Berriak

Amaia Muñoz: "Garrantzitsua da gizarteak iktusa identifikatzen ikastea"

“Iktusa. Aro berri bat” liburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. Maite Martinez Zabaleta eta Amaia Muñoz Lopetegi neurologoek landu dute. Muñozen esanetan “gaiaren inguruko literatura anitza da gazteleraz eta, noski, ingelesez ere bai. Euskaraz, ordea, zailagoa da era honetako idatziak aurkitzea”.

“Iktusa. Aro berri bat” diozue. Zerk ezaugarritzen du aro berria?
Azken mende laurdenean iraultza gertatu da iktusaren tratamenduan. Iktus iskemikoa edo garuneko infartua odolbildu batek garunaren zati baten odoleztatzea oztopatzen duenean gertatzen da. Odolik jasotzen ez duten neuronek haien funtzioa galtzen dute, iktusaren sintomak agertuz. Lehenengo orduetan, baina, neurona horiek berriz ere odola jasotzen badute posible da galdutako funtzioak berreskuratzea. Lehenago, ez zegoen odoleztatze hori berrezartzeko aukerarik eta, hortaz, zorte kontua zen, nolabait esatearren, iktusak arrasto fisiko edo kognitiboak uztea edo ez. Gaur egun, tratamendu eta teknika ezberdinak balia ditzakegu odolbildua desegin edo erauzteko. Hori bai, lehenengo orduetan bakarrik dira eraginkorrak eta honek erabat aldatu du iktusaren maneiua azken urteotan. Esku hartzeko aukera dugu, baina denbora mugatuta dago. Hau dela eta, premia biziko larrialdia da gaur egun eta osasun-arretan zirkuitu bereiziak sortu dira pazienteak denborarik galdu gabe hel daitezen ospitalera eta tratamendua jasotzera.

Azpimarratu duzuen moduan Iktusa arazo garrantzitsuenetako bat da osasungintzan zein gizartean. Zerk egiten du horren garrantzitsu?
Bi alor azpimarratuko nituzke: maiztasuna eta larritasuna. Alde batetik, intzidentzia edo maiztasun handiko gaitza da. Ia denok dugu geure inguruan iktusa pairatu duen ezagunen bat. Gizartea zahartzearekin batera, gainera, joera goranzkoa da. Bestetik, ondorio latzak ditu iktusak, ez soilik heriotza-arriskuagatik, eragin dezakeen ezintasunagatik ere bai. Estatuan 100.000 kasu gertatzen dira urtero, 150-250 bat 100.000 biztanleko. Bigarren heriotza kausa da, lehenengoa emakumezkoetan; eta lehenengo ezintasun kausa da sexu bietan. Horrekin guztiarekin lotuta eta alderdi sozio-ekonomikoari ere begira, baliabide ugariren kontsumoa dakarren gaixotasuna da (larrialdiko arreta espezializatua, tratamendu bereziak, ospitaleko egonaldi luzeak, errehabilitazioa, ezintasun egoeretarako gizarte-laguntzak, laneko bajak edo ezintasun iraunkorrak, eta abar.).

Zer jakin beharko genuke denok iktusaren inguruan?
Garrantzitsua da gizarteak iktusa identifikatzen ikastea. Bat-batean agertzen den garuneko funtzio baten galerak iktusa ekarri beharko liguke burura berehala (ezker besorantz doan bularreko minak bihotzeko infartua dakarkigun modu berean). Garunaren funtzioak anitzak dira, baina sintoma ohikoenak eta edonork identifika ditzakeenak honakoak dira: beso edo hankaren indar edo sentikortasun galera (batez ere alde bereko beso eta hanka badira), hitz egiteko zailtasuna edo ezintasuna eta ahoa edo irribarrea okertzea. Sentsibilizazio kanpainetan maiz entzuten dira jarraibide hauek: Lehenengo eskatu pertsonari aldi berean beso biak altxatzeko eta aztertu bietako bat lehenago erortzen den (eta gauza bera hankekin, eserita edo etzanda); bigarrenik eskatu irribarre egiteko edo hortzak erakusteko eta aztertu asimetriarik baden; eta azkenik eskatu objekturen bat izendatzeko (boligrafo bat, erloju bat...) eta aztertu erantzuna zuzena den. Asalduraren bat detektatuz gero, berehala eman behar da abisua, 112-ra deituz. Ohikoak diren beste sintoma batzuk bat-bateko ikusmen asaldura, zenbait bertigo mota edo ibiltzeko ezegonkortasuna dira. Azpimarratu nahi nuke edozein adinetan gerta daitekeela iktusa, ez soilik zahartzaroan.

Aipatu duzun moduan sintomak bat-batean agertzen dira
Segundo batetik bestera, normal dagoen pertsona ez da gai gorputzaren erdialde bat mugitzeko; txindurritu egiten zaizkio alde bateko gorputz-adarrak edo aurpegiaren erdia; ezin du nahi duena esan edo zentzurik gabeko hitzak edo esaldiak esaten ditu, eta abar. Berehalakotasun hori oso bereizgarria da.

Eta aipatu dugun moduan denbora garrantzitsua da
Mezu garbi bat luzatzearren, denbora garuna da. Hasieran aipatu bezala, garuneko odol fluxua oztopatzen duen odolbildua desagertzen bada (edo desagerrarazten badugu, tratamendu bidez), sintomak ere berreskuratu daitezke. Itzulgarritasun honek, ordea, denbora-muga bat du. Egoera normalean, odolaren bidez oxigenoa eta elikagaiak heltzen dira neuronetara. Odol-emaria falta dutenean, neuronek haien funtzioa eteten dute lehenik, nolabait energia aurreztuz. Baina oxigeno eta elikagaiak itzultzen badira, berpiztu egin daiteke haien funtzioa. Odol falta denboran luzatzen bada, ordea, neuronak hil egiten dira eta haien funtzioa berreskuraezin bihurtzen da. Neuronen heriotza (edo nekrosia) sintomak ezarri eta lehenengo sei orduetan gertatzen dela estimatzen da. Dena den, pertsonaren eta kaltetutako garun-eremuaren arabera, lehenago ere gerta daiteke. Horretxegatik, zenbat eta lehenago berrezarri odol-fluxua, orduan eta gehiago izango dira berreskura daitezkeen neuronak eta gutxiago iktusak utziko dituen arrastoak. Garrantzitsua da lehenbailehen heltzea ospitalera, sintomak pasako ote diren itxaron gabe.

Prebentziorako zer hartu beharko litzateke kontuan?
Iktusa gaixotasun kardiobaskularren multzoan sailkatzen da eta zenbait arrisku faktorerekin erlazionatzen da. Nagusiena adina da, baina aldaezina den faktorea da hau. Prebentzio alorrean garrantzizkoena, ordea, aldagarriak diren faktoreen gain ekitea da (pertsona bakoitzaren esku daudenak). Hauen artean hipertentsioa, tabakoa, diabetea, kolesterol altua, obesitatea eta ariketa fisiko eza dira arriskua gehien handitzen dutenak. Horretaz gainera, iktus asko bihotzeko asalduren ondorio dira, batez ere bihotzeko arritmia jakin batzuen ondorio. Kasu hauetan, prebentzio neurri espezifikoagoak dauzkagu, odolbilduen garapena eragozten duten medikamentuak erabiliz, besteak beste.

Liburuan zer da zehatz-mehatz landu nahi izan duzuena? Zein helbururekin?
Liburuaren xedea iktusaren inguruko euskal testu bat sortzea izan da batik bat, oinarrizko ezagutzak eta azken aurrerapenak, biak ala biak, biltzen dituena. Gaiaren inguruko literatura anitza da gazteleraz eta, noski, ingelesez ere bai. Euskaraz, ordea, zailagoa da era honetako idatziak aurkitzea. Edukia, esan beharra dago, nahiko teknikoa da eta unibertsitateko ikasleei edo osasun arloko langileei legoke zuzendua batez ere. Dena den, ulerterraza eta praktikoa izan dadin bilatu dugu eta nahiko oinarritik lantzen dira kontzeptuak.


 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea