman dizu atentzioa?Niretzat ikaskuntza-prozesu sakona izan da, emakume presoen gaia aztertzen hasi nintzenean ez nekielako ia ezer ez beraien bizipen eta arazoen inguruan, ez espetxe-sistemaren inguruan. Ikerketa-prozesuan zehar nire estereotipo eta aurrejuzguei aurre egin behar izan diet, eta hori benetan aberasgarria izan da. Orain bestelako begirada daukat, bestelako kontzientzia.Atentzioa gehien eman didana izan da emakume batzuek espetxealdiaren balorazio positiboa egitea. Ia emakume preso guztiek balorazio negatiboa egiten dute, inoiz izandako esperientzia okerrena edo okerrenetarikoa izan dela adierazten baitute. Zinez samingarria, gogorra bezain suntsitzailea, buruhausteak eta atsekabeak besterik ez dizkiela eman azaltzen dute gehienek. Baina, ohikoena ez izan arren, badaude balorazio gutxi-asko positiboa egiten duten baten batzuk. Horien bizipena behar bezala ulertzeko, beharrezkoa da ondo azpimarratzea positiboki baloratzen dutena euren esperientzia propioa dela, eta ez kartzela-sistema bera. Sartu zirena baino hobeto atera direla baloratzen dute, beraien bizimodua zentzuren batean edo bestean ondu dutela. Baina ez dute kartzelaldiaren mingostasuna ukatzen eta jakin badakite emakume gehienentzat kalterako dela. Oro har, aldeko iritzia duten emakumeen artean hiru kasu bereiz daitezke: espetxean kalean baino arrisku gutxiago edo segurtasun gehiago duten emakumeena (etxegabeak diren, muturreko pobrezia bizi duten edo indarkeria pairatzen duten emakumeak izan ohi dira), kartzelaldian drogak hartzeari utzi diotenena eta, norberarentzako denbora eta espazioa topatuta, egoerari onura atera diotela uste dutenena. Edozein kasutan, jadanik esan bezala, emakume preso ia guztiek balorazio negatiboa egiten dute; bizitzan asko galduarazi dienaz eta sartu zirena baino eskasago atera direnaz kexu dira, amesgaiztoa, infernua edota amaierarik gabeko zuloa izan dela baieztatuta.

Zein da atera duzun ondorio nagusia? Nire ustez, ondoriorik garrantzitsuena izan da, espetxealdia emakumeentzat erabat sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea izanda ere, egon badaudela emakume presoek sortu eta gauzatutako erresistentzia-praktikak. Euren egunerokotasunean, emakume atxiloak itxialdiak eragindako zailtasun eta mugak gainditzen saiatzen dira, kartzelaren ondorioak neutralizatzeko eta arintzeko. Horrek haien agentzia askotarikoa azaleratzen du. Esate baterako, emakumeek espetxean garatutako erresistentzia-praktika moduan uler ditzakegu euren arteko elkartasun- eta babes-sareak, espetxean hasitako harreman afektibo-sexualak, denboraren astuntasuna gainditzeko denbora-pasak eta jarduera entretenigarriak, barrua arintzeko adierazpen-moduak eta sormena, etab.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea